Migratzaileen exodoa. Tijuana

Exodoa murruaren parean

Mexiko zeharkatu ostean, AEBetako mugara iritsi dira iheslarien karabanetan lehenak zihoazen pertsonak. Tijuanan aurrez aurre dute harresia. Karabanako talde mardulena gaur da iristekoa hara, eta orduan erabakiko dute nola jokatu. Donald Trumpek militarrak bidali ditu mugaren bestaldera.

Henry Salinas, harresiaren beste aldera igarotzeko une egokiaren zain. KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Tijuana
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Donald Trumpen murruaren parez pare dago exodoaren karabana. Mexiko zeharkatu ostean, iparraldeko mugara iritsi dira iheslariak, Tijuanara. Karabanan aurreratuta zeuden talde txikiak igandean hasi ziren iristen, baina talde mardulenak astearte gauean eta asteazkenean iritsi ziren. BERRIA une horren lekuko zuzena izan da. AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko banatzen dituen altzairuzko eta burdinazko bost metroko hesiaren aurrean kanpalekua ezarri dute iheslariek. Mugaren bestaldean, militarrak, armatuta, murrutik inoiz baino gertuago; bertako herritarrek egunkari honi ziurtatu diote sekula ez dituztela soldaduak murrutik horren gertu ikusi. Airean, armadaren helikopteroak, eta lurrean, auto blindatuak. Giroa lasaia bada ere, tentsioa dago, eta tarteka oihuka hasi dira migratzaileak. «Honaino iritsi bagara, bestaldera ere iritsiko gara». Gazte batek harresian gora egin du; xafla bat apurtzen hasi da, eta soldadu batek armarekin apuntatu dio.

Jose Antoniok 40 urte ditu, eta hesiaren aurrean iheslariek ezarritako kanpalekuko bazter batean dago, eserita. Tijuana hitza osatzen duten kolorezko letra erraldoien parean. Hondurasko Choluteca herrian jaio zen, eta artoa lantzen aritu da bizimodu horrek bizitzeko ematen ez bazuen ere. «Egunean ehun lempira irabazten nituen [3,6 euro]. Mantak eta jertseak hartu, eta poltsikoan 200 lempira nituela abiatu nintzen».

Guadalajara eta Tijuana arteko bidea autobusez egiteko aukera izan du, beste iheslari batzuek ez bezala, oinez baitatoz atzetik, sakabanatuta, talde txikietan, autobus edo kamioiren bat hartzeko zain, desertuaren erdian. Latza da Nayarit, Sinaloa eta Sonora estatu idorretako errepideak zeharkatzea. «Bi egun eta gau bat egin ditugu autobusez etortzeko».

Guztira zortzi bat autobus iritsi ziren asteazken arratsaldean Tijuanara [Euskal Herrian bederatzi ordu gutxiago dira]. Hondartzaren eremuan 800 inguru daudela uste dute. Orain, exodoaren parte diren beste ehunka iheslariren zain daude, denak elkartzen direnean zer egin eta nola jokatu erabakitzeko. Gaur bertan gerta liteke 5.000 lagunetik gora izatea inguru horretan.

Muga 90 egunez itxita

Donald Trump presidenteak nola erantzungo duen da orain galdera eta kezka. Oraingoz segurtasun neurriak gogortu ditu. Tijuanako mugako garita batzuk itxi ditu dagoeneko, hilabete honetan bertan 90 egunez sarrera debekatzeko dekretua sinatu ondoren.Interes nazionala argudiatuta, agintariek asiloa eskatzeko eskubidea kendu die muga paperik gabe zeharkatzen duten migratzaileei, nahiz eta legediak dioen herrialdera «legez kanpo zein legearen barruan» iritsitako migratzaileen asilo eskaerak jasotzeko betebeharra duela. Hortaz, abenduaren 15era arte itxita egongo da muga iheslarientzat; hain zuzen, paperak dituztenen artean gehien zeharkaturikoa munduan: ofizialki egunero milioi bat pertsonak igarotzen dute.

Muga militarizatzea izan da beste neurrietako bat. Guardia Nazionaleko 2.100 kide ez ezik, soldaduak ere eraman ditu mugara. Kaliforniara 1.300, Arizonara 1.500 eta Texasera 2.800. Orotara 5.600 soldadu ezarri ditu harresiaren aurrean, eta datozen egunotan 7.000 izatea espero da, presidente errepublikanoak 15.000 ere bildaltzea baztertu ez badu ere. Patriota fidela eta Lerro segurua izenak jarri dizkie operatiboei.

Tijuanan bizi diren mexikarrak ikuskizuna ikustera joan dira hondartzara. Exodoaren aurpegiak dituzte begien aurrean, eta horien kemena aitortu dute. Trumpez ez dute ezer onik espero: «Pendejo bat da», diote. Kalifornia Behereko ipar-mendebaldeko puntan dago Tijuana. Pazifikoa zabal ikusten da hemen.

3.200 kilometroko muga

Murrua itsasoraino sartzen da, eta barrualderantz 50 kilometro ditu altzairuzko zutoinez eta burdinazko xaflez osatutako hesiak. Azken egunotan, burdin hariak eta txarrantxak jartzen ari dira murruaren goialdean.

AEBen eta Mexikoren arteko muga 3.200 kilometro luze da—Bill Clintonen garaian hasi ziren eraikitzen, 1994an—. Gaur egun, heren batean dago zutituta hesia, orografia malkartsua den eremuetan ia ezinezkoa baita ezer zutitzea. Mendietatik oinez sartzen dira migratzaileak, ordu luzez ibiliaz, eta beti koiote edo mugalarien laguntzarekin, eremua talde kriminalek kontrolatzen baitute, eta koioteek harreman zuzena dute horiekin. Tijuanan hasten den harresia harkaitzezko eremu lunatikoa duen mendatean amaitzen da, La Rumosoran. Hortik aurrerakoa koioteen eremua da, baita lapurretena, bahiketena eta bortxaketena ere.

Kalkuluen arabera, urtero 300.000 pertsonak zeharkatzen dute muga. Koioteekin egitea erronka zaila, arriskutsua eta garestia da. Batez beste 7.000 eta 9.000 euro artean ordaintzen dute migratzaileek, lehenengoak huts egiten badu beste saialdi bat ere egiteko hitzezko kontratuaren truke. Muga igarotzeak, hala ere, ez du bermatzen bertan betiko egotea. Tijuana hiriak hartzen du deportatu gehien AEBetatik.

Mexikok ere deportatzen ditu iheslariak. Washingtonek mexikarrekin egiten duena egiten du Erdialdeko Amerikako migratzaileekin. 2016an 143.226 deportatu zituen Mexikok, aurreko urtean baino %200 gehiago. Atxilotutakoen %84.

AEBek Mexikoko mugan atxilotutako lagunen kopurua ere itzela da, baina, kontrakoa badirudi ere, behera egin du atxiloketen kopuruak Trumpekin. Aurten 400.000 lagun inguru atzeman dituzte —urrian 66.000 izan ziren—. Iaz, berriz, 310.531 izan ziren orotara, 1971. urtetik kopuru txikiena. Zerrendan aurrenekoa 2000. urtea izan zen, 1,6 milioi pertsona atzeman baitzituzten urte hartan. Trump Etxe Zurian dagoenetik, hala ere, joan den urrikoa izan da atxiloketa gehien egin den hilabetea: 50.975 lagun, iazko urriaren bikoitza.

Asilo eskaerak, gora

AEBetan sartzeko ohiko prozedura ez da erraza izaten paperik ez dutenentzat. Migrazio garitara joan behar dute, eta han, txartel bat jasotzen dute, zenbaki bat, hitzordua emateko. Orduan, bi hilabete egon behar dute txanda jasotzeko zain. Deriak 30 urte ditu, eta irailaren erdialdetik dago Tijuanan. Senarrarekin eta 11, 8 eta 3 urteko seme-alabekin etorri da: «Hondurastik gatoz, baina karabana abiatu aurretik etorri ginen gu». Tapachulan, Mexikon, errefuxiatu estatusa aitortu zioten familiari, eta, horregatik, hilean 6.000 peso jasotzen dituzte [265 euro]. Diru horrekin iritsi dira iparraldeko mugara. «Washingtonera joan nahi dugu; han osaba eta iloba bizi dira, eta haiekin elkartu nahi dugu».

AEBetan errefuxiatu estatusa lortzea, baina, ez zaio erraza izango. Deriak «indarkeria» aipatu du, «denak arriskuan geunden», dio, baina ez du zehaztu nahi izan zer dagoen aitorpen horren atzean. Isiltasunarekin erantzun izanak eman dezake neurria.

2016an, AEBek 2.157 salvadortarri, 1.949 guatemalarri eta 1.505 hondurastarri aitortu zien errefuxiatu estatusa. Zenbakiak hutsalak dira urte bereko eskari kopuruak aintzat hartuz gero: 605.682. 2014tik bikoiztu egin dira eskaerak, eta oraintxe bertan 750.000 eskaera auzitegietan daude tramitatzeko zain.

Eimik 11 urte ditu, eta harresiari begira dago; Deriaren alaba zaharrena da. Harresiak, margoturik, artelan bat dirudi; polita dela esan liteke, zertarako dagoen pentsatzen ez den bitartean. Trumpek hauteskunde kanpainan egindako promesa zen, egundoko murru polit bat egingo zuela muga osoan. Kontua da harresi hori igarotzeko ahaleginean 15.000 pertsona inguru hil direla azken 25 urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.