Irabazleak saria dauka

Athleticek eta Eibarrek derbia jokatuko dute gaur San Mamesen. Atzealdeko taldeak urrundu ditzake garaileak

Aitor Manterola Garate.
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Aparteko garrantzia dauka gaur gauean San Mamesen Athleticek eta Eibarrek jokatuko duten derbiak, irabazleak atzean utziko lukeelako jaitsieraren mamua neurri handi batean. Sailkapenaren erdian daude bi taldeak, Eibar puntu bat goitik dela, eta gaurko irabazleak gertu izango luke 40 puntuen langa, datorren sasoian ere Lehen Mailan jokatzea, beraz.

Bi taldeak ari dira helburu horren bila, abiapuntua ezberdina izan bazuten ere. Athletic ibili da Eibar baino larriago orain arte, eta asko kosta zaio atzetik burua ateratzea. Gipuzkoarrak ez dira hain larri ibili, baina jaitsierako taldeak ahalik eta gehien urruntzeko nahian dabiltza aspalditik.

Etxekoen artean ez da batere dudarik hau dutela denboraldiko une onena. Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik partida bakarra galdu du, Anoetako derbia, eta San Mamesen alerik galdu gabe dabil. «Oso bolada onean gaude, eta batez ere, etxean ari gara erakusten hori», esan zuen atzo Garitanok. Eibarren kasuan ere gutxi galtzen ari da azkenaldian, eta egiten ari den jokoak ere oinarri sendoa ematen die aurrera jarraitzeko. «Oso pozik nago ondo ari garelako jokatzen», adierazi zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek, armaginen entrenatzaileak.

Irin guztiak ez dira, ordea, zuri, eta bi taldeetan badute zer hobetu. Athleticen kasuan, garbi utzi du Garitanok zein duten gabezia handiena: «Asko kostatzen ari zaigu golak sartzea». Eibarri dagokionez, etxetik kanpo Liga honetan partida bakarra irabazi du: «Kostatzen ari zaigu Ipuruatik kanpo nagusitzea, baina jokoa ona ari da izaten», esan zuen Mendilibarrek.

Konfiantza aldetik indartsu daude bi taldeak.Estiloen aldetik, berriz, bat eta bakarraren aldekoa da Mendilibarren taldea, eta ez du inor harrituko gaur plazaratzen duen moldeak. «Ausartak izan behar dugu», esan du Zaldibargo entrenatzaileak. Garitanoren Athletic ere ari da nortasuna hartzen, baina moldagarriagoa da, egoera eta molde ezberdinak erakusten ari delako.

San Mamesen azalduko ez diren jokalarien artean, Athleticen Cordoba dago, entrenatzaileak hala erabaki duelako, eta Eibarren hogeiko zerrenda osatu du Mendilibarrek. Ramis eta Calavera ez dira joango, minez daudelako. Berezia izango da gaurkoa hainbatentzat, aurkariarekin ere aritu direlako Capa, Dani Garcia, Yuri, Garitano, Mendilibar eta Arbilla.

ATHLETIC-EIBAR

Athletic. Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Beñat; De Marcos, Raul Garcia, Muniain; Williams.

Eibar. Dmitrovic; Peña, Arbilla, Bigas, Jose Angel; Orellana, Diop, Jordan, Cucurella; Enrich eta Charles.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 20:45ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.