Albistea entzun

Mendi ibilbidea

Albina urtegiko bira

Baso trinkoaz eta bagarik gabeko itsaso bareaz gozatze aldera, Albinako urtegia inguratzera abiatuko gara.
Baso trinko batek babesten du Albinako urtegia.
Baso trinko batek babesten du Albinako urtegia. JOSEAN GIL-GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Josean Gil-Garcia -

2021eko irailak 21

Albinako urtegia Legutioko hiribilduaren iparraldean dago, baso trinko batez inguratuta. Urtegiko presa aspaldi eraiki zuten, eta zilarrezko ezteiak ospatu berri ditu. Gasteizko biztanleriaren egarria asetzeko asmoz, beraz, harriz harri altxarazi zuten hesi bat, eta, horretarako, tupustean geldiarazi behar izan zuten Albinako Laua korritu ohi zuen erreka emaritsua. Gaur egun, paradoxikoa bada ere, basoaz eta kostalde bitxiaz gozatzeko aukera ona eskaintzen duen paraje hezea da Albinakoa. Gainera, ertza inguratzen duen zidorra ez da batere zorrotza. Maldatxoak ez dira, beraz, hauspoa ederki berotzen duten horietakoak. Naturaren zale ugariren biltoki bilakatu da azkenaldion: bidazti franko ikusiko ditugu harat-honat bagarik gabeko itsasoan barrena. Izan ere, ur emariari begira egoteak barneko zoriontasunaren putzua samur-samur astintzen omen du.

Pagotxikitik Otamendira

Ibilbidearen abiapuntua Legutioko aparkalekua da, hilerri zaharraren ondoan egokiturik dagoen zabalgunea. San Rokeren parkean abian jarriko gara, beraz, eta Aramaio aldera egingo ditugu lehen urratsak. Desbideratzean, eskuinera hartu eta men egingo diogu Albinako presara jotzen duen basabideari. Albinako urtegiak isurtzen duen Bostibaieta ibaia gurutzatu baino lehenago, ezkerretik doan bide nagusira joko dugu, eta, ibarrari begirik kendu gabe, goratasuna hartuz joango gara. GR 282 eta GR 38 bide seinaleak aldamenean eramango ditugu. Hilerri berriaren aurreko zelaigunera iritsiko gara ziztuan. Eskuinetik doan basabidea hartuko dugu gero, tinko-tinko, eta Pagotxikiko gaina zapalduko dugu.

Errepidera jaitsi gabe, basoaren altzoan doan bidexkari begi kliska bat egin ostean, haren konpainian jarraituko dugu, leun eta samur. Urrustizar muinoa inguratzen hasiko gara luze gabe. Pagaditik irten berritan, Lawson altzifre ilunek harrera bitxia egingo digute. Orduan, porlan blokez osatutako etxola baten paretik igaroko gara. Ondoren, Urrustiza muinoa alde batera utzi, eta jaisten hasiko gara. Bide nagusiak iparraldera egingo du orduan, betiere Legutio eta Aramaio lotzen dituen errepidearekin bat egin dezagun.

Asfaltoa zapaldu gabe, baina, eskuinetik jarraituko dugu Aramaiora zihoan errepide zaharra zapalduta. Albinako urtegiko ertzarekin bat egingo dugu uste baino arinago. Bideak sigi-saga eramango gaitu urtegiko bazter hezetik aldendu gabe, eta, hasieran, altzifreen babesean. Haritz (Quercus robur) galant baten aurrean izango gara berehala. Ur maila gertu dugula, GR zidorrak aukera paregabea eskainiko digu paisaiaz gozatzeko. Pintura arrastoek errepidea gurutzatzeko gonbita egiten dutenean, ordea, bide seinaleei muzin egin, eta ertzak korritzeari eutsiko diogu. Landaretzak bidexka zorrotz estutzean, goraxeago doan terrazatik jarraituko dugu, hots, errepidearen ondoan doan tapizetik.

Otamendiko zubiaren inguruan, errepidera igoko gara derrigor, urtegiaren ertza asfaltoaren azpitik baitoa. Ur emaria gaindituta, basoan sartu eta ertz aldera jaitsiko gara berriz, betiere alderik alde gidatuko gaituen xendari men eginez. Albinako Lauaren aldera begira jarrita, inguruko paisaiak liluratu egingo gaitu; izan ere, tamaina ederreko haritz sendoez gainera, hondartza xumeak ikusiko ditugu bazter horretan. Pistan aurrera eginda, eskuinera egingo dugu bidebanatzean, eta, hala, ertzera bueltatuko gara. Urratsak egin ahala, nabarmenduko dugu urtegia bera belardi gune zabalak ordezkatuko duela. Urtegia elikatzen duen meandroari segika, basabide zabal batekin topo egingo dugu. Eskuinerantz joko dugu; Albinako errekastoa gurutzatu, eta urratsak hegoaldera egingo ditugu segidan. Pinudira iristean, Jarindo mendirako zidorra alde batera utzi, eta eskuineko aldera doan basabidea hartuko dugu. Horiek horrela, urkiak, hurritzak, gorostiak, haritzak eta pagoak aldamenean ditugula, osteratxo galanta emango dugu basoan barrena.

Aurrerago, langa metaliko batek seinaleztatuko du Jarindo igotzeko bide azkarra. Ate hura gurutzatu ordez, eskuinetik segituko dugu, basabidetik irten gabe. Hurrengo bidebanatzean berriz eskuinera hartuta, Pagola erreka gurutzatu, eta urtegiko presaren ondoko eraikinera iritsiko gara. Bostibaietako ibarrean behera eginda, Legutioko hiribilduan emango diogu itxiera zirkuitu honi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Isak gola ospatzen, atzo, Sturm Grazen aurkako neurketan. ©CHRISTIAN BRUNA / EFE

Realak lehen garaipena lortu du Europa Ligan

Jone Bastida Alzuru

Realak irabazi egin du Sturm Grazen aurkako partida: 0-1 gailendu da. Isakek sartu du lehiako gol bakarra, bigarren zatian

 ©SEDIS BASQUET

«Momentuaz gozatzen ari naiz»

Jone Bastida Alzuru

Estatistikek erakusten dute Etxarri sasoi hasiera aparta egiten ari dela: Espainiako Lehen Mailako saskiratzaile nagusia da, partidako batez beste 19,2 puntu bilduta. Hazten segitu nahi du.
Osasunako jokalariak, <em>Chimy</em> Avila-k Vila-reali sartutako gola ospatzen. ©DOMENECH CASTELLO / EFE

Denak bat eginik, gorabidean

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bosgarren postuan iritsiko da Lehen Mailako hamargarren jardunaldira, hasiera itzela osatu eta gero. Miguel Flañoren ustez, oraingo emaitzak azken urteetan hartutako ildoaren segida dira: «Oso egina dago taldea». Gorritxoek onbidean jarraitu nahi dute gaur, Sadarren Granadari irabazita.

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Azken urte eta erdian asko sufritu dut; burumakur nengoen»

Mikel O. Iribar

Azken hamasei hilabeteak ez dira garairik samurrenak izan Zaratamokoarentzat, hainbat arrazoirengatik. Pixkanaka, sentipen «hobeagoak» ditu. Bihar, Lasoren aurkako partida erabakigarria jokatuko du, Zallan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.