EGUZKIA ATERA DA

Espainiako Gobernuak, 180 graduko bira egin, eta plaka fotovoltaikoen instalazioa errazteko eta argindarraren autokontsumoa sustatzeko neurri ugari onartu berri ditu. Alta, Rajoyren gobernuak energia berriztagarrien pizgarriei emandako kolpearen ondorioz, sektoreak bost urte galdu ditu.

Plaka fotovoltaikoak Pitillasen, Nafarroan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Bost urtez geldi egon da sektore fotovoltaikoa Hego Euskal Herrian. 2013tik 2016ra, instalatutako eguzki plaken potentzia apenas handitu zen; hiru megawatt-ordu (MW) baizik ez. Alta, hilabete eskasean, ia 100 MW ezartzeko bi proiektu handi ezagutarazi dira: Araban, Eusko Jaurlaritzak 24 MWeko parke fotovoltaikoa bultzatuko du, eta, horrela, bere mendeko lurraldean ezarritako potentzia (26 MW) bikoiztuko du; Nafarroan, berriz, Rios Renovables enpresak 62 MW-eko bi parke eraikiko ditu Tuteran. Eraikitze lanetan, 180 lanpostu sortzea espero du, eta, gerora, beste 30. Inbertsiook bat egin dute denboran autokontsumo energetikoa sustatzeko Espainiako Gobernuak onartu berri duen dekretuarekin. Ematen du, azkenik, eguzkia atera dela sektorearentzat.

Garai zail eta gorabeheratsuak atzean utz ditzake behingoz. Iragan hamarkadaren erdialdera, artean ez zelarik inondik ere energia fotovoltaikoaren teknologia lehiakorra, Jose Luis Rodriguez Zapaterok pizgarriak onartu zituen nazioarteko inbertitzaileen, enpresen zein herritarren dirua erakarri nahirik. Babes publiko horren gerizpean, bultzada handia izan zuen sektoreak 2010era arte. Hegoaldean, 154 MW-eko potentzia ezarri zen (egun dagoenaren %82). Espainian, berriz, 3.700 MW ere ezarri ziren. Hazkunde handi horri burbuila tankera hartu zioten komunikabide batzuek, eta, argindar enpresen presioa tarteko, urte batzuk lehenago hartutako erabakian ziaboga eman zuen Zapaterok: pizgarriak murriztu zituen.

Alta, 2012an etorri zen behin betiko aizkorakada. Gobernura iritsi eta berehala, Mariano Rajoy orduko gobernuburuak erabaki zuen, dekretu bidez eta atzerako eragina ezarriz, ordura arteko pizgarriak murriztea. Gerora, beste dekretu baten bidez, autokontsumoari traba ugari jarri zizkion. Dekretuak debekatu egiten zuen, adibidez, bizilagun komunitateetan plaka fotovoltaikorik jartzera. Halaber, tasa bat ezarri zitzaien hamar KW baino gehiagoko potentzia duten plaken jabeei euren energia propioa sortzeagatik. Eguzkiaren zerga deitu zitzaion, eta asaldura handia eragin zuen sektore fotovoltaikoan.

Zentsura mozio bidez Rajoy gobernutik bota ostean, PSOEren gobernuak aurreratu zuen Eguzkiaren zerga kentzeko asmoa zuela. Urriaren hasieran, hitza bete zuen, eta, ministroen kontseiluak lege proiektua aurkeztu ondoren, prozedura azkar bidez onartu zen dekretua. Legeak, besteak beste, 100 KW arteko plaka fotovoltaikoak ezartzeko trabak erraztu, eta Eguzkiaren zerga deritzona kendu egin du, autokontsumo energetikoa sustatuz. Halaber, autokontsumo partekatuari ateak ireki dizkio legeak, eta,horrela, bizilagun komunitateek euren etxebizitzetan plakak jartzeko aukera izango dute. Horri gehituz gero teknologiari esker instalazioaren kostua %80 murriztu dela eta etorkizunean ere jaitsi egingo dela, sektorearen aurreikuspenak goitik behera aldatu dira, hoberantz.

7.566 milioi euro jokoan

Hala ere, legea mutur batetik bestera aldatu izanagatik, zalantzaren harrak bizirik segitzen du. Nork ziurtatzen die inbertitzaileei, Moncloara beste kolore politikoko gobernua iristen bada, ez duela kontrakoa egingo? Izan ere, Rajoyren gobernuaren neurriek bete-betean eragin zioten iragan hamarkadatik hazkunde handia izan zuen sektoreari: balazta sakatu ostean, bere horretan geratu zen, eta apenas egon den proiektu deigarririk, ez Hego Euskal Herrian, ez eta Espainian ere.

Pizgarrien murrizketen atzean, argindar talde handien itzal luzea ikusi zuten askok. Nazioarteko 30 inbertitzaile inguruk segurtasun juridikoa urratu izana leporatu zioten Espainiako Gobernuari, eta, gaur egun, 40 auzi inguru ditu irekiak, gehienak Munduko Bankuaren mendeko Ciadi erakundean, inbertsioei buruzko diferentziak argitzeko nazioarteko zentroan. Espainiak sinatutako Energiaren Ituna ez duela bete aurpegiratzen diote. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula inbertitzaileok erreklamatzen dutena: guztira, 7.566 milioi euro ditu jokoan.

Estatuko Abokatuari dagokio Rajoyk egindakoa defenditzea, eta partida galtzen ari da. Orain arte kaleratutako sei laudoetatik bitan irabazi egin badu ere, beste lau galdu ditu. Laudo horietako gehienek ez dute aintzat hartu inbertitzaileek eskatzen duten kopuru guztia (972 milioi inguru), baina oraingoz 254 milioi ordaintzera behartzen dute. Espainiako Gobernuak 2018ko aurrekontu orokorretan zuzenketa bidez gehitu zuen kalte-ordain horiek argindar tarifaren superabitari gehituko zaizkiola: orain, 900 milioi eurokoa da superabit hori, eta, oraingoz, kalte-ordain horiei aurre egiteko moduan legoke. Alta, oraindik ere beste 24 auzi inguru geratzen zaizkio, eta ikusteko dago zertan amaitzen den hori guztia.

Bi laudoren kasuan, epaia aldekoa izateaz gain, Madrilgo gobernuak badu beste itxaropenik. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak iragan martxoan baliogabetu egin zituen laudo arbitral horiek, baldin eta EBko estatukideen artekoak badira. Ordaintzera atera zaion laudoetako baten atzean, adibidez,Masda izeneko funtsa dago, eta, jatorria Arabiar Emirerri Batuetakoa badu ere, egoitza du. Hartara, ikusi beharko da EBko auzitegien erabaki horrek ere nola eragiten duen bai orain arte kaleratutako laudoei nola etorkizunean etor daitezkeenei. Kasuz kasu aztertu beharko da auzi korapilatsu hori.

Bitartean, Zapateroren lehen legealdian fotovoltaikoen alde apustu egin zuten inbertitzaile txikiek babes gabe daude oraindik ere, eta euren egoera ez dela konpondu ohartarazi dute —irakur beheko elkarrizketa—.

Hala ere, segurtasun juridikoa urratzeaz gain, Rajoyren politikek izan dute beste eraginik. 2010ean ziaboga eman zenetik, hasi ziren inbertsioak murrizten, baina azken bost urteetan ez da ezer egin. Munduan, berriz, kontrakoa gertatu da. 2016an bakarrik, 75 GWeko potentzia ezarri zen, batik bat Txinak (34,5 GW) eta AEBk (14,7 GW). Europan, berriz, egun, Alemaniak hamar aldiz potentzia gehiago du ezarrita (41 MW), eta Belgikaren moduko herrialde txiki eguzkitsuaklaster aurre har diezaioke: 3,4 GW ditu ezarriak, eta Espainiak, berriz, 4,8 GW.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.