Bruno Karrere. Kultur kontseilari delegatua Elkargoan

«Urrats txikien politikarekin, aitzinatzera behartuak gara»

Euskal Elkargoak kultur politika bat bozkatu berri badu ere norabideak finkaturik, oraino anitz gelditzen da definitzeko, bai ekintzetan, bai koordinatze aldetik. Kulturaz arduratzen diren hainbat eragileren artean, beste bat gehiago baita Elkargoa.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Uztaritze
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ea aski argiki mintzo den galdetzeko gelditu du halako batean elkarrizketa Bruno Karrerek (Baiona, 1962). Uztaritzeko (Lapurdi) auzapeza kulturaz arduratzen den kontseilari delegatua da Euskal Elkargoan, aspaldian buru-belarri gaian sartua. Eta, hortaz, balitekeela kanpotik ez deus ulertzea, horra bere kezka. Gaiak tirante bat baino gehiago baititu. Jakinez, gainera, oraindik anitz lan gelditzen zaiela. Bizkitartean, behar den denbora hartzeko prest agertu da Karrere. Entzuteko, esplikatzeko eta eztabaidatzeko prest.

Bozkatu erabakiak eta egin lana dela eta, zuk zer nabarmenduko zenuke?

Oposiziorik ez agertu izana hautetsien artean Elkargo Kontseiluak martxan jarri nahi duen kultur politikaren aurka. Nehork ez du aurka bozkatu. Eta azpiegiturei dagokienez, tokiko elkargoenak ziren azpiegiturek segitzea Elkargoaren esku. Azpiegitura berriak zabaltzeko posibilitatea ere gureganatu dugu. Herriak transferituz, eraikiz edo zaharberrituz. Elkargoak behar dituen azpiegiturak zein diren definitzeko zinezko eskema bat izaten ahalko da.

Bozkatu erabakietan lerro bakarrean agertzen da euskal kultura, eta, lerro berean, Gaskoiniako kultura. Zergatik?

Lurraldearen berezitasunak kontuan hartu nahi ditugu. Euskal kultura eta Gaskoiniako kultura. Baina begi bistakoa da euskal kulturak tratamendu globalago bat izateko eskubidea ukanen duela, lurralde osoan baita zabaldua. Anitzez eragile gehiago dituelako, anitzez egituratuagoa delako. EKE [Euskal Kultur Erakundea] ere bada. Baina egia da Gaskoiniako kulturarentzat maila bereko anbizioa erakusten dugula, iruditzen zaigulako Gaskoiniako kulturak Elkargoak eraman politika baten eskubidea daukala. Orain arte ez zuen horrelakorik aitzineko elkargoen partetik. Gaskoiniako lurraldeak ez zuen ekintza antolaturik Gaskoiniako kulturari buruz. Guk hori zuzendu nahi dugu. Baina euskal kulturan ekintza mardulagoak izanen dira.

Erraten duzu begi bistakoa dela, baina erabakia irakurtzean, lerro bakar hori irakurtzean, begibistakotasun hori ez da baitezpada agertzen.

Erabakietan dena idatzia balitz, ez litzateke kazetaririk behar.

Elkargoaren edozein erabakitan, euskal hitza agertu bezain laster gaskoi hitza ere agertuko da.

Bai, bai, nahi dugulako hori antolatu. Hutsetik abiatzen garelako.Gero, lurraldeak berak ere bere beharrak ezagutaraziko ditu. Zer igurikatzen duen, zer behar duen. Hori eginen dugu kulturarekin, oro har, funtsean, modu orokorrean. Politikak antolatuko ditugu lurraldeak igurikatzen eta begiztatzen duenaren arabera. Eta euskal kulturarentzat igurikatzen eta eskatzen dena anitzez indartsuago eta egituratuagoa da Gaskoiniako kulturarentzat eskatzen dena baino.

Ez ote da artifiziala Gaskoiniako kultura hainbeste nabarmentzea?

Horregatik diot lurraldearen neurrikoa izanen dela.

Deliberamenduan agertzen den hitz gakoa, euskal kulturari dagokionez,tranbertsalitatea da. Elkargoak «transbertsalean» hartuko dituela euskal kulturari zuzendu ekintza bereziak. Zer erran nahi duzue horrekin?

Politikoki markatu nahi izan dugu euskal kultura eremu guztietan landuko dela modu orokorragoan. Eskaeren arabera eta definitzen ahalko ditugun politiken arabera.

Bozkatu deliberamenduetan,idatzi duzue kultura «Frantziako Ministerioak definitu eta ezagutu» bezala kontuan hartzen duzuela. Ez ote da arriskutsua menperatzaile eta hegemoniko den frantses kulturaren kalkoak menderatua den euskal kulturaren gainean pausatzea? Definitze saiakera horren zerrendaren azken lerroan, adibidez, herri artea agertzen da, parentesi baten barnean.

Existitzen den sailkapen bat berriz hartu dugu, sinpleki.

Baina sailkapenak ikuspegi baten adierazle dira, ezta?

Partekatua den eskumen batean gaude. Notre legea dela eta, kultura partekatzen da estatutik herrietaraino. Eta, ondorioz, partaide horiekin guztiekin lan egiten dugu. Eta sailkapen bat berriz hartzeak gauzak errazten ditu. Beste eragile guztiek ere badituzte arauak esku hartzeetarako, bai eta sektore bakoitzean eramanak diren politikak ere. Baina horrek ez du aitzinetik epaitzen zer eginen dugun sektore bakoitzean. Izendatze bat baizik ez da; horrek ez du erran nahi eginen dugula Estatuak egin nahi duena. Gai batzuetan, laguntza ekar dezake; beste batzuetan, gutxiago.

Adibide zehatz bat: Zuberoako dantzaren masterclass bat sortu dute duela pare bat urte. Paraleloki, zenbait dantzarik Batxilergoko azterketan Zuberoako dantzak dantzatu zituzten. Eta nota txarrak ukan.

Gaizki dantzatzen dira [umorez].

Beste prisma batetik irizpideak finkatzen direlarik, arriskua da irizpide horiek ez bete ahal izatea, ezta?

Maurice Ravel kontserbatorioa musika, dantza eta antzerki kontserbatorio bat da. Eskualde Mailako Distiradura duen label bat dauka kontserbatorioak. Label horrek estatuaren sailkapen batzuei erantzuten die. Dantzari dagokionez, hiru dantza mota dira irakatsi behar. Hiru motek ezagutza bat ukan behar dute, eta maila bat. Bada dantza klasikoa, modernoa, eta hirugarrena, usaian, estatuak onartzen duena da jazz dantza edo hip-hop dantza. Guk eskatu dugu eta lortu dugu euskal dantza izatea hirugarren dantza hori. Euskal dantzarekin ere labela izatea eskatu dugu, eta lortu dugu. Horra hor adibide tipiko bat erakusten duena estatuaren labeletan sartzen garela, baina zerbait ekarriz.

Label hori dela eta, dantzariek beharko dute frogatu dantza klasikoan eta modernoan ere biziki onak direla?

Dantzari zuberotarren kasua ez dut ezagutzen, baina dakidana da zubi sendoak eraikitzen ari direla Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren eta kontserbatorioaren artean. Kontserbatorioak badu Zabala deitu modulu bat. Euskal dantza egiten ez duten dantzarien eta euskal dantzarien artean anitz trukatzen dute. Lehenek euskal dantza ikas dezakete. Eta euskal dantzariek formakuntza klasiko bat ukan dezakete. Guztien maila hobetzea da ideia, eta ezagutzak gurutzatzea. Inportantea da label horren bidez ezagutua izatea.

Ezagutza neutroa ez den norbaitek du ematen.

Baina hori da egoera. Ez da neutroa, baina aldi berean finantzabideak galdegiten dizkiogu estatuari. Ez da neutroa, baina aitzinatzen ari da. Aitzinatzen ahal gara. Aukerak ikusten ditut. Urrats txikien politikarekin, aitzinatzera behartuak gara, baina gauzak aitzinatzen ari dira.

Kultur politikaren koadroa idazteko bilkurak izan dituzue Frantziako Kultur Ministerioari lotua den Kultur Aferen Eskualde Zuzendaritzarekin [Drac]?

Ukan ditugu bilkurak Dracekin, departamenduarekin eta eskualdearekin. Jakinez ez genuela oraino formalki gureganatua kultur politikaren hautuzko eskumena. Orain egina da. Ideia da kultur eragile horien koordinatzailea gu izatea, udalekin batera, kultur politikaren eskumena atxikitzen baitute udalek.

Erabakia idazteko orduan, oharrak egin dituzte?

Ez pentsa. Draceko zerbitzuetan ere badira lantzen dituzten politikak aitzinatu nahian ari diren teknikari kargudun batzuk ere. Erraztasun batzuk badituzte, gainera. Adibidez, karrikako arteen fabrika den Hameka egiturarentzat label nazional bat daukagu. Aitzinatu nahi dugu, eta goi mailakoagoa den label bat lortu. Horren lortzeko, teknikariekin lan konkretu bat daramagu, molde baikorrean.

Deliberoko beste puntu bat: «Profesionalizatze bidean diren sortzaile gazteen laguntza» du xedeetako bat elkargoak. Profesionalizatzeko xede hori politika kulturaletan aspalditik agertzen den kontu bat da, eztabaidak sortu izan dituena.

Bai, egia da badela atal bat horri lotua. Kultura sailak egituratzea lortu nahi genuke. Dantza aipatzen genuen lehen. Bada, dantza munduan Bilaka konpainia bada, adibidez. Profesionalizatu nahi duen dantza talde bat da. Horri buruz bada gogoeta bat. Tipikoki, horra eraman nahiko genukeen politika transbertsalaren adierazle den kasu bat. Iparraldeko Dantzarien Biltzarra dago, batetik. Trebatzaileen trebatzeaz gain, taldeen arteko trukaketak egiten ditu. Trukaketak ere baditu kontserbatorioko dantza irakaspenaren atalarekin. Eta horretaz gain, beraz, zergatik ez talde profesional bat? Talde amateurretatik darion talde bat? Gogoeta bera daukagu euskal kantuaren arloan. Eragileen profesionalizatzeko laguntza bat, izan daitekeena sinpleki administratiboa. Jendeak ez baitaki. Amateurrek ez dakite zein eskubide dituzten, zein dituzten aukerak. Hedapenean ere laguntza beharra dute.

Profesional hitzak bi zentzu ukan ditzake, eta izan daiteke amateurra ez dena gutxiesteko bide bat. Deliberoan aipamen bereziturik ez da profesionala —lanbidearen zentzuan— ez den kultura baten alde.

Markatzen dugu, hala ere, gizarte zibilaren salbuespenezko dinamika batek duela lagundu kultura. Eta begi bistakoa da hori behar dugula bermatu. Gero, guk plantan jarri nahi dugun politika herritik ere etorri behar da, sortzaileengandik. Ez dute politikek bakarrik dena egin behar. Baina, aldi berean, politikek lagundu behar dituzte azpiegiturak. Musika eskolak, adibidez; ahal bezain eskuragarri egin behar ditugu musika eskolak. Lortu behar dugu guztia harmonizatzea. Musika eskola batzuk ongi lagunduak ziren; besteak, gutxiago. Guraso batzuek besteek baino gehiago ordaintzen dute. Prezio bakarra beharko da. Eta eskuragarritasuna bermatu.

Euskal Kultur Erakundeari (EKE) begira, nola antolatuko zarete?

Mementoko, ez dut erantzunik.

Hasteko, segurta dezakezu EKE ez dela desagertuko?

Ez da desagertuko, hori segur. Baina ohartzen gara zenbait ekintza elkartzen ahal ditugula. Solastatzen hasi gara haiekin, baita Dracekin ere. EKEkoak jadanik hasiak dira aldatzen. Digitalari lotuagoak dira gehiago. Etnopoloa ere integratua dute. Nahi dute gehiago ikusiak izan herritarrengandik. Trukaketa leku bat izan nahi dute. Horrelako kontuak aipatzen dituzte. Aukera bat izan daiteke, adibidez, Elkargoak udalak laguntzea, eta EKEk elkarteak. Baina hori definitzekoa da.

Preseski, orain arte EKE diru iturri bat ere bazen gizarte zibilarentzat. Orain diru beharretan dena Elkargoarengana joaten ahalko da? Bietara?

Hori dugu definitu behar.

2019an?

Bai, 2019an hasiko gara. Lurraldeko eragile kulturarengana joanen gara. Kultur jardunaldiak antolatuko ditugu jakiteko Elkargotik zinez zer igurikatzen duen kultur munduak. Eskumen berezi bat da, hala ere, kulturarena. Orotako gaietan eragiten duen eragile multzo handi bat bada.

Zenbateko aurrekontua du Elkargoak?

6,5 milioi euro, eta horietatik 3,5 milioi kontserbatoriora doaz. Horrek ez du kentzen sortu ditugula tokiko diru poltsak, lurraldeetako proiektuen esku utziak. Batzuetan, bizpahiru mila euro eskas dira proiektu baten muntatzeko. Hor zerbait egin daiteke. Hiriburuko pastoralak finantzabide bat eskas zuen, eta aurkitu du Elkargoaren bidez. Elkargoak egin nahi duenaren koadroaren barruan sartuz gero, sorkuntzan edo hezkuntza artistikoan, lagun ditzakegu proiektuak.

Zenbat langile ditu Elkargoko kultur zerbitzuak?

Hogei bat langile: Hamekakoak, haur eta gaztaroaz arduratzen direnak, eta Baxenabarreko mediatekakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.