Inork ez du keinutzat hartu

Junqueras, Forcadell, Romeva, Sanchez, Bassa eta Cuixart Kataluniako bi kartzelatara lekualdatu dituzte. Generalitatearen arabera, Madrilen erabakiak ez du zerikusirik negoziazio batekin
Ehunka lagun bildu ziren, atzo, Puig de les Bassesko kartzelaren atarian, Kataluniako politikari presoak aska ditzatela eskatzeko.
Ehunka lagun bildu ziren, atzo, Puig de les Bassesko kartzelaren atarian, Kataluniako politikari presoak aska ditzatela eskatzeko. ROBIN TOWNSEND / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 5
Kataluniako auziari konponbide politiko bat emateko asmoz, Quim Torra Generalitateko presidentea Espainiako Gobernuari eskatzen ari zaio irtenbide bat negoziatu beharra dagoela. Eta aurreko gobernuak zuen jarrerarekin alderatuta, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak esan izan du auziari beste modu batean heldu nahi diola.

Prozesu subiranistaren harira behin-behinean espetxeratutako bederatzi buruzagi independentistak lekualdatuko dituzte Kataluniako kartzeletara. Atzo sei gerturatu zituzten etxera. Torrak nabarmendu nahi izan zuen, ordea, Madrilen erabakiaren atzean ez dagoela «kontzesiorik», ez dela «keinu politiko bat», eta Espainiako Gobernuak hartutako erabakia «legezko betebehar bat» dela. «Inongo kasutan ez du zerikusirik negoziazio batekin». Torra eta Sanchez astelehenean dira aurrenekoz batzartzekoak.

Subiranistek ez dute keinutzat hartu politikari presoak Kataluniara gerturatzea, eta Madrilek ere ez. PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanak eta ERC Esquerra Republicanak Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioa babestu zuten duela hilabete pasa, baina, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak atzo esandakoaren arabera, lekualdatzearekin ez dira ari «inongo bidesaririk» ordaintzen subiranistek Sanchezi emandako babesaren truke. Izan ere, PPk salatu du independentistentzako «garaipen moral bat» dela preso dauden politikariak Kataluniara gerturatzea, eta Ciudadanosek, berriz, adierazi du «separatistei, kolpistei» egindako lehen «kontzesioa» dela sozialisten erabakia.

Kontuak kontu, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua, Raul Romeva kontseilari ohia, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente zena eta JxC Junts Per Catalunyako diputatua, eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea Sant Joan de Villatorradako Lledoners espetxera iritsi ziren atzo, 13:27 zirenean, Mossos d'Esquadraren lau furgonetatan. Bartzelonatik 65 bat kilometrora dago kartzela hori. Dolors Bassa kontseilari zena eta Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia Figueresko Puig de les Basses espetxera lekualdatu dituzte, Bartzelonatik 140 bat kilometrora, eta Guardia Zibilaren bi furgonetatan ailegatu ziren hara, 16:29 zirenean.

Forn, Rull eta Turull

Ordu batzuk geroago, 19:00etan, Askatasunaren aldeko martxak deitutakoak egin zituzten ANCk, Omnium Culturalek eta Eskubide Zibilen Elkarte Katalanak —uztailaren 14rako manifestaziora deitu dute Bartzelonan—. Ehunka pertsona bildu zituzten, tartean alderdi subiranistetako ordezkariak, eta bi espetxeen atarietaraino iritsi ziren. Politikari presoak aska ditzatela eskatu zuten. Martxan parte hartu aurretik, Lledonersen preso daudenekin bildu zen Torra; Roger Torrent Legebiltzarreko presidenteak Bassa eta Forcadelli bisita egin zien, eta, ondoren, Puig de les Bassesko mobilizazioarekin bat egin zuen.

Eguerdian, bestalde, adierazpen instituzionala egin zuten bi agintariek Kataluniako Parlamentuan. Ganberako alderdi subiranistek, Catalunya en Comuk, zenbait sindikatutako ordezkariek eta preso daudenen senideek ere babestu zuten bi agintariek irakurritako adierazpena. Torrentek esan zuen politikari presoak «gertuago» egoteak ez duela esan nahi «justizia» egin denik edo «aske» daudenik. «Ez gara gutxiagorekin konformatuko». Torrak ere adierazi zuen baietz, etxetik gertuago daudela, baina ez, ordea, aske. Madrili gogorarazi nahi izan zion, bide batez, gatazka ez dela judiziala, «politikoa» baizik. Eta nabarmendu nahi izan zuen mugimendu subiranista «hertsiki» bakezalea eta demokratikoa dela.

Oraindik lekualdatu zain daudenak Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull aurreko gobernuko kontseilariak dira. Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak herenegun onartu zuen haiek Kataluniako espetxeetara lekualdatzeko eskaera, eta Kataluniako Espetxe Zuzendaritzak zenbait hedabideri adierazitakoaren arabera, tramite batzuk baino ez dira falta lekualdaketa gauzatzeko. Ondorengo orduetan eramango dituzte Lledonersera.

Bermea, ordainduta

Erantzukizun zibiletik eratorritako 2,1 milioi euroko bermea ordaintzeko agindu zien Llarenak, joan den astean, prozesu subiranistarekin lotuta diru publikoaren erabilera okerra egotzita auzipetutako gobernu ohiko hamalau kideei. ANCk eta Omnium Culturalek atzo jakinarazi zutenez, erresistentzia kutxako dirua baliatuta ordaindu dute bermea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna