Azken partida hasteko prest

Gaur arratsaldean jokatuko da Iruñean Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak ariko dira kantuan. Joxema Leitzak jantziko dio txapela txapeldunari
Anaitasunako finalean kantatuko duten bertsolariak, finalaren aurkezpenean.
Anaitasunako finalean kantatuko duten bertsolariak, finalaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2019ko martxoak 23
Nafarroako txoko berdeak, horiak eta gorriak zeharkatu ondotik ailegatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa bere azken geltokira. Txapelketan parte hartu duten 30 bertsolarietatik zortzi izango dira gaur 17:00etan Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalean kantuan: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia. Gaiak jartzeaz Alaitz Rekondo eta Fernando Anbustegik arduratuko dira. Belaunaldi berria sartu da finalera; azken urteetan bezala, emakumerik ez, ordea.

Txapela lortzeko erruz egin beharko dute bertsotan zortzi bertsolariek. Finalaren lehen zatian zortzi bertsolariek kantatuko dute, eta puntuaziorik handiena lortzen duten bi bertsolariak igaroko dira buruz burukora. Bi ataletan puntu gehien batzen dituen bertsolaria izanen da Nafarroako txapeldun berria.

Finalari begira, perspektiba eta helburu ezberdinak ditu bertsolari bakoitzak. Txapelaz harago, ordea, helburu kolektibo bat nabarmendu dute zortzi finalistek: «Nafarroako bertsolaritzari bultzada eta indarra ematea». Azken finalarekin alderatuta, bi aurpegi berri izango ditu aurtengoak: Joanes eta Xabat Illarregi anaiak. Bertze seiak lehenagotik finalen batean kantatuak dira, eta bik lortua dute Nafarroako Txapela: Zelaietak eta Sotok.

Soto bera da Nafarroako azken txapelduna. Aurtengo txapelketako jarduna «bide xelebre» gisa deskribatu du: «Neure burua eraman nahi dudan bideetan eraman dut batzuetan, baina finalean hobeto egiteko esperantza dut». Sotorekin batera, Zelaieta da inoiz txapela irabazi duen bertsolari bakarra. Txapelketa hastean ez zuen finalean sartzeko esperantzarik; sartu ondotik, finala «opari» gisa hartu du beratarrak.

Fernandezentzat zein Maiarentzat, berriz, finaleko helburua «gozatzea» izanen da. Osasun arazo batzuk tarteko, prestaketa inoiz baino «gogorragoa» egin zaio Fernandezi. Hala ere, saioetan inoiz baino gehiago «gozatu» du, eta finalean ere hori egin nahiko luke. Maiak bere buruarekin bakeak egiteko txapelketa izan du, eta finalean publikoarekin duen zorra kitatu nahiko luke.

Atarrabian jokatutako finalaurrekoa irabazita, finalera puntuazio altuenarekin ailegatu da Lazkoz. «Atarrabian gustura sentitu nintzen, ez nuen akatsik egin. Bide horri segi nahi diot», kontatu du. Azken txapelketan buruz burukoa jokatu zuen Lazkozek Sotorekin batera. Terrerosek ere bere finalaurrekoa irabazita lortu du finalerako txartela. Oholtzan zein prestaketan «disfrutatu» egin duela dio, eta finalari begira «ilusioz» dago. «Emakumerik gabe finala herren dago; hala ere, gazteak ailegatu dira. Bi belaunaldi ikustea ederra da», nabarmendu du.

Joanes eta Xabat Illarregi dira belaunaldi berri horren isla argiena. 19 urte ditu Joanesek, eta 17 Xabatek. Finalean gozatzeko helburua du Joanesek, nahiz eta ez duen bertzelako helbururik baztertzen. Xabatentzat, berriz, finala «oparia» izan da, eta saio «ederra» bizitzeko helburua du: «Bertsolari denak elkar lagunduta saio ederra ateratzea espero dut», nabarmendu du.

Telebistan, zuzenean

Irabazleari Joxema Leitzak jantziko dio txapela. Txapeldunari txapela janzteko zeregina emanda, Leitzari bertsoaren alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Saioa 17:00etan hasiko da, baina Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko gomedioa egin die bertsozaleei. Telebistan ETB 4 katean ikusi ahal izanen da saioa zuzenean, eta Internet bidez, berriz, www.bertsoa.eus webgunean. Xorroxin irratiak ere zuzenean emango du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainhoa Larretxea Agirre

Informazio osagarria