Ildo «moderatuaren» aldekoa

Europako Alderdi Popularrak Manfred Weber CSUkoa aukeratu du Europako Batzordeko presidente izateko hautagai. Merkelen aliatuak Europako Batasunaren «egonkortasuna» lehenesten du
Manfred Weber Europako Batzordeko presidentetzarako EPPren hautagaia izango dena, Alexander Stubbi bostekoa ematen, atzo, Helsinkin.
Manfred Weber Europako Batzordeko presidentetzarako EPPren hautagaia izango dena, Alexander Stubbi bostekoa ematen, atzo, Helsinkin. KIMMO BRANDT / EFE

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 9
Politikaz haiek nahiko zuketen moduan ez duela hitz egiten iritzita, EPP Europako Alderdi Popularreko kideek pentsatzen dute Alexander Stubb Finlandiako lehen ministro ohia «exotikoa» dela. Herenegun, haien aurrean hitz egin zuenean, robotika, adimen artifiziala eta gidaririk gabeko autoak izan zituen hizpide, adibidez. 2019ko maiatzaren 26an egingo dituzte Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta Europako Batzordeko presidentetzarako EPPren hautagaia izateko bi hautagaietako bat zen Stubb, atzo arte. Baina Europako eskuinaren ordezkariek beste hautagaia aukeratu dute: Manfred Weber europarlamantari eskarmentuduna, CSU Batasun Sozial Kristauaren buruzagiordea, Angela Merkel kantzilerraren aliatua. Ostegunean hitz egitea tokatu zitzaionean, EPPren lana goratzera mugatu zen. Eta bera hautatu dute, politikari «moderatua» iruditzen zaiela argudiatuta.

EPPk kongresua egin du azken bi egunetan Helsinkin, eta parte hartu duten 758 ordezkariek atzo bozkatu zuten hautagaia aukeratzeko. Weber erraz nagusitu zaio Stubbi, botoen ia %80 bereganatuta. Aurreikuspenak bete dira, horrenbestez. Izan ere, Weberrek bazekien Alemaniako CDU Batasun Kristau Demokratikoaren, Espainiako PPren, Italiako Forza Italiaren eta Frantziako LR Errepublikanoak alderdiaren babesa ziurtatua zuela.

Weber 46 urtekoak Merkelek EB Europako Batasunarentzat duen ideia defendatzen du, eta kantzilerraren antzeko hizkuntza zuhurra erabiltzen du, gainera. Atzo, EPPren hautagai hautatu moduan egindako diskurtsoan, Merkelek proposatu izan duenaren ildotik mintzatu zen. «Sor dezagun Europako Batasun egonkor bat. Eraiki ditzagun zubiak Europako Batasunaren eta herritarren artean», azpimarratu zuen Weberrek. Esan ez arren, badaki, ordea, nortasun krisi moduko bat nozitzen ari dela eskuina.

Eskuin muturrak azken urteotan Europan izan duen gorakadari eustea, hori apaltzea izango du helburu Weberrek, nahiz eta diskurtsoan ez zion horri aipamenik egin zuzenean. EBren ideiarekin hautsi asmo duten «nazionalismoak» deitoratu izan ditu, eta, atzo, europar izateaz duen kontzeptua argitu zuen: «Ni naiz bavariarra, alemaniarra, eta europarra. Ez dut uste bateraezina denik». Elkarrizketaren batean esana dauka badela «bizimolde europar bat, nortasun europar bat».

2004tik da diputatua Europako Parlamentuan, eta azken urteotan popularren taldearen burua izan da ganbera horretan. Kutsu kontserbadoreko politikak ezartzearen aldekoa da, eta erabat lerratuta dago alderdi demokristauen egitekoarekin. Dena dela, CSUko gainontzeko agintariak baino moderatuagotzat hartzen dute. «Europako herri guztietan eliza kristau bat egon ohi da, beti, herriaren erdian», adierazi zuen atzo. Haren ingurukoek diotenez, ez du zerikusirik oraindik ere Europako Batzordeko presidente denarekin, Jean Claude Junckerrekin; hura baino askoz ere diskretuagoa dela, alegia.

Europako Alderdi Popularreko kide denez, Junckerrek kongresuan parte hartu du. Merkel bera, Pablo Casado PPko burua eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentea Helsinkin egon dira; baita Viktor Orban ere. Hungariako lehen ministroak hautagai ofizialistaren alde bozkatu du, nahiz eta joan den irailean, Europako Parlamentuan egindako bozketa batean, azken urteotan ezarri dituen hainbat neurrirengatik Hungariari zigor prozedura bat irekitzearen alde bozkatu zuen Weberrek berak. Ez du ezkutatzen Orban «arazo bat» denik, baina EPPk ez du Fidesz Hungariako lehen ministroaren alderdia taldetik kanporatzeko asmorik.

Migratzaileak eta ekonomia

Helsinkin azkeneko bi egunetan popularrek hauspotutako eztabaidetan bi gai nagusitu dira besteen gainetik: «migrazioren desafioa», Joseph Daul EPPren presidenteak definitu moduan, eta hazkunde ekonomikoa. Horiei buruzko ondorio argirik ez dute atera, ordea. Weberrek argi utzi nahi izan du, bestalde, ez duela nahi Turkia EBko kide izatea: «Turkiak ezin du izan EBki kide».

Egun, EPPk du gehiengoa Europako Parlamentuan, eta, argitaratutako inkesten arabera, horri eutsiko dio 2019ko maiatzaren ondoren. Kontuan hartu behar da, gainera, EBko bederatzi gobernutako buruak EPPkoak direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna