Azkarrenak irabazi du

Alaphilippe ongi aritu da Xorret del Catiko maldetan, eta erraz nagusitu da esprintean. Froomek, eraso egin, eta lidergoa sendotu du

Azkarrenak irabazi du.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Julian Alaphilippek (Quick Step) atzo lortutako garaipena su txikian prestatutakoa izan zen. Ez zuen presarik izan platera labetik ateratzeko, ongi itxaron zuen, eta azkarrena izan zen Xorret del Catiko (Herrialde Katalanak) helmugan. Azkarrena bizikleta gainean, eta bizkorrena buruz. Frantziar txikiak bazekien zer egin behar zuen helmugan eskuak altxatzeko, eta burua hotz mantendu zuen egun bero batean.

Tropelean bazekiten ihesaldiak bere aukera izango zuela. Hala, etapa hasieratik izan ziren saiakera ugari ihes egiteko, eta, azkenean, 21 lagunek egin zuten aurrera. Tartean zen Quick Stepeko txirrindularia. Aurkari gaiztoak zituen taldean, besteak beste, Nelson Oliveira (Movistar), Bart de Clerq (Lotto Soudal), Jan Polanc (UAE) eta Rafal Majka (Bora), baina Alaphilippe ez zen urduri jarri.

Konturatzerako, Xorret del Cati mendate labur zein gogorreko malden atean ziren iheskideak. Majka izan zen goraka gehien saiatu zen txirrindularia. Hiru bider egin zuen eraso, baina Alaphilippek ongi eutsi zion. Frantziarrak ongi gainditzen ditu aldapa pikoak, eta azkarra da esprintean. Bazekien Majkarekin joanez gero garaipena berea zela, eta ez zen urduri jarri. Azken unean, atzetik etorrita, Polanc saiatu zen ezustekoa ematen, baina Alaphillipen eguna zen eta erraz nagusitu zen.

Atzean, bazirudien Chris Froomek (Sky) gorriak ikusiko zituela. Lehen maldetan ez zen bere arrastorik eta aurrera jo zuten aurkariek. Esnatu zen britainiarra, eta erasorik joko ez zuela esan zuen arren, gogor jo zuen. Alberto Contadorrek (Trek) bakarrik jarraitu zion, eta amaieran hamazazpi segundo atera zizkioten Vincenzo Nibali (Bahrain), Fabio Aru (Astana), Estaban Chaves (Orica) eta Ilnur Zakarini (Katuxa) eta 28 Nicolas Roche (BMC), Adam Yates (Orica), David De la Cruz (Quick Step) eta Tejay Van Gardereni (BMC).

Gaur bederatzigarren etapa jokatuko da, Puig de Llorença gainetik pasatu eta Cumbre del Sol lehen mailako mendatean bukatuko dena. Bihar, berriz, lehen atseden eguna izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.