Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Mendiaren mehatxupean

Ondarroan asteartean mugitzen hasi zen mendian arazoek segitzen dute.

176 etxe, hutsarazita
Luiziaren ondorioz eroritako harriak eta lurra etxeen parean, atzo egindako argazki batean.
Luiziaren ondorioz eroritako harriak eta lurra etxeen parean, atzo egindako argazki batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Jon Fernandez -

2016ko martxoak 13 - Ondarroa

Ondarroako (Bizkaia) Kamiñalde kalearen gaineko mendia mugitzen ari da oraindik. 24 orduan bederatzi zentimetroko erritmoan ari da mugitzen, udal iturrien arabera, eta mugimendua egonkortu egin da; ez da ez bizkortu ez geldotu. Teknikariak orduro neurketak egiten ari dira lurraren bilakaera aztertzeko, baina minutukako datuak jasotzeko sistema jartzeko ahaleginean dabiltza. Datuak minutuero jasota, mendiaren portaera ezagutzea da asmoa: alde batetik, mendia zein teknikaren bidez kontrolatu erabakitzeko —gutxienez astebeteko neurketak behar dituzte erabakiak hartzeko—, eta, bestetik, jakiteko zein den unerik egokiena 176 familiari etxeetara gauzak hartzera sartzen lagatzeko. Atzo, esaterako, San Inazio kaleko, 40. ataritik 50.erainoko bizilagunak ordu erdiz sartu ahal izan ziren etxera, beharrezko gauzak hartzera. Nortasun agiria erakutsi, eta binaka sartu ziren, suhiltzaileen eta Gurutze Gorrikoen laguntzarekin, eskuak maletaz beteta.

Urduritasuna eta kezka dira nagusi herrian, bereziki etxetik kanpo dauden bizilagunen artean. Milak —izen osoa emateko aldarterik ez dute bizilagun gehienek—, adibidez, etxea uzteaz gain denda ere laga behar izan du, kale berean baitago. «Ahizparen etxean nago orain, baina, luzatzen bada, pentsatu beharko dut etxe bat errentan hartzea. Hilabeteetan ere luza daiteke», zioen atzo larrituta. Udalak batzarra izan zuen San Inazio kalean hustu dituzten hamalau lokaletako dendariekin, eta azaldu zien datozen egunetan euren esku lagako dituztela udalaren lokalak, negozioekin jarraitzeko. Nolanahi ere egonezinez bizi dute egoera. «Udaberriko arropa sartu berri zait, eta denda bete-bete eginda daukat. Zer egin orain dendarekin?». Oso arduratuta dago Mila.

Hamabost tonako harria

Herrian ez dago Kamiñaldeko mendia ez den beste hizpiderik. Goizetik bildu zen atzo jendea luiziaren ondoko hesian. Asko etxetik ateratako bizilagunak ziren. Zulagailuaren kutxa eskuan zuela iritsi zen gizon bat. «Mendia zulatzera zatoz ala?», bota zion Gotzonek, barrez. Baina kutxa barrutik prismatikoak atera zituen ingurukoen algararako. Hamabost tonako harritzarra dago mendian, eta hari begira zeuden denak hesitik, eror daitekeen ala ez eztabaidatzen. «Ur putzu bat ei dago bertan, eta hark mendia hausten badu harria jausi daiteke», zioten hesi ondoan kaltetuek. Bariku eguerdian bost tonako beste harri handi bat erori zen, eta aurreko etxeraino ailegatu zen. Horren ostean, beheko San Inazio kaleko beste 92 etxebizitza hustu zituzten bariku gauean, martitzeneko 84 etxeez gain.

Udalak lotarako tokia prestatu zuen kiroldegian, baina ez zuen inork erabili. Kaltetu gehienek senideen edo lagunen etxean egin dute tokia, eta soilik sei pertsona birkokatu dituzte Arrigorri ostatuan eta eguneko zentroan. Gotzon, esaterako, amaginarrebarenean dago, emaztearekin eta umearekin. Martitzenean hartutako arropekin moldatzen ari dira, baina uste du arazo ekonomiko ugari etorriko direla aurrerantzean. Martitzenean hustutako etxeak babes ofizialekoak dira, eta bizilagun gehienak hipoteka ordaintzen ari dira. Bankuekin akordio bat egiteko beharra ikusten dute kaltetuek.

Eusko Jaurlaritzak «beharrezkoa den laguntza guztia» emango dio Ondarroako Udalari etxebizitza zein laguntza sozialen arloan, atzo Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Gizarte gaietarako sailburuak nabarmendu zuenez. Gaur, 12:00etan, San Inazioko bizilagunekin bilera egingo dute udaleko eta Jaurlaritzako ordezkariek, besteak beste, Alokabide eta Bizigune programen laguntzak zelan jaso azaltzeko. Diputazioko buruen partetik ere, babesa jasoko dutela esan diete.

Erakundeen arteko jarduna

Lur-jausien egoerari buruzko krisi kabinetea bildu zen atzo goiz osoan udaletxean, eta bertan izan ziren Toña, Ana Oregi Lurralde eta Ingurugiro sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea. «Mendi guztia ari da mugitzen, eta badaezpada dena hustu dugu», azaldu zuen Bedialaunetak. «Mendiaren paretatik barrurantz 30-40 metro ingurura daude arrakalak, baina ez dakigu zer sakonera duten». Hori aztertzen ari dira geologoak eta topografoak. Rementeriak arazoa dirudiena baino «larriagoa» dela ohartarazi zuen. «Oker ibiltzea nahi nuke; baina honek luzerako joko du, oso luzerako».

Ondarroa non dagoen eraikia kontuan hartu beharrekoa dela gogorarazi zuen Bedialaunetak. «Herria zulo batean dago, eta etxeak hondar gainean edo haitza janda eginda daude. Naturari jaten joan gara. Baina horrelako zerbait gertatu den lehenengo aldia da». Kalean batek baino gehiagok aipatzen dute ez dela hain arraroa gertatzen ari dena. «Mendi horri erreka deitzen zioten. Urez eta iturburuz beteta dago», esplikatu du Nataliak. San Inazio kalean pintura denda dauka Nataliak, eta berari ere negozioa etenda geratu zaio oraingoz.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk bandera moreak astintzen, Bulebarrean. ©JON URBE / FOKU

Ozen berriz: «Aski da!»

A. Iraola - I. Orzaiz - M. Asensio Lozano

Mugimendu feministak kaleak bete ditu bortxa matxistaren aurkako mezuekin. Justizia «feminista» aldarrikatu dute. Instituzioen elkarretaratzeak ere izan dira

Ikastetxe bateko korridorea eta ikasgela, artxiboko irudi batean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Hezkuntza Legeari eginiko ekarriak, murgiltzetik «laikotasun positibora»

Irati Urdalleta Lete

35 eragilek eta norbanakok egin dizkiote zuzenketak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroari; euskarak eduki beharreko garrantzia da ardatzetako bat

<b>Txapa.</b> 'Ahobizi' txapa andre baten paparrean (artxiboko irudia). ©J.U. / FOKU

Euskarak, maitale asko eta etsai gutxi

Irati Urdalleta Lete

Nolako jarrera dute euskal herritarrek euskararen inguruan? EHUko NIK ikerketa taldearen esanetan, jarrerak onak dira orokorrean, baina badaude ahulguneak: zenbaitek mundu tradizionalarekin lotzen du oraindik ere euskara; ez, ordea, gai espezifikoekin edo lagunartean erabiltzearekin.
Grebalariek astelehnean egindako protesta, Basaurin. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...