GALDERA GUTXIKO ARMA SALTZAILEA

Armen eta armadetarako materialen salmenta gero eta negozio handiagoa da Txinarentzat: 2013-2017 epean aurreko bosturtekoan baino %38 handiagoak izan ziren. Denetarik saltzen du, ehiza hegazkinetatik hasi eta balentzako atorretara arte. Baina ez du kontrolatzen nori saltzen dizkion.

GALDERA GUTXIKO ARMA SALTZAILEA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ahal duen alor guztietan munduko potentzia izateko laster- keta bizian dabil Txina. Biztanle gehien duen herrialdea da, gehien esportatzen duena, ekonomia handienetan bigarrena, auto elektriko gehien erosten duena... Lehia horretan beste podium bat bilatzen ari da, agian ez hain ohoretsua: munduan armak eta gerrarako bestelako materiala gehien esportatzen dutenen artean bosgarrena da dagoeneko, baina aukera handiak ditu urtea hirugarren bukatzeko.

SIPRI International Peace Research Instituteren azken txostenaren arabera, 2013-2017an munduko arma esportazioen %5,7 egin zituen Txinak. Aurretik ditu Alemania (%5,8) eta Frantzia (%6,7), baina, erreferentziazko urteak aldatuz gero, haien aurretik ere egon izan da Txina, eta Pekingo prentsa ofizialak ere hirugarren lekuan jartzen du.

Sailkapenak gorabehera, argi dago Txinak gero eta zeresan handiagoa duela gerrarako materialen sorreran eta salmentan. Horrela, 2013-2017 bosturtekoan %38 handitu ziren Txinaren esportazio militarrak; Israelenak baizik ez ziren gehiago hazi(%55), baina estatu juduak merkatu txikiagoa du, %2,9.

Arma industria garatzen

Arma erosle handia da Txina, munduko laugarrena, baina beheranzko joera garbia dute haren erosketek —%19 txikitu dira 2013az geroztik—. «Argi eta garbi dago Txinak ezin duela bere botere militarra handitu arma industria propio bat garatu gabe. Besteak beste, Tiananmen plazako sarraskiak eragindako nazioarteko zigorrek armada bakartu zutelako», azaldu du Shanghaiko Fudan Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakasle batek—Li abizena soilik eman du, segurtasun kontuengatik—.

«Garapen hori ikusi da J-20 eta J-31 gerra hegazkinetan, garraiorako Y-20an, munduko hegazkin anfibio handienean (AG-600), eta eraiki berri duen hegazkinontzian. Baliteke Txinaren teknologia ez izatea oraindik AEBetakoaren pare, baina nahikoa eta sobera da negozioak egiteko men- debaldeko potentzien orbitan ez dauden herrialdeekin», ziurtatu du Lik. 2016an, 2.100 milioi dolarreko arma salmentak egin zituen Txinan.

Gaizkiaren Ardatza

SIPRIren txostenaren arabera, 2013tik aurrera Txinak 48 herrialderi saldu dizkie armak. Zerrenda horretan azaltzen dira AEBek Gaizkiaren Ardatz gisa sailkatutakoak —Venezuela eta Iran—, baina gehienak hortik kanpo dauden hiru lekutara joan dira: Pakistanera —hornitzaile nagusia du Txina—, Bangladeshera eta Myanmarrera. Afrikarrak ere animatzen ari dira, %55 handitu baitira kontinente horretako herrialdeei saldutako Txinako armak.

Gobernuek, batez ere, halakoak erosi dituzte: J-10 ehiza hegazkinak, 99 modeloko tankeak, Yuan urpekoak, dronak eta mota gero eta gehiagoko misilak. Jaurtigaiak, arma arinak, munizioak eta halakoak ere gero eta gehiago dira.

Txinaren arma salmentak, motibazioak eta ondorioak liburuan, Daniel Bymanek eta Roger Cliffek diote arma salmentaren helburu nagusia ez dela ekonomikoa. «Arrazoi nagusia ez da dirua egitea, baizik eta Txinaren atzerri politikari laguntzea». Munduko potentzia handienetan bigarrenaren xede garbia da eragin politikoa izatea nazioarteko panoraman, eta Washingtonen botereari aurre egitea. Horregatik, armak batez ere bere bazkide ekonomiko eta komertzialei saltzen dizkie. «Txinaren arma salmenta mehatxu moderatua baizik ez da AEBentzat», diote Bymanek eta Cliffek.

«Armagile errusiarrekiko eta estatubatuarrekiko arrakala teknologikoa txikitu denez, Pekinek badu aukera bere azken produktuekin beste merkatu batzuetan sartzeko, hala nola Saudi Arabian, Marokon, Ekuadorren, Perun, Mexikon eta Nigerian», azaldu du Michael Raskak, Singapurko Nanyang unibertsitateko Defentsa eta Azterketa Estrategikoen Institutuko irakasleak.

SIPRIk kalkulatu du Latinoamerikaren arma erosketan %22 direla Txinan egindakoak, Venezuela buru dutela —370 milioi dolar 2011-2015 epean—. «Garapen bidean dauden herrialdeetan Errusiaren alternatiba da Txina, eta, aldi berean, mendebaldeko potentziekin balantza orekatzen du. Txinatarrak prezioetan lehiatzen dira, eta ordainketa kontuetan malgutasun handia eskaintzen dute», gaineratu du Raskak.

Txinaren arma esportazioek badute beste aurpegi bat. Conflict Armament Research talde britainiarraren arabera, prezio txikietan eta kontrol zorrotzik gabe saltzeak ekarri dute Txinako arma askok mota guztietako talde armatuen esku bukatzea. Adibidez, Estatu Islamikoari atzemandako armen %43 Txinan fabrikatutakoak dira. BERRIAk egiaztatu ahal izan du Myanmarko matxino taldeek eregogoko dutela Made in China. Haien artean daude Kachin Armada Independentistak (KIA, ingelesez) eta Karen Nazio Askapenerako Armadak (KNLA) Txinan egindako fusilak —batez ere, Kalaxnikov AK-47 ospetsuaren kopiak— eta jaurtigailuak baliatzen dituztela.

«Lehen, guk geuk egiten genituen, modu artisau batean, baina ohartu gara errazagoa dela txinatarrei erostea; ez dute galdetzen armekin zer egingo dugun, eta fidagarriagoak dira», onartu dio kazetari honi KIAren komandanteetako batek.

Radarrak eta jantziak

Txinaren kontzientziarik eza salatzen dutenek gogorarazi ohi dute Ruandako 1993ko sarraskian erabilitako matxete gehienak Txinan egindakoak zirela, eta jatorri hori zutela Kanbodiako Khmer Gorrien erregimenak baliatutako arma sofistikatuagoek ere.

Baina ez dira armak soilik. Txinak mota askotako gailuak eskaintzen dizkie armadei, hala nola radarrak eta sonarrak, eta ibilgailuak ere bai. Hori gutxi balitz, Txina da ekipamendu taktikoa deitutakoaren hornitzaile nagusia, hau da, jantzi militarrak, balentzako atorrak eta bestelako osagaiak.

Industria hermetikoa da Txinako armagintzarena. Guangdong probintziako hiru fabrikatzailerekin hitz egiten saiatu da BERRIA erreportaje honetarako, baina bakar batek onartu du erantzutea, eta izena jakinarazi gabe. «Uniformeen eta osagai militarren katalogo luzea dugu. Kartutxo gerrikoa, balentzako atorrak eta kanpainetarako beste edozein material. Mundu osoan saltzen dugu, baina, batez ere, Afrikan eta Latinoamerikan. Gobernuak dira gure bezeroak, baina baita beste talde eta gizabanako batzuk ere». Egunkari honek egiaztatu ahal izan du oso erraza dela material militarra erostea Txinako Internet plataformetan; ez, ordea, armak. Mundu osora bidaltzen dituzte, eta deskontu handiak egiten erosketa handiak eginez gero. Izen zehatzik ez du eman nahi fabrikako arduradunak, baina aitortu du: «Eskaera bat egiten duenak ez du ezer egiaztatu behar». Bere produktuak edozein jantzi lantegirenak direla argudiatu du. «Guk ez ditugu armak egiten. Geure produktuak agian ezinbestekoak dira gerra egiteko, baina ez dute inor hiltzen», ziurtatu du. «Ezin dugu kontrolatu Kolonbiako droga trafikatzaileen kartel batek edo talde paramilitar batek erosten dituen gure produktuak. Baina ez dizkiegu saltzen Nazio Batuen zigorrak jasaten dituzten herrialdeei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.