Barruan libre daukate bidea

Aralarreko VI. biltzarrean afiliatuen %13k babestu dute estatutu berrien aurkako osoko zuzenketa
Ainhoa Beola, Patxi Zabaleta eta Maite Iturre, atzo, Bilbon, Aralarren VI. biltzarreko lehen saioan.
Ainhoa Beola, Patxi Zabaleta eta Maite Iturre, atzo, Bilbon, Aralarren VI. biltzarreko lehen saioan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2014ko azaroak 9
Datorren larunbatean ikusiko da Aralarren zuzendaritzak nolako babesa daukan, orduan bozkatuko dituztelako estatutu berrien, txosten politikoaren eta zuzendaritza osaketaren proposamenak, baina, atzokoa aintzat hartuz gero, aurreikus daiteke babes zabala jasoko duela. Atzo, VI. biltzarraren lehen jardunaldian, estatutu berrien proposamenaren aurkako osoko zuzenketa bat zuten mahai gainean, Nafarroako Aralarreko afiliatu batzuek aurkeztutakoa, eta, bozketan ondo atera zen zuzendaritza, zuzenketaren proposamenak %13,88ko sostengua baizik ez zuelako jaso.

Txentxo Jimenez, Pablo Azkona, Mikel Azkona, Mikel Nuin, Felix Esparza, Floren Luki, Arantxa Elkarte, Pedro Huarte, Zutoia Toral eta Inma del Riok aurkeztu zuten ofizialki osoko zuzenketa, estatutu berriekin Nafarroako Aralarren erabaki eskubidea desagertu egingo litzatekeela iritzita. «Planteatzen da Nafarroako arazo politiko funtsezkoetan erabaki ahal izateko eskubidea kentzea Nafarroako alderdiari, eta erabakiak Hegoaldean hartzea». Idatzian aipatu zuten Aralarrek «bi antolaketa eremu edukitzeari utzi» egingo diola —Nafarroakoa eta EAEkoari—, eta zuzendaritzak «kontrol politikoa handitu» nahi duela. Gainera, uste dute alderdiko arduradunek estatutuak aldatzeko prozedura ez dutela ongi bete, eta, oraingoz, 2011ko kongresuan onartutakoekin segitzeko eskatu zuten.

Atzoko saioan osoko zuzenketaren eztabaidarekin pasatu zuten denbora gehien. Afiliatuen %13,88 Jimenezen-eta proposamenaren alde azaldu ez ezik, kontra ere bozkatu zuten %65,74k; abstentzioa %20,37 izan zen.

Ekosozialismoa eta independentzia izeneko txosten politikoan, Aralarrek dio ezker abertzaleak «egitura bateratua» behar duela «jauzi kualitatiboak» emateko. Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak hedabideen aurrean zioen «egoera politiko berriak egokitzapenak» eskatzen dituela. «Ikusita EH Bilduren baitan egiten dugun politika, orain alderdi haiekin [Sortu, EA eta Alternatibarekin] dugun egitura estrategiko eta iraunkorra lehenetsi behar da, eta han hartu behar dira erabaki nagusiak eguneroko politikagintzarako. Horretara egokitu behar da alderdiaren araudia».

Zabaletak berretsi zuen Aralarreko zuzendaritzak, osoko zuzenketaren egileek bezala, Nafarroako erabaki esparrua defendatzen duela, «baina horrek ez du esan nahi alderdi nazional batek hori ezin dezakeenik bere egiturara eraman».

Estatutuetako 30 zuzenketa partzial eta txosten politikoko zortzi ere eztabaidatu zituzten. Bozketetako emaitzak osoko zuzenketaren joerakoak izan ziren.

Kargu berriak

Aralarreko koordinatzaile nagusi izateari utziko dio hark larunbatean, Iruñean egingo duten saioan. 2002tik dago, alderdia eratu zutenetik. Bere kabuz hartu du erabakia. Zuzendaritzak estatutu berrietan kargu hura, koordinatzaileordearena eta Antolaketa idazkariarena kentzea proposatu du. Hiru figura haiek gidatzen dute Aralar egunerokoan. Koordinatzaileordea Dani Maeztu da, 2011tik; Antolaketa idazkaria, Rebeka Ubera, 2009tik. Organigrama berrian, ohorezko presidentea eta idazkari nagusia jarri nahi dituzte —azkena izango da «ordezkari politiko gorena»—, eta zuzendaritzak larunbatean proposatuko ditu izenak.

Ziur jo daiteke Zabaleta izendatuko dutela ohorezko presidente. Idazkari nagusitzarako izen zehatzik ez da atera, oraingoz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna