Euskal presoak. Abokatuen kontrako polizia operazioa

Babes juridikotik harago

Euskal presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuen kontrako polizia operazioak gogor eragin du presoen alderik zaurgarrienetako batean: senideengan.

Elias Miner, Nekane Basauri eta Itziar Goienetxea, euskal presoen eskubideen alde aritzen diren abokatuetako batzuen bulegoan, Hernanin. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gurutze izagirre intxauspe
Hernani
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Isilik emandako besarkadak, baina izugarri esan nahi dutenak. Isilak eta beteak». Halako besarkada eman zioten Ainhoa Baglietto abokatuari Itziar Goienetxeak, Elias Minerrek eta Nekane Basaurik. Hirurak euskal presoen senideak dira. Itziar Goienetxea Xabier Alegria euskal presoaren bikotekideak esana da besarkadarena; atxiloketa, epaiketa eta kartzelaldietan egokitu zaizkion hainbat egoera gordinetan abokatuek senideei emandako besarkadez ari zen, baina kontrako norabidean egokitu da oraingoan. Bero hartu dute senideek Baglietto, ustekabean, abokatuen bulegoan azaldu direnean, Hernanin. BERRIAk elkartu ditu senideak, euskal presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuen kontrako polizia operazioak, presoen eskubideak urratzeaz gain, senideengan ere baduelako eragina. Abokatu sare horren asistentzia arlo juridikotik harago doa haientzat. Haiekinizan dituzten bizipen batzuk partekatu dituzte.

Kepa Minerri gaztetatik egokitu zitzaion Auzitegi Nazionala ezagutzea. 1984an atxilotu zituzten haren aita eta ama. «30 urte daramatzat espetxetik espetxera, lehenbizi aitarekin eta gero anaiarekin, eta ikusi dudana da egunerokotasunean beharrezkoak ditugula abokatuak: bisita ukatzen digutelako, edo eskaera bat egin behar dugulako espetxe barruan, auzitegira joan behar denean... Gure senideak babesten dituzte, eta guk lasaiago eramaten dugu espetxealdia».

Itziar Goienetxeari 1998tik abokatu askorekin hartu-emanetan aritzea egokitu zaio. «Hainbeste auzi... Egin, Ekin, Udalbiltza, Egunkaria...». Senideen ezinegonak partekatu dituzte abokatuek, Goienetxeak dioenez: «Gure senideak atxilotuta, inkomunikatuta, haien berririk gabe, gu auzitegi kanpoan zain, auzitegiko ateak ixten zituzten eta atzeko parkean geratzen ziren abokatuak, gurekin, gaupasa egiten, animoak ematen». Ez du ahazteko Arantza Zuluetaren telefono deia —abokatua, iaztik preso—: «Xabi lasaiago dago, egin lo lasai». Egunkaria auzian atxilotu eta torturatu osteko egunak ziren. Lehen bisita dauka oroimenean iltzatuta: «Begiak itxita, hortzak beheko ezpainari hozka egiten, odoletan.... ez gehiago joateko eskatu zidan, berataz ahazteko. Ni animoak ematen, mezu pilo bat geneuzkan, baina ezin zuen. Shock egoeran zegoen; nik ez nuen kartzelatik atera nahi; kezka ikaragarria nuen, bere buruarekin zerbait egingo zuela pentsatzen bainuen. Arantzak esan zidan lasaitzeko, autoa hartu eta Madrilera joango zela. Hari kontatu zion gertatutakoa, baina kostata. Nik ez nuen ezer entzun Udalbiltzako epaiketara arte. Bi egun berarekin pasatu zituen, hizketan. Une horretan ez zuen abokatu lana egin, psikologo lana baizik». Bi egunera esan zion lasaiago zegoela eta lortu zutela beste kide batekin jartzea. «Hitz horiek dena dira. Hori ezin da diruarekin pagatu». Zintzotasuna ere eskertzen die abokatuei, senideari zer gertatuko zaion ez ezkutatzea.

Nekane Basaurik esker oneko hitzak baino ez ditu: «Deskribatu ezina da zein baldintzatan egiten duten lana, ez ordurik, ez ezer. Frantzian bisitak jasotzeko tramiteak konplikatuak dira, eta senideaz ezer ez dakizun egunak luze joaten dira. Abokatuak hor izateak lasaitasuna ematen digu. Hainbat formula erabili dituzte guri kalte egiteko: lagunen zerrendak murriztu, ausaz biluzarazi, haurrak erabili... Giza kalitatea apartekoa dute abokatuek hori dena kudeatzeko».

Duela urte batzuk, Espainiako zenbait espetxetan euskal presoen senideak, bisitetara sartu nahi bazuten, biluztera behartzen zituzten. Ez zuten jakiten biluzteko eskatuko zieten espetxera joan arte. Bereziki gogorrak egin zitzaizkien hilabete haiek; are gogorragoak haurrak zituztenei: «Biluztera behartu nahi zuten gure alaba ere. Abokatuari deitu, eta esan zidan Madrilera dei zezala espetxeko zuzendaritzak, haurrak ezin dituztelako ukitu, eta hortik lortu genuen 15 urtera arteko haurrak ez ukitzea». Minerrek jarraitu dio: «Ikasi dugu beti erreklamatu egin behar dela. Galduko ditugu hamarretik bederatzi, baina beti erreklamatu. Ez bagenitu erreklamatuko, gauza asko galdu egingo genituzke, ezjakintasunagatik edo...».

«Babesa»

Lasaitasuna sentitzen dute senideek abokatuengana edonoiz jo ahal izanda. «Presoek espetxean egoera oso larriak jasaten dituzte maiz, eta batzuetan senideoi ezdizkigute kontatzen, ez sufriarazteagatik. Baina abokatuek gauza askoren berri izaten dute. Eta hori dena jaten dute, askotan gure ordez», dio Basaurik. «Ikusten duzu zein lan hartzen dituzten, nola prestatzen dituzten epaiketak eta dena, eta gero defentsa egiten duintasunez. Nik ikusi dut Parisen epailea epaiketan lo hartzen. Ez dakit zertarako egiten dituzten epaiketak».

Harrigarri egin izan zaie senideei ikustea abokatuak Auzitegi Nazionaleko korridoreetan nola mugitzen diren. Goienetxeari egokitu zitzaion haiekin ibiltzea: «Egunkaria-ko kontuarekin gora eta behera ibili nintzen abokatuekin, paperak behar zirelako edo, eta ikusten duzu nola kontrolatzen duten Auzitegi Nazionala. Han lanean diharduten prokuradore edo abokatuek esaten dizute: hauek hemen gauden guztiok baino hobeto ezagutzen dute Auzitegi Nazionala». Elkarrizketa aurrera doala, Ainhoa Baglietto abokatua sartu da gelara. Irribarrea galdu gabe, baina albistea bere gordinean ematera:«Josu oso gaizki dago». Uribetxebarriaz ari da; ostegun iluntzea zen, eta ostiral goizaldean hil zen. Eskertu diote abisatu izana.

Eta heriotzaren haritik segitu du elkarrizketa Goienetxeak: «Senideok pasatzen dugun beste trago txarretako bat da gure senideak hiltzen direnean. Duela urte eta erdi, hiru egunetan nire aita eta bere [Alegria] ama hil ziren. Une gogorrak dira. Beraiek esaten dizute zer non eskatu, eta ezin baduzu, haiek laguntzen dizute paperak egiten, lehenbailehen ekartzeko presoa».

Kezka, aurrera begira

«Ikusteko dago zer gertatuko den aurrerantzean, presoak arazoren bat duenean, psikologikoki apurtuta baldin badago edo... abokatuek ezingo dute ikusi?», esan du Goienetxeak, kezkatuta. Basaurik segitu dio: «Egunak eta orduak markatuta dauzkagu. Baina horietatik kanpo ez dakigu gure senideei zer gertatzen ari zaien. Batzuetan izaten dira kezkatzen gaituzten gaiak, abokatuei esanez gero kiku bat egiterik badagoen... Horrek lasaitasun handia ematen digu. Gu zeharo abandonatuta eta presoak ere hala geratuko lirateke talde hau galduz gero».

Uste dute operazio honen helburua prozesua oztopatzea dela. Basauri: «Kolektiboa beharrezkoa da prozesuak aurrera egiteko. Eta hori puskatu nahi dute». Minerrek jarraitu dio: «Elkartasuna delitu bihurtu nahi dute». Goienetxeak ditu azken hitzak abokatuentzat: «Zein gutxi eskatzen duzuen, eta zenbat ematen diguzuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.