Oriol Soler. Militante independentista

«Ez daukate inongo argudiorik, eurek iradokitakoak besterik ez»

Kataluniako 'Volkhov operazioan' atxilotutakoetako bat izan zen Soler. Ohartarazi du «logika politikoaz» jarduten dutela «independentismoaren izena belzteko helburuz», eta azkenaldian gertatutakoa ikusita «edonor» atxilotu dezaketela.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Oriol Soler Castanys (Ripollet, Herrialde Katalanak, 1969) militante independentista historikoa da. MDTko eta Ripolleteko Langile Kolektibo Popularreko kide izan zen, eta, egun, SOM talde kooperatiboko bazkide-langile eta zuzendari nagusia da: talde horrek Ara egunkaria sortu zuen, beste proiektu askorekin batera. Kataluniako Volkhov operazioan atxilotutako 21 lagunetako bat da.

Nola atxilotu zintuzten?

Lanetik atera berria nintzen: etxe aurreko aparkalekuan, hiru guardia zibilek geldiarazi egin ninduten, eta esan zidaten atxilotuta nengoela. Ziegako egonaldia eramangarria izan zen 2,60 metro luze eta 1,60 zabal den gela batean eramangarria izan daitekeen neurrian. Ez neukan ezer, eta ez zegoen arrazoirik ni atxilotzeko. Ez nuen inondik inora espero, baina psikologikoki prest nengoen, noski: Katalunian azkenaldian gertatu den guztia ikusita, edonor atxilotu dezakete.

Operazioa aurrez prestatua zegoen, edo Poliziaren gehiegikeria bat izan da? Zure ustez, zer helburu zuten atxiloketa horiek?

2017ko urriko erreferendumaren antolatzaileen eta Tsunami Demokratikoko kideen zerrenda omen zen batean nengoen ni, baina uste dut mendekua hartu nahia ere bazutela. Eta, horrez gain, nire etxean sartu nahi zuten, eta ordenagailu eta telefonoetan bildutako informazio guztia eskura izan, ustezko delituen frogak izateko beste sumario batzuetarako. Hori zen arrazoia: ondo prestatua zuten. Izan ere, ez zeukaten inongo arrastorik nire aurka, eta, hala ere, etxean aurkitu zituzten ordenagailu guztiak eraman zituzten, ia ezer eduki gabe, telefonoz izandako elkarrizketa bat baino ez.

Itzaleko burua izatea leporatu dizute, eta Tsunami Demokratikoari lotuta egotea; hain zuzen, kanpaina garrantzitsuak gidatu dituzu prozesuan.

Beste 21 atxilotuetatik ez ditut denak ezagutzen, denekin ez neukan harremanik: ez dago atxiloketarako arrazoirik politikoa ez denik. Prozesu judizial bat irekia zeukaten, Bartzelonako Diputazioan irregulartasun batzuk topatu zirela eta, eta haria luzatu zuten, ahal zuten gehien, pertsona jakin batzuk akusatu ahal izateko. Atxiloketaren autoan El Confidencial egunkariko artikulu bat aipatzen da, eta, hor, zenbait izen ageri dira; besteak beste, nirea. Pertsona jakin batzuen kontrako akusazioa behartzen saiatu dira, eta, ni zerbaitez akusatzeko, ez hanka eta ez buru ez duen istorio bat asmatu behar izan dute.

Independentismoarekin daukazun konpromisoak ekarri al zaitu honaino? Akusazio larriak egin dira: diruaren erabilera bidegabea, prebarikazioa eta desordena publikoak.

Ez daukat gainerako auzipetuen xehetasunen berri, baina argi dago nire autoan argudio kafkarrak erabiltzen dituztela eta gauza xelebreak asmatzen dituztela: harremana dudala Snowdenekin eta Errusiarekin, eta Tsunami Demokratikoa zuzentzen dudala. Diruaren erabilera bidegabea egiteaz akusatu naute, eta ez daukate inongo argudiorik, eurek erdizka iradokitakoa besterik ez. Generalitatearen gardentasun atarian, berrikusi egin dituzte nik zuzentzen dudan kooperatibak jasotzen dituen funtsak, eta zera ondorioztatu dute, «bidegabeko erabilera egon liteke eta aztertu beharra dago», baina ez dute inongo zantzurik, ez frogarik, ez hori egiaztatzeko asmorik.

Utzikeria dutela uste duzu?

Bai, pentsa: nirekin eta beren txostenarekin inongo zerikusirik ez duen enpresa bat miatu dute nire etxe ondoan dago, eta emazteak hor egiten du lan, baina nik ez daukat inongo zerikusirik horrekin. Ez dira kooperatibara joan aipatu dituzten espedienteak begiratzera. Gure kooperatiba ez da oso handia, baina ehun pertsona ditugu lanean, eta ezaguna da: zuzendaritza publikoa da, eta egoitza dauka. Gertatutakoa guztiz artifiziala izan da, eta nire bizitza osoa eskura edukitzeko modua eman die: ordenagailuak, telefonoak, mezu elektronikoak, agenda... Ez dago benetako arrazoirik; larriena gero etorriko da, zerbait aurkitzen dutenean, baina, nire kasuan, ez daukate ezer: hori da eskandalagarriena.

10.000 soldadu errusiar ziren, edo milioi bat, enbaxadak esan bezala? Harremanik izan al duzue Kremlinekin?

Nik ez dut inongo harremanik izan haiekin; broma dirudi, baina asmatu egin dute. Egia da lan bilera bat izan nuela Julian Assangerekin: leku ofizial batean izan zen, Ekuadorren kontsulatuan, eta guztiz publikoa izan zen, pasaportea entregatu bainuen. Baina asmatu zuten Edward Snowdenekin bildu nintzela Moskun dago, eta pentsatzen dut hortik etorriko zela Errusiako Gobernuarena, eta hori ez da inoiz gertatu. Erotzeko modukoa da zeharo; oso larria da nola behartu dituzten gauzak, eta ez dago nondik heldu. Kasualitatez, 2017an bidaia bat egin nuen San Petersburgora alaba txikiarekin, baina bidaia motz bat izan zen, familiartekoa. Gauza bat argi dago: dena oso irregularra izan da, ziegan eduki bainaute hiru egunez, ezertan oinarritu gabe, ezeren zantzurik gabe; ez dokumenturik, ez argazkirik. Gauza bakarra daukate: telefono dei bat non Tsunamiak antolatutako eta huts egindako ekintza batez hitz egiten den. Gainerakoak guztiz asmatuak dira, inolako oinarririk gabeak, asmakizun erabatekoak.

Operazio honekin, independentismoari ustelkeriazko ekintzak leporatu zaizkio, eta, zehazki, kudeaketa irregularra egitea eta funts publikoak desbideratzea egotzi diote Generalitateari. Uste duzu independentismoaren izena zikintzeko operazio bat dela?

Edozein mugimendu zabalek bezala, honek ere mota guztietako jendea du: gauzak ondo egiten dituena, gauzak gaizki egiten dituena, jende ustela, gaitasun politikoak dituena… independentismoan jartzen baduzu fokua, jendeari jarraitzen badiozu eta pertsona ugariren milaka grabazio badituzu, irregulartasunak aurkituko dituzu, noski: edozein giza jardueratan bezala. Ni nire ekintzen erantzule naiz, eta ez besteen ekintzen erantzule, ez baititut ezagutzen. Niri ez didate ezer topatu, ez daukadalako ezer. Segur aski independentismoaren izena belztea zuten helburu, horren atzetik dabiltza-eta aspalditik, eta kriminalizazio ekintza horren beste atal bat da hau.

Hala ere, ezin dugu iparra galdu: Auzitegi Nazionalak erakunde terroristatzat jo du Tsunamia, eta sumarioa irekia du. Tsunamia, ordea, gizarte zibilaren erantzun baketsu gisa sortu zen, ikusirik bi entitatetako presidenteak espetxeratu egin zituztela, egoitzak miatu zizkietela, kontuak bahitu, eta estatua erakunde horiek legez kanpo uzten saiatu zela. Horri aurre egiteko sortu zen Tsunamia, baina ez dauka presidenterik, ez egoitza sozialik, ez konturik, ez IFZrik: 2017ko urrian jasandakoen moduko ondorioen beldurrik izan gabe eta modu baketsuan protesta egiteko modu bat da.

Horrek guztiak eragiten al dio zure lanari? Akusazio zuzenak egin dizkizute.

Zuzenean eragiten dio. Honek guztiak hautsak harrotu ditu, eta horrek urrundu egiten ditu pertsona batzuk: atzeraka eragiten die, eta aldendu egiten dira. Elkartasun handia ere erakutsi digute, baina ez diot inori gomendatzen esperientzia hau.

Zure ustez, nondik joko du orain prozesu judizialak? Hainbat gauza nahastu dira, baina, orain, akusazioak politikoak dira funtsean.

Nik uste dut aurrerantzean prozesu judizial normal bat izango dela; izan ere, badute nahi zutena. Nire kasua ez da inora iritsiko, baina hurrengo oldarraldiaren zain egon behar dugu, logika politikoz jarduten baitute: beste gauza batzuk leporatzen saiatuko dira. Nik uste dut sumario honek ez dituela inora eramango; ez dakit nola frogatuko duten 10.000 soldadu errusiar ekartzeko asmoa zegoela, baina uste dut beste akusazio batzuk sortzeko baliatuko dutela informazio guztia. Independentismoaren aurka egiten segitzea da haien asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.