Rafa Alkorta. Athleticeko kirol zuzendaria

«Adurizek jarraitzea gura dugu»

Rafa Alkorta ikurra izan zen Athleticen. Zelaian izandako arrakasta bulegoetan izatea du orain helburu. Kargua hartu berritan erabaki garrantzitsuak hartu behar izan ditu. Baikorra da, eta uste du taldeak «arazorik gabe» eutsiko diola mailari.

haritz gallastegi
Bilbo
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Rafa Alkorta pertsona zein kirolari gisa hazi zen lekura itzuli da: Lezamara. Orain, berari dagokio erakutsi ziotena beste batzuei helaraztea. Aitor Elizegik Lezamako ardura eman dio: Alkorta da kirol zuzendaria orain. Hasiera gaitza izan du. Talde nagusia krisian hartu du, eta, lur hartu bezain laster, merkatua arakatu eta taldea indartzea egokitu zaio. Behin neguko merkatua itxita, talde zuri-gorrian garrantzi handia duten jokalarien etorkizuna erabaki beharko du, baita Lezamarako prestatu duen proiektua abiarazi ere.

Athleticeko kirol zuzendari lanetan hasi berria zara. Zer aurkitu duzu klubean?

Aspalditik ezagutzen ditudan lagun asko daude klubean hainbat lan egiten. Bestalde, futbol profesionalera itzuli naiz. Goi mailako profesionalez inguratuta nago. Gustura ari naiz lanean.

Futbol profesionalera itzuli zarela esan duzu. Goi mailako jokalaria izan zinen. Gero, Jose Miguel Gonzalez Michel-ekin entrenatzaile laguntzaile lanetan aritu zinen Olympiakosen eta Olympique Marseillan. Orain, berriz, aurreko bi eginkizun horiekin zerikusi txikia duen futbolaren arlo bat jorratuko duzu.

Lan ezberdinak dira, baina batak lotura du bestearekin. Jokalari izateak futbola ezagutzeko era bat eskaintzen du. Entrenatzaile karguak beste ikuspuntu bat ematen du. Bata zein bestea oso baliagarriak dira kirol zuzendari lanetan aritzeko. Badakit futbolariek nola pentsatzen duten. Halaber, entrenatzaileen larruan ere jar naiteke. Horrela, haiekin harremana izatea eta komunikatzea askoz errazagoa da. Kirol zuzendari ona izateko, baliagarriak izango zaizkit nire kirol ibilbidean aurretik egin ditudan lan horiek guztiak.

Zer emango diozue zuk eta zure lantaldeak Athletici? Zein arlotan sakonduko duzue?

Lezama futbolaren erreferente izatea gura dugu. Jokalarien harrobi amaigabea izatea gura dugu. Lezamatik irteten diren jokalariek futboletik bizitzeko gaitasuna izatea gura dugu. Batzuek, Athleticen, eta lehen taldean lekurik ez dutenek, beste talde batean. Jokalari onak hazi eta gustuko dutenetik bizitzeko gertatu gura ditugu.

Denboraldia hasita hartu duzue Lezamako ardura. Gauzak errazte aldera, izan al duzu harremanik Jose Mari Amorrorturekin, aurreko kirol zuzendariarekin?

Lehengoan hitz egin nuen Jose Marirekin, baina berarekin ez dut harremanik izan. Hala ere, berarekin lanean aritu direnek klubean jarraitzen dute gurekin. Beraz, badakit zer egin den orain arte, eta nola egin duten lan. Egoera gaitza izan arren, ondo egin dugu bat.

Lezama itxuraldatu egin behar al da?

Goiz da zer behar duen esateko. Ardura hartu berri dut. Klub barruan zer dagoen ikusi eta aztertuko dugu. Hurrengo hilabeteetan pilatutako informazioarekin, erabakiak hartuko ditugu udan. Egun, Lezamako langileak ezagutzen eta haien lana aztertzen ari gara.

Profesional asko aldatuko dituzue?

Ez dakit.

Ez da erraza denboraldi erdian kargu berri bat hartzea. Horrez gain, talde nagusia larri zegoen Aitor Elizegik lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi zituenean. Lur hartu berritan, fitxaketak egin behar izan dituzue taldea indartze aldera. Ibai Gomez eta Kenan Kodro izan dira klubak egindako bi apustuak. Ibai ezaguna da klubean. Zer eman diezaioke Kodrok taldeari?

25 urteko aurrelari gaztea da. Konfiantza handia daukagu haren jokoan. Eskarmentua dauka; kanpoan jokatu du, eta badaki zer den beste liga batzuetan lehiatzea. Taldean lehiakortasuna handituko duela iritzi diogu. Lehia izatea ona da jokalari guztiek euren onena emateko. Kenanek gosea dauka. Athleticek, berriz, ez du aukera zabala aurrelari peto postuan. Beraz, lan saioetatik hasita, ona da jokatzeko gogoa dakarren futbolari bat izatea.

Begi bistakoa da taldean gol sena duten futbolarien eskasia dagoela. Baina hori nola lantzen da haztegian?

Gol sena berezkoa da. Golak sartzeko erraztasuna duen gazteari gauza asko erakutsi ahal zaizkio, baina sena daukanak badauka. Dohain hori ezin da erakutsi.

Kodro fitxatu aurretik bolo-bolo ibili zen Fernando Llorente taldeko jokalari ohiaren izena. Athleticek egin al dio eskaintzarik?

Klubak gertutik erreparatzen die Athleticen elastikoa jantz dezaketen futbolari guztiei, baina guk Kenan Kodro ekarri dugu.

Llorente ez da Athleticeko zale batzuen gustukoa, ez dute itzultzea gura. San Mamesen haren kontrako kantuak entzun dira. Zer iritzi daukazu sortu den egoeraren inguruan?

Nik iritzi guztiak errespetatzen ditut, eta are gehiago San Mameseko jarraitzaileena baldin bada.

Udan Llorente fitxatzeko ahalegina egingo al duzue?

Gaur-gaurkoz, daukagun taldea hobetzeko ahaleginean ari gara buru-belarri. Eta, era berean, bitartekoak jartzen ari gara Kenan ondo ari dadin.

Zure esku balego Llorente ekartzea...

[Alkortak moztu egin du elkarrizketatzailea] Ez iezadazu gehiago galdetu kontu horren inguruan. Esan beharrekoak esan ditut.

Javi Martinez eta Ander Herrera goi mailako jokalariak dira, eta Europako talderik onenetako bitan ari dira jokatzen, Bayern Munichen eta Manchester Uniteden, hurrenez hurren. Futbolari horiek erakartzeko aukerarik badago?

Berriz esango dut: Athleticen joka dezaketen futbolari guztiak hartzen ditugu aintzat. Ander Herrera, Javi Martinez eta Fernando Llorente beste talde batzuetan ari dira jokatzen, eta kontratua dute. Hori da argi dagoen gauza bakarra.

Bada, Athleticen ari diren jokalari batzuen inguruan galdetuko dizut. Aritz Adurizi sasoiaren amaieran bukatuko zaio kontratua. Klubak jarraitzea gura du?

Klubak Adurizek kontratua berritzea gura duen? Bai, noski. Adurizek egin duenaz urte batzuk barru ohartuko gara. Gure asmoa Adurizek taldean jarraitzea da.

Kapitainari ere kontratua amaituko zaio. Klubak jarraitzeko aukera eskainiko dio Markel Susaetari?

Liga amaitzeko sei hilabete falta dira. Gauza asko egin beharko ditugu epe horretan, eta, tartean, futbolari askorekin hitz egin beharko dut.

Mikel Ricok eta Ander Iturraspek ere lotu barik dute etorkizuna. Hainbat arrazoi direla tarteko, oso gutxi jokatu dute bi euskarriek. Klubaren etorkizunean lekua izango dute?

Jokalari oso onak izateaz gain, goi mailako profesionalak dira. Eredugarriak dira.

Baina Athleticen jarraituko dute?

Denboraldi amaieran hartuko dugu erabakia.

Alex Remiro ere zeresana ematen ari da. Haren ordezkariak adierazi zuen zure oniritziarekin Huescan utzita jokatzeko akordioa zegoela. Hala da?

Peton Peton da [Juan Antonio Martin, Remiroren ordezkaria]. Ez dut gehiago sakonduko. Aspalditik ezagutzen dut.

Zer esan gura duzu horrekin?

Esan dudana esan gura nuena da.

Remirok Athleticen jarraitzeko aukerarik badago?

Oraintxe bertan, ez.

Orain jokatzeko aukera dauka. Aurreko zuzendaritzarekin ate guztiak itxiak zituen.

Kontratua luzatzen ahalegindu gara, baina ez dugu lortu. Lehen taldeko jokalaria da, eta eskubide guztia dauka entrenatzaileak aukeratzen duenean deialdian egoteko.

Eta utzita dauden jokalarien artean ba al dago datorren sasoian Athleticen lekua izango duen futbolaririk?

Garaia iristen denean aztertuko dugu.

Klubak Gaizka Garitanoren alde egingo du apustu datorren sasoian taldea entrenatzeko?

Duda barik.

Jarraituko du, beraz.

Ez bizitzan, ez futbolean, ezin da ezer ziurtzat eman.

Bestalde, aurreko zuzendaritzak etete klausularik gabeko kontratuak sinatzeko bidea zabaldu zuen. Gustuko dituzu?

Ez dit axola. Futbolari onak ditut gustuko. Klubak hartzen dituen erabakiak dira.

Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu duenetik, egoera aldatu egin da, baina derbian galdu egin zuen Athleticek. Gustura zaude taldea egiten ari den lanarekin?

Konfiantza handia dut. Sailkapenak erakusten duena baino talde hobea da, baina denboraldi hasiera txarra ordaintzen ari da. Taldea askoz hobeto ikusten dut orain. Konfiantza handiz jokatzen du, eta sendo dago. Ligan parekotasun handia dago, baina ziur naiz ez dugula arazorik izango mailari eusteko.

Konfiantza daukazu, baina uste duzu salbazioa lortu arteko bidea luzea eta gogorra izango dela?

Gauzak ez dira erraz lortzen.

Athleticek Bartzelonaren kontra neurtuko ditu indarrak igandean; ligako liderrak bisitatuko du San Mames. Harmailetan giro beroa egongo da. Partida zaila eta, era berean, erakargarria da.

Bartzelonaren, Real Madrilen, Atletico Madrilen eta Realaren kontrako neurketak handiak dira. Gisa horretako lehietan erraza da motibatzea. Taldea ondo arituko da, eta irabazteko aukera duela irizten diot.

Alde horretatik, zein partidak erakartzen zaitu gehien, Real Madrilen kontrakoak ala Realaren aurkakoak?

Niretzat derbiak bereziak ziren. Jokalaria nintzenean, partidarik politena zen, baina ilusio handiagoa egiten zidan Real Madril edo Bartzelona mendean hartzeak.

San Mames bete egin zen emakumezkoen taldeak Espainiako Kopan Atletico Madrilen aurkajokatutako partidan. Bultza egiten jarraitzeko asmoa duzue?

Emakumezkoen taldean jokatzen duten guztiak profesionalak dira. Ildo horretan, gure taldea babesten eta jokalariei laguntzen jarraitzeko asmoa daukagu: taldea haztea nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.