Kirolaren eskutik, minbiziari aurre

Jakina da kirola osasun iturri dela, baina gaixo daudenentzat ere onurak dakartza. Euskal ikertzaile batzuen arabera, minbizia dutenek berariazko ariketa programa behar dute, gaitzaren ondorioak arintzeko.

Minbiziaren aurkako lasterketa.
2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Gaixorik daudenen bizi-itxaropena luzatu, tratamenduaren nahi gabeko ondorioak gutxitu eta bigarren minbizia mota bat izateko aukera murriztu. Ez dira pilula berri batek eragiten dituen ondorioak, kirola egiteak minbizi gaixoengan ekartzen dituen onurak baizik. Hala adierazi dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Erreka Gil eta Sara Maldonado ikertzaileek, Miranda Ebroko (Espainia) Udaleko Medikuntza eta Kirol Kabineteko Koro Quevedorekin eta Fernando Herrerorekin batera egin duten ikerketan —International journal of sports medicine aldizkarian argitaratu dute—. Jarduera fisikoak minbizi gaixoengan duen eragina aztertzea izan da haien helburua, eta, ikerketaren harira, gaixoek egin behar dituzten ariketa berezien gida osatu dute.

Hamaika dira kirolak osasunaren alorrean sortzen dituen onurak; besteak beste, arazo kardiobaskularrak dituztenen artean; horrenbestez, gaitz askori aurre egiteko sendagai ezin hobea dela esan daiteke. Onura horiek hobeto ezagutzeko hasi zen ikertzen Erreka Gil Rey iruindarra. Horretarako, gaian aditu Sara Maldonado doktorearekin jarri zen harremanetan, eta Miranda Ebroko lantaldearekin hasi ziren elkarlanean, minbizi gaixoekin egiten dituzten jarduera fisikoko programak baitzituzten martxan.

Ikertzaileak azpimarratu duenez, osasun arloan orain dela gutxi hasi ziren jarduera fisikoak minbizi gaixoengan duen eragina ikertzen, eta, horregatik, pertsona horientzako berariazko ariketa gidarik ez zegoen. Gaixotasunik gabeko pertsonentzat eratu ziren gidei jarraitzea gomendatzen zieten: «Kontua da minbiziaren eta tratamenduen eraginez, gaixoen jarduera fisiko kopurua, gaitasun aerobikoa, indarra eta masa muskularra nabarmen jaisten dela. Argi dago minbizia daukan pertsona batek ezin dituela egin pertsona arruntentzako eratutako gida bateko ariketak intentsitate berberaz», dio Gilek.

Hori baieztatzeko, 152 minbizi gaixori beren gaitasun fisikoa neurtzeko proba berezia egin zieten, Herreroren zuzendaritzapean. Azterketak, besteak beste, hau neurtu zuen: gaixoen gaitasun kardiobaskular pikoa —oxigeno kontsumo handiena— eta submaximoa —arnas atalaseak—. Emaitzen arabera, gaixoek adin bereko pertsona arruntek baino %35-50 gaitasun aerobiko apalagoa zeukaten, eta edozein jarduera fisikok askoz esfortzu handiagoa eskatzen zien minbizi gaixoei. «Horiek horrela, hemendik aurrera, minbizia duen gaixo bati haren gaitasun fisikoa neurtzeko proba zuzena egin gabe, haren bihotz maiztasun maximoa ateratzeko formula bat erabiliko dugu; hala, askoz gehiago hurbilduko gara eriaren errealitatera, jarduera fisiko programa egokia diseinatzeko».

Masa muskularra handitu

Minbiziaren arloa oso konplexua da, eta, oro har, zaila izaten da zehazki jakitea nola eragiten dien kirolak gaixoei. Dena den, badira hainbat ondorio ezagun: bizi-itxaropena luzatzea, bizi-kalitatea hobetzea, nekea eta minak gutxitzea edota gaitasun kardiobaskularra eta gorputz osaketa hobetzea. «Gaixoek masa muskular handia galtzen dute; kakexia esaten zaio —hala hiltzen dira erien %20—. Beraz, indarra eta masa muskularra handitzea izan beharko luke jarduera-fisiko programaren helburuetako batek; gantz masa gutxitzen da —gantzetan kaltegarriak diren toxinak pilatzen dira—, intsulinaren metabolismoa eta hezur mineral dentsitatea hobetu, hantura eta hormona maila gutxitzen dira, eta sistema immunologikoa indartzen da».

Kasu bakoitza mundu bat da, eta, horregatik, gaixo bakoitzak bere ezaugarrietara moldaturiko jarduera fisiko programa izan beharko luke. Dena dela, guztiek hiru atal izan beharko lituzkete: alderdi kardiobaskularra, indarra eta psikologikoa. Lehen ataleansartzen dira ibiltzea, korrika egitea, edota uretako jarduerak, dantza eta aerobikoak. Bigarrenean, gimnasioko makinekin eta pisuekin eginen litzateke lan. Eta hirugarrenean, jarduera lasaiagoak: besteak beste, yoga, tai txi edota meditazioa. «Niretzat, garrantzitsuena da indarra lantzea, aldi berean gaitasun kardiobaskularra handitzen baita. Indarra eta masa muskularra handitzeak izugarrizko eragin positiboa izan dezake kakexia duten eriengan».

Une bakoitza urre da gaixoen artean; ondorioz, jarduera fisiko programekin ahalik eta lasterren hasteko aholkatzen du Erreka Gilek: «Egiaztatu izan dugu jarduera fisiko programa jakin bat egin gabe minbizi gaixoek beren kabuz ez dutela hobetzen gaitasun aerobikoa eta bizi-kalitatea». Orain, helburu nagusi dute gida erabiltzea jarduera fisikoaren intentsitatea diseinatzeko, gaitasun fisikoa neurtzeko proba egin ezin dutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.