Aziz Isa. Idazle eta aktibista uigurra

«Uigurrok gure herrian askatasunez biziko garela uste dut»

Txinak uigur etnia bere esaneko egiteko haien kultura eta identitatea ezabatu nahi dituela salatu du Isak. Dioenez, egia hori ezkutatzea geroz eta zailagoa egiten ari zaio gobernuari.

AZIZ ISA ELKUN.
urtzirrutikoetxea
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Aziz Isa poeta eta artista uigurra da. Londresen bizi da duela bi hamarkadatik, SOASko unibertsitatean irakasle dihardu, eta patxadaz hitz egiten du, noizean behin irribarre eginez. Baina esaten dituenak bere herrialdeari buruzko istorio gogorrak dira; kontakizun pertsonalak, familian jazotakoak eta uigur herriaren aurka Txinako Gobernua egiten ari den politikaren adibide. Azken hilotan oihartzun handia izan dute Isaren salaketek mendebaldeko hedabideetan, eta Beijingen oldarra areagotzea izan dute ondorio.

Txinako Gobernuaren eta uigur herriaren arteko gatazka oso aspaldikoa da, baina azken urteetan askoz oihartzun handiagoa hartu du.

Kontzentrazio eremuetan ehunka mila lagun sartu dituztela salatu duzue, eta Mendebaldeko hainbat gobernuk eta hedabidek ere bat egiten dute salaketa horrekin. Pekinek, aldiz, «estremismoaren eta terrorismoaren aurkako neurria» dela dio, eta beren borondatez doazela uigurrak bertara.

Txinak Xinjiang probintzia deitzen duen lurraldea uigurrona da; Uiguristan edo Ekialdeko Turkestan deritzogu guk. 71 urtez egin duena egiten ari da Txina orain ere; 1949an gure lurraldea okupatu zuenetik, ezin zenbatu dira egin dituen sarraskiak. Ezagutu ditugun azken izugarrikeriak, milioi bat lagun baino gehiago baldintza gizatiarrik gabe atxilotuz eta kontzentrazio eremuak giltzapetuz, zerrenda luze horretako azken krimenak baino ez dira. Gertatzen dena da, XXI. mendean, gaur eguneko komunikazio eta informazio jarioarekin, agerian gelditu dela.

Duela urte batzuk arte, ordea, Xinjiangeko probintzia autonomoa izanik, uigurreraz ikasten zen; uigur kulturak bazeukan nolabaiteko aitortza.

Ni neu uigurreraz ikasitakoa naiz eskolan eta unibertsitatean 90eko hamarkadan. Urumtxin ikasle nintzen 1989an Tiananmengo sarraskia gertatu zenean. 2000. urtean hasi ziren hizkuntzari ofizialtasuna kentzen, eta geroz eta neurri gogorragoak hartzen, gaur egunekora iritsi arte. Kontuan izan behar da zer-nolako lur eremu zabalaz ari garen hizketan, Europa mendebaldea baino handiagoa da Ekialdeko Turkestan, 1,5 milioi kilometro koadro da uigurron lurralde hori, eta Txinaren baliabideen %40 gure lurrean ostetik datozkio. Gure lurra behar dute, baina ez dute uigurrik nahi. Horregatik datoz izugarrikeria hauek, asimilazioaren mentalitate faxista hori daukate, ezabatu euren kultur nortasuna, buru-garbiketa egin uigurrei, utz diezaiotela uigur izateari eta Xi Jinpingi sinets diezaiotela.

Geroz eta gehiago dira Txina uigurren aurka egiten ari den politika gaitzesten dutenak Mendebaldean; ehunka mila lagun atzeman eta zentro berezietan dituztela dioten ebidentziak ere metatzen ari dira, BBCk, esate baterako, argitara eman bezala. Pekinek, baina, borondatezko ikasketak direla dio. Zer ari da gertatzen?

Dirua daukate, eta mundu guztiari ziria sar diezaioketela uste dute, baina nabarmen ari dira geratzen. Familiak bereizi dituzte, haurrak gurasoengandik urrundu... AI Amnesty Internationalek ere salatu du umezurztegietan sartu dituztela haur horiek; euren hizkuntzan egiteko ere beldur dira, txineraz egin ezean zigortu egingo dituztelako. Imajinatzen duzu seme-alabak horrela haztea?

BBCk oso datu garrantzitsuak eman ditu, Txinak gezurtatu egiten ditu, noski, baina ukaezinak dira ikerketaren ondorioak, kanpamenduetan egondako biktimekin eurekin jasotako datuak dira horietako asko. Atxiloketak, torturak, emakumeen bortxaketak eta antzutze-programak, gosetea, giza organoen trafikoa eta beste hainbat krimen ari dira egiten 2014tik. Mendebaldearen propaganda dela erantzuten dute Txinako agintariek, baina dagoeneko ez dago egia ezkutatzerik, hainbeste lekukotza, ikerketa eta froga egonda. Terrorismoaren aurkako berreziketa-kanpamendu bezala erakusten dituzte, baina egiazko terrorea kanpamendu horien barruan egiten dute milioika uigurren aurka.

Kontzentrazio esparru horiek teknologia laborategiak ere badira, gero Txinak mundu guztiari saltzen dion zelatatze teknologikoaren probak egiteko. Uigurrok gara euren akuriak, eta eremu militarrean gure aurkako test horiek funtzionatzen dutela frogatuta egiten dute jauzi eremu komertzialera, mundu osoan dirutza egiteko.

Zuk zeuk elkarrizketa asko eman dituzu azken bi urteotan, agintariek zure aitaren hilobia txikitu zutela salatu zenuenetik. Zer gertatu zen zehazki?

2017ko azaroan hil zen aita. Ni urte hartan bertan, hilabete batzuk lehenago, egon nintzen berarekin. Orduan ikusi nuen azkenekoz. Etsita nengoen, aita ezin ikusi eta ezin zaindu, banekien ez zitzaiola askorik geratzen, eta bisatua ukatu egin zidaten Londresen. Hong Kongera joan nintzen orduan, han lortzeko asmoz, eta azkenean lortu nuen. 2017ko otsailean hamar egunez baino ezin izan nuen egon aitaren aldamenean; gero, Txinako Poliziak hona itzularazi ninduen, kanporatu egin ninduen. Ez zidaten motiborik eman, eta atxilotzeko mehatxua egin zidaten, hilabeteko bisa izan arren. Handik hilabete batzuetara hil zen.

Eta, handik gutxira, aitaren hilobia bera txikitu zutela salatu zenuen.

Ordurako hasiak ziren salaketak, Txinak uigurrak masiboki atxilotzen eta «berreziketa» kanpamenduetan giltzapetzen zituela esaten. Nik ezin nuen Txinara joan, baina Google Mapsen bidez ikusten nuen aitaren hilobia. Halako batean, 2019ko apirilean, hilerria desagertu zela ikusi nuen. Ezin nuen ulertu nola egin zitekeen halakorik. Sekulako samina eragiten duen zerbait da hilak ere ez errespetatze hori. Eta ohartu ginen ondarea txikitzeko ahalegin sistematiko horretan hilerriak ere txikitzen ari zirela. Hasieran, Txinako erregimenak ukatu egin zuen, baina geroz eta ebidentzia gehiago geratu ziren agerian nazioarteko hedabideetan, satelite irudietan eta lurrekotan. Azkenean onartu zuten, are era iraingarriagoan: gure hilerriak, gure hilen hilobiratzea eta gure kulturako ehorzketa tradizioak, basatitzat erakutsi zituzten, naturaren aurkako aitzakiak ere aipatu zituzten, mila gezur erabili zituzten hain intimoa den gauza bati erasotzeko. Hilobi musulmanak dira, baina gure herriak lehenago izandako erlijio eta sinesmenen arrastoak ere bizirik daude. Gure ohituren arabera, ez duzu hilobia soilik mugitzen, izpirituei ere eraso egiten diezu, eta gure arbasoen topalekuari.

Iraina eta gutxiespen arrazista baino ez dira Txinaren aitzakia horiek. Eta, gertatzen ari dena salatzen baduzu, edozertarako prest daude: euren espetxealdietako presioa, mehatxuak eta burua jatea, handik irteteko zure nortasunari eta izanari uko egin eta asimilatutako txinatar eredugarri gisa agertu arte.

Zer gertatu zen zure amarekin? Zure salaketen aurka hitz egin zuen Txinako telebistan.

Aipatu dizkizudan presio mekanismo horiek darabiltza erregimenak uigur erbesteratuokin, teknologiak lagunduta askotan. Norbaiti telefono bidezko mezua bidaltzea senide batek, adibidez, etxera itzultzeko eskatzen. Nire kasuan, zabarragoa izan zen: CNNk nire salaketaren berri eman eta egun gutxira, Txinaren erantzun ofiziala nire ama euren telebista ofizialean agerraraziz etorri zen. Pentsa, aita 2017ko azaroaren 4an hil zen, eta handik lau egunera izan nuen heriotzaren berri lagun bati esker. Handik hilabetera, amarekiko komunikazio guztiak eten zituzten. Ez nuen ez amaren ez beste senideen edo gure herriko inoren berririk izan bi urtez. Orduan jakin nuen, eskualdetik kanpoko batzuen bidez, ama bizi zela eta arreba kontzentrazio eremu batean preso zutela urte eta erdi baino gehiagoan. Gainontzeko senideei buruz, albiste txikienik ere ez. Eta, hara non, bi urte baino gehiagoren ostean amaren ahotsa lehen aldiz entzun nuenean, nire aurka berbetan egiteko izan zen. Iazko urtarrilean telebistan irten zen, seme txarra nintzela esaten, familiari lotsa nekarkiola, aitaren hilobiaren auzian zarata gehiagorik ez egiteko gaztigatzen, hilobi hobe eta txukunago batera eraman zutela argudiatzen. Nabarmena zen idatzi ziotena ari zela esaten, baina izugarri mingarria da norbere ama Txinaren propaganda bideo batean ikustea horrelakoak esaten. 79 urte ditu, makal dago, zaindu ahalko lukeen seme biologiko bakarra naiz, eta komunikazio guztia etenda daukagu berriz.

Urteak daramatzazu etxetik urrun, literaturan eta kulturan lanean batez ere, baina azkenaldian ekintzaile ezagun ere bihurtu zara.

Ni idazle arrunta naiz, maite dut nire herria eta nire hizkuntza, eta horiek sustatzea izan da nire lana beti. Orain ere horretan dihardut nagusiki, adierazpen askatasunean sinetsita. PEN Uigur taldea berreraiki dugu, hainbat mintegi ari gara antolatzen, uigur diasporari nola eutsi adibidez. Literatur lehiaketa bat ere antolatu dugu, eta, horrekin batera, kanpainak egiten ditugu Txinako espetxeetan dauden uigur idazle, poeta zein kazetarien giza eskubideen alde; Ilham Tohti idazlearen alde, esaterako. PEN uigur taldearen lehentasuna hori da, kultura, gure literatura sustatzea, espetxean diren egileen lanak ezagutaraztea. Baina genozidio baten erdian ari gara hori egiten, jende asko hondoa jota dago, depresio izugarriekin. Testuinguru horretan ari gara lanean, eta horri eutsiko diogu. Badakigu gizarte zibila gurekin dagoela.

Ahots ugari entzun ohi dira azkenaldian Txina uigurrekin egiten ari dena salatzen, baina badakizu interes ekonomiko, militar zein politikoak ere handiak direla. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Etorkizun hurbilean horretarako baldintzak egotea espero dut, eta etxera itzultzea. Uigurrok gure herrian askatasunez biziko garela uste dut, Txinaren sailkatze arrazistatik eta genozidiotik libre. Ez dugu zerikusirik han txinatarrekin, turkiar herria gara, nagusiki musulmanak, eta gure hizkuntzak ez du mandarin txinerarekin zerikusirik. Uiguristan libre izango den ametsa dut; independentziak baino ez digu ekarriko hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.