Ez, baina ñabardurekin

Alemaniako Gobernuak entzungor egin die gastua nabarmen handitzeko kanpoko eta barruko deiei, baina krisia lehertuz gero «milaka eta milaka milioi eurorekin» erantzungo duela agindu du
Angela Merkel Alemaniako gobernuburua, aurrekontuei buruzko eztabaidan, atzo, Bundestagen.
Angela Merkel Alemaniako gobernuburua, aurrekontuei buruzko eztabaidan, atzo, Bundestagen. HAYOUNG JEON / EFE

Iker Aranburu -

2019ko irailak 12
Alemaniak entzungor egin die bere aurrekontu politika zuhurra alde batera uzteko eta gehiago gastatzeko dei gero eta ozenagoei. Hainbat asteko zalantzen ondoren, kontu publikoen orekari kosta ahala kosta eutsi behar zaion dogmari eutsi dio Angela Merkelen gobernuak, eta schwarze null edo zero beltza duen aurrekontu bat aurkeztu du, hau da, defizitik gabekoa. Baina, atzeraldiaren ekaitza gainera datorkiola ikusita, gastua handitzeko aukera errekamaran utzi du Berlingo gobernuak.

Abuztuaren erdialdean, baieztatu zenean urteko bigarren hiruhilekoan Alemaniako ekonomiak %0,1 atzera egin zuela, eta Bundesbankek egoera luzatuko zela ohartarazi zuenean, erortzear zirudien kontu orekatuen dogmak. BDI patronaleko zuzendari Joachim Langek berak «erabaki indartsu bat» eskatu zuen orduan ekonomia atzeralditik ateratzeko.

Orduz gero, orain arte austeritatearen ortodoxiara lotutako ahots gehiago batu dira ekonomia gastu publikoaren bidez bultzatzea eskatzen dutenetara. Astelehenean bertan Siemenseko buru Joe Kaeserrek ziurtatu zuen Berlinek interes tasa txikiak baliatu behar zituela azpiegiturak egiteko eta berritzeko plan handiak indarrean jartzeko. Hori bai, baztertu egin zuen gastu soziala handitzeko aukera: «Dirua opari gisa banatzeak beti dakartza arazoak. Baina justifikatuta dago aireportu berrietan, ordainpeko bideetan eta trenbide berri batean gastatzea».

NDFren eskaera

Alemaniako eragile ekonomiko batzuek orain diotena aspaldi esan dute handik kanpoko ekonomista gehienek eta nazioarteko erakundeek. Azken horien artean izan da Nazioarteko Diru Funtsa. Aste honetan bertan, Poul Thomsen NDFko Europako adarreko buruak eskatu zion Berlini inbertsio publikoa orain handitzeko, atzeraldia iritsi eta finkatu aurretik. Thomsenek gaineratu zuenez, Alemaniak «orain konpondu beharreko egiturazko erronka batzuk baditu: azpiegiturak berritzea, ekonomiaren digitalizazioa eta emakumeen enplegua».

NDFk uste du Alemaniari dagokiola euroguneko ekonomiari bultzada bat ematea, hura delako herrialde handiena eta, gainera, ez duelako gastua mugatzera behar dezakeen zor publiko handia. Izan ere, hogei puntu txikitu du bere zorra azken urteetan: 2012an, bere BPGaren %80,7 zor zuen; 2018an, %60,9ra jaitsi zuen, eta, Finantza Ministerioaren planak betez gero, %51era iritsiko da 2023an.

Alemaniako BPGak hamar urte daramatza segidan hazten, eta horrek azaltzen du, hein batean, zorraren txikitzea. Baina beste faktorea izan da Berlinek 2012an orekatu zituela lehen aldiz bere kontuak, eta 2014tik honako urte guztiak superabitarekin bukatu dituela.

Aurrekontu «hedakorra»

2020an ez da joera etengo, betiere Merkelen plana betetzen bada. Asteartean aurkeztu zuen urte horretarako aurrekontua haren Finantza ministroak, SPDko Olaf Scholzek. «Aurrekontu sendoa da, eta zorrik gabe bete daiteke», aldarrikatu zuen Scholzek. Aldi berean, ziurtatu zuen aurrekontu «hedakorra» dela, gastua handitzen duelako. Hala da, baina kopuruak ez dira NDFk eta enparauek eskatzen dizkiotenak. Horrela, inbertsio publikoetarako 39.800 milioi euro daude, aurten baino mila milioi gehiago. Oro har, gastu publikoa hiru mila milioi baizik ez da handituko, 360.000 milioira arte.

Gerta daiteke, ordea, azken kopuruak horiek ez izatea. Scholzek onartu baitzuen gobernua prest dagoela diru gehiago jartzeko baldin eta uneotan brexit-aren eta merkataritzaren gerraren ondorioz Alemaniak bizi duen etenaldia atzeraldi sakon bat bilakatzen bada. «Gaur egun dugun finantza egoerarekin, milaka eta milaka milioi eurorekin erantzun dezakegu baldin eta Alemanian eta Europan krisi ekonomikoa lehertzen bada. Eta egingo dugu. Politika keynestarrak berpiztuko ditugu, hala nahi baduzue», esan zien parlamentariei.

Diputatu horiei berei esan zien atzo Merkelek dirua ez dela arazo, baizik eta proiektuak prestatu behar direla. «Inbertsioekin, diru falta ez da arazoa. Ehunka mila etxebizitza eraiki ditzakegu, errepideak ditugu, azpiegitura digitalak. Lehenik, dirua gastatuko dela ziurtatu behar dugu».

Izan ere, gaur egun interes negatiboak ditu Alemaniaren zor publikoak; hots, Berlingo gobernuari dirua mailegatzen diotenek interesa ordaindu egiten diote, eta ez jaso. Azken finean, Alemaniako Gobernuak dirua irabazten du zorra saltzen duen bakoitzean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna