Garbia, merkea, agorrezina

Fusio nuklearraz biltzar handi bat egin dute Donostian; ITER proiektua ezagutarazten lagundu du

Kongresuaren harira Kursaalen zabalik egon den erakusketaren irudi bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Energia garbia, merkea, agorrezina. Ametsa dirudi, baina biharko eguna da. Fusio nuklearrari esker etorkizuneko belaunaldiek kutsadurarik sortzen ez duen energia erabiliko dute, mugagabea. Halere, erronka gainditzeko, lan handia egin behar dute eremu horretan diharduten ikertzaileek. Egun hauetan mundu osoko 800 zientzialari, industrialari eta teknologo elkartu dira Donostian, 28. Fusio Teknologien Sinposioaren harira. Besteak beste, ITER proiektuaren nondik norakoak izan dituzte aztergai.

Une honetan, zientziaren alorrean martxan dagoen proiektu oso garrantzitsua da ITER. Helburua da fusio erreaktore bat diseinatzea energia lortu ahal izateko. Egun, fisio erreaktoreen bidez lortzen dute energia zentral nuklearrek; hots, atomo handi bat bitan zatituz eskuratzen dute. Fusio nuklearraren bitartez, ordea, izarren nukleoetan gertatzen den moduan, bi nukleo txiki hartu —normalean deuterioa eta tritioa konbinatzen dira, helioa eta energia sortzen dituztela— eta elkartu egiten dituzte energia lortu ahal izateko. Nukleo horiek itsasotik eta lurrazalean dagoen litiotik eskura daitezke.

Goretti Sevillanok EHUko Sistemen Ingeniaritza eta Automatikako Sailean egiten du lan, eta erreakzio nuklearra nola sortzen den azaldu du: «Atomoak huts kamera batean sartzen dira. Eremu elektromagnetikoei esker nukleo horiek kameran mugitzen dira, eta oso gertu daudenean fusionatzen dira beste atomo bat sortuz eta energia askatuz». Erreakzio horrek energia askatzen du; horrenbestez, beste sistema baten bidez, energia hori sare elektrikora bideratzen da.

Frantzia hegoaldean —Cadarachen— eraikitzen ari diren ITER erreaktorea Tokamak motakoa da. Makina horrek energia handia erabiltzen du plasma sortu ahal izateko, eta, ondoren, atomoen fusioa ahalbidetzen du. Sevillanok azaldu duenez, ikerketaren erronkarik handiena da gasa plasma moduan mantentzea eta fusio erreakzioak denbora luze batean iraunaraztea; izan ere, fusio erreakzioen ondorioz, gailuak tenperatua handia jasan beharko luke hori lortu ahal izateko, eta, horretarako, erreaktorean erabili behar diren materialak ere garatu eta ikertu behar dira. Oraindik orain, ez dute lortu plasma egoerari aski denboraz eustea.

Gizadiaren historia laburrari so eginez gero, askoren ustez, erreaktore eta nuklear hitzek ez dute oso bikote ona egiten. Dena den, EHUko ikerlariaren aburuz, ez dago zertan kezkatu: «Fisioan kontrola galtzen bada, eztanda egiten du, Txernobilen gertatu zen eran. Fusioarekin, berriz, erreakzioa gelditu eginen litzateke». Gainera, fusioak sortzen dituen hondakin nuklearrek ehun urte baino gutxiago iraunen lukete.

Marrazturiko bide orria betetzen bada, ITER 2050erako prest egongo dela esan du Espainiako Fusio Laborategiko (CIEMAT) Juan Antonio Jimenezek: «Energia sortu ahal izateko azken txanpa izanen litzateke. Guztia ongi irtengo balitz, energia sortzeko makina eraikiko genuke, baina, gutxienez, 30 urte gehiago beharko ditugu». Bide luzea den arren, uzta oparoa izanen dela dio: «CO2 isurketen arazoa gutxiagotuko litzateke, besteak beste».

1986tik lanean

Proiektu honetan lanean hasi ziren lehenak Japonia, Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna izan ziren, 1986an. Gerora, herrialde gehiagok bat egin dute erronka zientifikoarekin: Europako Batasunak, Hego Koreak, Indiak eta Txinak. 2007tik ari dira erreaktorea eraikitzen. 15.000 miloi euroko aurrekontua du; historian eraiki diren proiekturik garestienen artean dago. Donostiako topaketan egun bat eskaini diote ITER proiektuari. Izan ere, eraikuntza prozesuan parte hartzen ari diren herriekin batera, gero eta enpresa gehiagok bat egin dute erronkarekin. Gainerako egunetan, 72 ahozko aurkezpen eta 700 poster egon dira, eta astebetez Euskal Herriko eta nazioarteko ikerketa eta garapen enpresen erakusleihoa izan da Kursaala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.