Kikiltzeko asmorik ez

Juan Bar Anaitasunako atezainak dio «dena bikain» eginda Bartzelona mendean hartzeko aukera izan dezaketela: «Desafio garrantzitsua da».

Juan Manuel Bar Anaitasunako atezaina gelditu bat egiten denboraldi honetan. ANAITASUNA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Juan Manuel Bar Anaitasunako atezaina (Buenos Aires, 1987) argi mintzatu da gaurko partidaren inguruan: «Aldarte onean helduko diogu, desafio garrantzitsua delako». Ez alferrik. Anaitasunak Bartzelonari egingo dio bisita (19:00), eta iruindarrentzat balentria handia litzateke kontrarioa mendean hartzea. Azken urteetan, Kataluniako taldea aise aritu da Asobal ligan, eta sasoi hau ere ez da salbuespena: zortzi jardunaldi jokatuta, lehendabiziko postuan dago, eta partida den-denak irabazi ditu.

Lehen begiratuan, Anaitasunaren aurkakoan gailentzeko hautagai dira Bartzelonakoak, baina Barrek ez du alferrikako bidaiarik egin nahi: «Argi dago zaila izango dela, baina partidak jokatu egin behar dira. Ezinezkoa dela pentsatzen badugu, benetan ezinezkoa izango zaigu. Kantxara irabazteko asmoz sartu behar dugu; guk edozein partidaren gisan prestatu dugu, eta beti irabaztera ateratzen gara».

Dena den, Barrek badaki Anaitasunak hutsik txikiena ere ezingo duela egin. Hori agerian uzten du Bartzelonaren golen balantzeak: jaso dituenak baino 81 gehiago egin ditu zortzi neurketatan. Sailkapen horretan bigarren postuan dagoen Granollersek 31koa du aldea. Bien arteko tartea 50 golekoa da, eta asko da hori. Atezain argentinarrak hortik atera ditu kontuak. Haren esanetan, gailentzeko «dena bikain» egin beharko dute: «Lerro guztietan asmatu beharko dugu, eta oker gutxi egin. Haiek egun aldrebesa izatea ere komeni da. Esaterako, Leongo Ademarrek gertu izan zuen ezustekoa ematea».

Iruindarrek ondo baino hobeto aztertu dute Bartzelonaren jokoa. Atezainak aditzera eman duenez, egokitzeko garai betean dagoen taldea da, entrenatzaile aldaketarengatik. Baina sendotasunari eutsi egin dio: «Oraindik aldaketetara ohitzen ari dira, baina jokalari oso onak dituen talde ikaragarri bat da». Hargatik dago aise lidergoan.

Kontrara, Anaitasuna zazpigarrena da sailkapenean, baina bi partidatan egindako hutsek zenbait postu galtzea ekarri diola uste du Barrek: «Cangasi eta Cuencari etxean irabazi bagenie, bigarren edo hirugarren egongo ginateke». Dena den, orain arteko balorazioa «positiboa» dela esan du Barrek.

Azpimarratu duenez, onbidean kokatuta dago taldea: «Etengabe hobetzen segitu nahi dugu, [Quique Dominguez] prestatzaileak esaten digunari segituaz. Lehen itzulia ondo bukatu nahi dugu, garaipen gehiago eskuratuta».

Iruñean, «gustura»

Arlo pertsonalean ere konforme da Bar. Sasoi honetan estreinatu da Anaitasunarekin, denboraldi berrirako fitxatu baitute, eta pozik dago orain arte Iruñean bizi izan duenarekin: «Oso gustura nago. Hirira ohitu naiz dagoeneko, miragarria baita».

Klubari dagokionez ere antzeko iritzia du argentinarrak, eta horrek are eta gehiago asebetetzen du: «Oso familiarra da, gertukoa. Entrenatzaileak ere hala eskatzen digu guri, familia baten modukoak izatea, eta klubaren ingurua ere halakoa da. Klub ederra da hau».

Barrek 34 urte ditu: urteetan pilatutako jakintza «lanabes garrantzitsua» da. Batez ere denborak aurrera egin ahala nabaritu du hori: «Gaztea zarenean, ez duzu ulertzen. Gerora jabetzen zara esperientziak duen balioaz. Bereziki, atezainarena bezalako postu batean. Norbere burua eta emozioak kudeatzeko ezinbestekoa da».

Halere, Barrek beste zenbait alorretan ere hobetu dezake Anaitasunaren jokoa. Iruñean egindako aurkezpen ekitaldian esan zituenak ekarri ditu gogora: «Nik %100ean bermatu dezakedana saiatzea eta sakrifikatzea da. Hori negozia ezinezkoa da niretzat. Hori eta esperientzia eskaini ditzaket, batez ere».

Gainerakoak ere, gaur

Anaitasuna ez da izango gaur ariko den euskal taldebakarra. Asobal ligan, Bidasoak bigarren postua indartu nahi du Cuencaren kontura (Artaleku, 20:30).

Espainiako Ohorezko Mailan, berriz, Bera-Bera liderrak Atletico Guardesi egingo dio bisita (20:45),EHF Europako ligan jokatzeko Errumaniara bidaiatu aurretik. Kontrara, larunbatean donostiarren kontra izandako porrotaz gozatzeko asmoz ariko da Zuazo. Barakaldoko (Bizkaia) taldeak Ro'Casa izango du arerio Lasesarren (20:20).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.