Mikel Huerga. Xake jokalaria

«Maisu Handi titulua lortu duen lehen jokalari nafarra izan nahi dut»

Bigarrenez irabazi du Euskadiko Txapelketa Mikel Huerga iruindarrak, lehena irabazi eta sei urtera. Gabriel del Rio eta Javier Martxena sailkatu dira haren atzetik. Ilusio handia egin dio etxean irabazteak.
BERRIA

Josu Tornay -

2018ko apirilak 14
Pozari eusten dio oraindik Mikel Huergak (Iruñea, 1989), Euskadiko Txapelketa irabazi eta ia astebete igarota. Aitortu du «berezia» izan zela. Batetik, sei urte zirelako ez zela txapeldun, 2012an, Zornotzan (Bizkaia) jokatutako ekitaldian nagusitu zenetik —inoizko txapeldun gazteena izan zen, 22 urterekin—. Eta, bestetik, bigarren txapela etxean irabazi duelako.

Ia astebete joan da txapelketa irabazi zenuenetik, eta izan duzu denbora egindakoaz hausnartzeko. Zein da hausnarketa?

Ez nuela nire joko onena egin, eta huts arriskutsu batzuk egin nituela. Zorionez, oso eraginkorra izan nintzen. Horri esker gainditu nituen aurkariak.

Gabriel del Rio iazko irabazlea zen faborito nagusia. Oso lehia estua izan zenuen harekin. Zein izan zen une erabakigarria?

Del Riorekin laugarren txandan berdindu ostean, nahiz eta biok puntu berberak izan, uste nuen hark irabazteko aukera gehiago zuela. Baina bosgarren txandan nik Igor Villaltari irabazi nion, eta Del Riok berdinketarekin konformatu behar izan zuen Alain Prietoren aurkakoan. Bi partida besterik ez zen geratzen, eta banekien nire eskuetan zegoela irabaztea. Seigarren txandan, berriz, Martxenari nagusitu nintzaion, oso partida zailean. Nik uste hori izan zela momentu erabakigarria.

Zenbait jokalari garrantzitsu ez dira lehiatu berriro, batez ere Gros taldekoak. Iaz ere gauza bera gertatu zen. Badago sentipena mailak ez duela gora egiten. Zergatik ez dute parte hartzen jokalari on guztiek?

Egia esan, oso harrigarria da, baina egia da hutsune horiek urtero egoten direla. Nire ustez, gehienak lan arrazoien ondorioz dira, baina datak ia ezin hobeak dira. Pena da torneo honetan jokalari on guztiak ez egotea. Lehen, hala izaten zen.

Urte askoan jokalari berberak nabarmendu dira gurean, eta ez da belaunaldi aldaketa osoa egin. Adibidez, Maisu Handiko titulua atera zuen azkena Mario Gomez izan zen, eta hori jada aspaldi izan zen. Zer iritzi duzu horretaz?

Hasteko, ez da hain erraza jokalariak prestatzea Nazioarteko Maisu eta Maisu Handiak izan daitezen. Gurean, egun, bost bat ari dira lehian, baina beste antzeko tokietan ere ez dago askoz gehiago. Bestalde, maila handiko jokalariak daude: Martxena, adibidez. Oso langileak dira gazte horiek, baina, 18 urterekin, gutxiago aritzen dira xakean, unibertsitateko ikasketak hasten dituztelako. Maisu titulua lortzeko gauza askori egin behar zaio uko, eta ahalegin handia egin.

Zure ustez, Euskadiko eta Nafarroako federazioek lan ona egin dute gai honetan? Uste duzu Eusko Jaurlaritzaren kirol legearen debekuak zerikusia duela horretan? 11 urte beherakoak ezin dira federatuta egon.

Azken urteotan bi federazio horiek lan ona egin dute harrobian, eta emaitzak begi bistakoak dira. Baina Eusko Jaurlaritzaren legea, zalantza barik, oztopo handia da helburu horiek lortzeko. Xakean, lehiaren alorrean, oso garrantzitsua da esperientzia izatea, eta berandu lehiatzen hasteak gazteek aurrera egitea zailtzen du.

Hautagaien torneoa jokatu berri da, eta Fabian Caruana nagusitu da. Zer iruditu zitzaizun hautagaien torneoa?

Nire ustez, eta jokalari gehienen ustez ere, azken urteetako interesgarriena izan da.

Magnus Carlsen munduko txapelduna luzerako ikusten duzu edo Caruanak ahal dio benetan aurten titulua kendu?

Caruanak asko erakutsi du, baina oraindik askoz gehiago erakutsi beharko du Carlseni irabazteko jokoz eta batez ere horrelako buruz buruko batean dagoen presioa eramateko moduaz.

Zein erronka dituzu esku artean?

Aurki Baionako nazioarteko torneoan eta Llucmajorkoan [Herrialde Katalanak] parte hartuko dut. Aurrera begira, berriz, nahiko nuke Maisu Handiko titulua lortu, eta hori egin duen lehen jokalari nafarra izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna