Lau urteko zigor eskeari eutsi diote Cabezudoren aurkako lehen epaiketan

Salaketa ipini zuen emakume baten irudiak jarri zituen argazkilariak Interneten; biluzik ageri zen neska. 23 andrazkok jarri dituzte salaketak

Biktimei babesa erakusteko protesta egin zuten atzo epaitegiko atarian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Donostiako Epaitegiko Zigor alorreko 4. aretoan haren kontra abian diren auzibideekin lotutako lehenengo epaiketa izan zuen atzo goizean Kote Cabezudo argazkilariak. Modaren eta erotismoaren arloko argazkiak egin zituen hainbat hamarralditan, sona eta onespena bazituen inguruan, baina azken urteotan hainbat andrazko modelok salaketak jarri dituzte haren kontra; abusuak egotzi dizkiote, eta portaera okerrak. Salaketa horietatik eratorritako auzi baten harira epaitu zuten atzo; izan ere, emakume horietako batek auzitara jo berritan —lekuko gisara deklaratzera zihoan hasiera batean—, argazkilariak Interneten haren argazkiak ipini zituen, eta horietan biluzik ageri da neska. Hain justu, argazki horien bidez hura estutu nahi izatea egotzi diote argazkilariari. «Akusaziook hertsatze argia ikusten dugu. Hor atzean dago esan nahi izatea: 'Adi ibili, zuri buruzko materiala badut eta'», oroitarazi zuen atzo akusazioaren abokatu Mario Diezek epaiketa amaitu ostean. Lau urteko zigorra eskatu zuen atzo fiskalak; lau urte eta zortzi hilabetekoa akusazio partikularrak; defentsak, absoluzioa. «Ukatu egin du hark dena; kasualitatea izan zela esan du».

Salaketetatik eratorritako beste bi auzibideren instrukzioa ere amaituta dago, epaiketarako data jakitea falta da. Salaketa nagusiak biltzen dituen auzibidearen gaineko instrukzioa, berriz, amaitzeko dago. «Ekain alderako bukatuta espero dugu», iragarrizuen Diezek. 23 salaketa daude denera: «1988an hasi eta oraintsu arteko kasuak daude tartean». Abusuak jasan zituzten andre gehiagoren berri ere baduela onartu zuen: «50 emakume inguru dira denera. Baina askok auzitarako urratsa ez egitea erabaki dute. Denek ez dute indarrik horretarako». Kanpoan elkarretaratze bat egin zen biktimen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.