Lehengo ziurtasunak, oraingo galderak

Fran Garagarzak bere bidea ezarri du Eibarreko kirol zuzendari moduan egin dituen 11 urteetan. Lehen taldearen kirol emaitzak onak izan direnean, txalotua izan da; orain, ez hainbeste.

Fran Garagarza, otsailean, agerraldi batean. GORKA RUBIO/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Badoanez Fran Garagarza (Mutriku, Gipuzkoa, 1969) Eibarretik, haren kirol zuzendaritzako 11 urteko lana aztertzeko garaia da orain.

LAN EGITEKO BERE ERA

Bigarren B Mailan zegoen Eibar Garagarza kirol zuzendari izendatu zutenean, 2011n. Aurreneko erabakia: «Aurrekontua murriztu behar dugu, eta taldea gaztetu». Manix Mandiolak jarraitu zuen entrenatzaile. Aldaketa gero etorri zen, hurrengo denboraldian: Gaizka Garitano jarri zuen, bigarren taldea zuzendu eta gero. 2013an jo zuen Bigarren Mailaren goia taldeak: Dani Garcia, Yuri, Ander Capa, Xabi Irureta, Jon Errasti, Txema Añibarro, Mikel Arruabarrena, David Mainz eta beste hainbat ziren jokalariak. Euskal Herrikoak asko. Beste talde batzuetatik utzitakoak ere bai, dirurik ezean horrexek izaten segitzen baitzuen Eibarren filosofia. Javi Perez lehenagoko kirol arduradunaren bidean segitu zuen Garagarzak.

Ezaguna zen nola jakiten zuen Perezek zein jokalari ziren onak Eibarrerako, taldea Bigarren Mailan egon zen urte luzeetan, eta begia nola jartzen zuen Bigarren B Mailako taldeetan: Marca kirol egunkariak astelehenero Bigarren B Mailako partida guztietako hamaikakoak eta jokalariei emandako puntuak argitaratzen zituen. «Ikusten banuen jokalari bat askotan zetorrela puntu askorekin, izena gordetzen nuen», kontatu izan du Perezek. Garagarzak berak ere ezagutu zuen lan molde hori, baina berea ezartzen hasi zen: Espainiako futbola eremuka banatu, eta arduradun bana ezarri zuen bakoitzean. Hark esana da harrotasunez BERRIAn elkarrizketa batean: «Luis Enriqueren laguntzaile bat dena orain gurekin ibili zen lanean».

....ETA BAT-BATEAN, LEHEN MAILARA

Denboraldi bat baino ez zen egon Eibar Bigarren Mailan Garitanorekin: segituan Lehen Mailara igo zen. Lan ildoa ez zen aldatu Bigarren Mailako denboraldian: utzitako jokalariak ere bazeuden, eta bi nabarmendu ziren (Morales eta Jota Peleteiro). Euskal Herriko multzoak segitu egiten zuen, eta haiek ziren taldearen enborra.

Eibarren dirua ez da botatzen, eta egoera honek ederki azaltzen du zer zen Eibar: Bigarren Mailako denboraldian, Garitano zen entrenatzailea, aurkarien aztertzaile eta abar. Eguerdian partida Ipuruan, arratsaldean autoa hartu eta Mirandara, Bigarren Mailako talde bat ikustera, eta bezperan, beste partida bat ikustera Mendizorrotzara. Hori zen Garagarzaren Eibar garai hartan. Alex Aranzabal zen presidentea.

Kontua da Lehen Mailako estreinakorako hala moduzko taldea osatu zela. Euskal Herrikoen multzoak bertan segitzen zuen, eta nahikoa egiten zuten. Kanpotik ekarritakoen maila izan zen zalantzagarria, eta horrela joan zen taldea Bigarren Mailara. Elxen jaitsiera administratiboak salbatu zuen. Begiratu besterik ez dago non ibili diren eta non dabiltzan orain talde horretako kanpoko jokalariak. Garagarzak asmatu ez zuela esan behar da? Baliabide gutxirekin, zaila asmatzea.

DIRUAREKIN, JOKALARIAK ONDARE

Ikusita Lehen Mailako lehen denboraldian gauzak oker joan zirela, beste bide bati ekin zioten administrazio kontseiluak eta Garagarzak: jokalariak erosten hasi ziren. Ondorioz, lehen taldearen itxura aldatzen hasi zen: «Klubak aktiboak behar ditu», zioen orduan kirol zuzendariak. Horrela azaldu ziren Sergi Enrich, Asier Riesgo, Takashi Inui, Adrian Gonzalez eta Gonzalo Escalante, adibidez. Beste aldaketa handia aulkian egin zuen Garagarzak: Jose Luis Mendilibar jarri zuen.

Aldatu ez zena izan zen Garagarzak jokalariak fitxatzeko erabili izan duen filosofia: «Jokalariak bilatzen ditugu, baina, ororen gainetik, pertsonak». Hark esana da nola hitz egiten zuten jokalarien ingurukoekin, ahalik eta informazio gehien biltzeko.

Jokalariak erosteko bideak berdin segitu du gerora ere. Kasuren batean, klausulak ordaindutaekarri ditu Eibarrek. Haiek klubaren ondare izateak aukera eman dio salmentak egiteko ere. Adibiderik handiena Joan Jordanena da: Valladolidetik ekarri zuen Eibarrek 2017an, 1,2 milioi euroren truke, eta bi urte geroago, 14 milioi euro jaso zituen Sevillarengandik.

TALDEA, ESKASTEN

Dirutza hori eta beste batzuk jaso ondoren, Garagarzak ez du asmatu taldea indartzen. Begi bistakoa da taldea eskasten joan dela azken bi denboraldietan, eta horretan eragina du kirol zuzendariak, ezinbestean. Beste kontu bat da haren gaineko agintariek zenbateko aukera eman dioten dirua gastatzeko. Ligak klubei ezartzen dien gehienezko gastuaren muga ere badago. Mendilibarrek taldea osatzen izaten duen ardura ere kontuan hartzekoa da, izan baldin badu, behintzat.

Zalantzarik uzten ez duena da azken denboraldietan ez duela asmatu funtsezkoak izandako jokalarien ordezkoak ekartzen. Hala ere, errendimendu horretan mila aldagai egon daitezke, eta ez bakarrik jokalarien maila. Atentzioa ematen duen bestea da aspaldian maila onik eman ez duten hainbat jokalari taldean daudela. Zer pentsatzen du horri buruzGaragarzak? Azkenean, gauza bat garbia da: kirol emaitzak ez dira onak, eta orduan sortzen dira zalantzak. Garagarzak orain arte egin izan dituen akatsak emaitza onek estali dituzte. Orain, fokua begira du. Badoa, eta harekin doaz zalantzen erantzunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.