Rodriguezek gidatuko du Sortu

Iruñean egindako konferentzia politikoan %94ko babesa jaso du. «Bigarren fronte independentista» irekitzea izango du erronka

Rodriguez eta Otegi, atzo, Iruñean Refena erakustazokan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Arkaitz Rodriguezek Arnaldo Otegiren lekukoa hartu du. Atzo Sortuk konferentzia politikoa egin zuen Iruñeko Refena erakustazokan eta idazkari nagusi izendatu zuten Rodriguez: aldeko 206 boto jaso zituen, ezezko bat, zazpi boto zuri eta 19 abstentzio. Ekainean EH Bilduko koordinatzaile nagusi izendatu zuten Otegi, eta, horregatik ,Sortuko idazkari nagusi izateari utzi zion. Emaitza ezagutu ostean, haren lehen besarkada beroa jaso zuen atzo Rodriguezek. Hitza hartu eta berehala, «ohore handi bat» dela nabarmendu zuen idazkari nagusi izendatu berriak.

Ezinbestean, Kataluniara begira jarri zen. Euskal preso eta iheslari guztiei agur beroa egin ostean, Kataluniako herriari «bihotz-bihotzez» egin zion bigarren agurra eta estelada jarri zuen harmaila aurrean. Konferentzia politikora bildutakoek txaloka hartu zuten keinua, eta independentzia oihukatu zuten ozen. «Mila esker, ematen ari zareten duintasun lezioagatik. Mila esker, lasai eta irmo aurre egiten ari zaretelako espainiar faxismoari. Mila esker, posible dela erakusteagatik». Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzak gogora ekarriz elkartasuna adierazi zuen: «Gu beti Kataluniarekin».

Egun gogorrak datozela azpimarratu zuen. Konferentzia politikoa egiten ari ziren bitartean zabaldu zen Espainiako Gobernuak Mossoen kontrola hartzeko agindu zuela. Hurrengo egunetan neurri gogor gehiago etor daitezkeela iragarri zuen Rodriguezek; komunikabideen kontrola hartu dezaketela eta komunikabide horietako zein gizarte mugimenduetako arduradunen atxiloketak agindu ditzaketela ohartarazi zuen. Carles Puigdemont Generalitateko presidentearena ere ez zuen baztertu. Espainiako Gobernuaren jarreraren aurrean, galdera zuzena egin zion EAJri: «Hau al da aldebikotasuna?».

Une historiko berezia

Sortuko idazkari nagusiaren arabera, egungoa «historia azkartzen den» une berezi horietako bat da. «Historian badira hamarkadak non badirudien ez dela deus gertatzen, baina badira une bereziak non egun gutxiren buruan ematen duen hamarkada osoak pasatu direla. Horietako momentu baten aurrean gaude», esan zuen oraingo egoeraren garrantzia azpimarratu nahirik. Bere ustez, Kataluniako prozesu subiranistak balio izan du 1978koerregimenaren gabezia guztiak herritarren begien aurrean biluzarazteko. «Francok ondo lotua utzi zuen hori askatzen ari da».

Rodriguezen arabera, ezker abertzaleak funtsezko ekarpena egin du 40 urtez, ia bakarrik 78ko erregimenaren hausturaren banderari eutsi baitio. «Estrategia aldaketak ere balio izan du, eta hori gabe ez zen posible izango hau guztia. Gaur Gabriel Rufianek [ERCko diputatua] eta ez Jon Idigorasek aurpegira esaten dio Rajoy frankistari atera ditzala bere esku zikinak herrialdetik».Horregatik, haren irudiko, irakurketa hori gogorarazi behar zaie ezker abertzalearen porrotaren kontakizuna egin nahi duten guztiei: «Hori da ezker abertzalearen garaipen politikoa, 78ko erregimenaren hondamendi eta eraispenean bere ekarpena egitea».

Bigarren fronte independentista irekitzea du orain erronka Sortuk, «hori baita kataluniarrei elkartasuna adierazteko modurik hoberena. Haiek handik eta guk hemendik tira eginez gero lehenago eroriko da». Rodriguezen esanetan, azken urteetan txakalaldia izan du ezker abertzaleak, baina orain indarra hartzen ari da. Gaineratu du bide horri ekiteko ez dagoela inoren zain geratu beharrik. Gehiengo sindikala eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu zabala indar handia dira fronte zabala eraikitzeko, eta hori guztia egituratzeko erronka du Sortuk.

Argi esan die erregimenaren erreforma planteatzen dutenei bestelako harreman eredu bat nahi dutela. «Tentazioa izan dezakete erreformaren erreforma egiteko, eta guk ozen diogu: Ez dugu onartuko Espainiako estatura egokitzeko eredurik, baldin eta eredu hori ez bada parez parekoa. Espainia estatu bada, Euskal Herriak ere bere estatua eraiki nahi du». Horretarako gehiengo subiranista bat eraiki behar dela deritzo: «Edo estatua behartzen dugu bere burua demokratizatzera edo independentziarako ibilbidea Kataluniak bezalaxe alde bakarretik egingo dugu. Edo eskaintzen da bide demokratikoa independentziarantz edo guk eraikiko dugu bide independentista demokraziarantz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.