Patricio Garino. Kirolbet Baskoniako jokalaria

«Euroliga irabazteko faborito gara, ez dut zalantzarik»

Baskoniak gaur ekingo dio Moskun Euroligako final-laurdenei (19:00). CSKA talde «osoa eta talentu handikoa» bada ere, Patricio Garino «baikor» da.

AITOR BOUZO.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Argentinarrek izan ohi duten patxadarekin mintzo da Patricio Garino, Kirolbet Baskoniako jokalaria. Baina ez haiek ohi duten bezain luze. Mezu zehatzak eta argiak dira harenak, eta ikuspegi horretatik aztertu du CSKA Moskuren aurkako Euroligako final-laurdenetako kanporaketa.

Gaur ekingo diozue CSKAren aurkako kanporaketari. Nola zaudete?

Gogo eta energia handiarekin ikusten dut taldea. Europako zortzi talderik onenen artean egotea pribilegio bat da, eta txapelketa honetan genuen lehen helburua bete dugu. Baina ez gara horrekin konformatzen. Gehiago nahi dugu, nahiz eta jakitun garen kanporaketa oso gogorra eta zaila dugula aurretik, CSKA hierarkia eta talentu handiko taldea baita. Irabazteko sufritu egin beharko dugu, baina prest gaude horretarako. Guretzat ez dago ezer ezinezkorik.

Lesioekin izan dituzuen arazoak kontuan hartuta, zortzi onenen artean egotea mirari txiki bat al da?

Goi mailako kirolean ez dago miraririk. Taldeak egindako lanari eta ahaleginari esker gaude final-laurdenetan. Jokalarietako batzuk min hartuta egon garenez, besteek bikoitza jokatu behar izan dute, eta taldearen zama eta ardura hartu. Naturaltasunez egin dute, eta ikaragarrizko ahalegina eginez. Ordainezina da hori. Hor erakutsi dugu izenetatik eta talentutik harago, indar handia dugula talde gisa. Gainera, balio izan digu talde gisa hazten segitzeko eta are batuago egoteko. Denboraldiko azken txanpa honi begira hori erabakigarria izan daitekeela uste dut.

Lauko Finalera sailkatzeko gutxienez lehia bat irabazi beharko duzue Moskun. Baina CSKAk hamarkada bat darama final-laurdenetako lehiarik galdu gabe han, eta 2005etik Baskoniak ez du han irabazi. Zer falta zaizue lortzeko?

Aurrekoan gertu izan genuen, baina hondarreko minutuetan ihes egin zigun garaipenak. Azken minutu horiek hobeto jokatzen jakin behar dugu, eta oso adi egoten. Haiek nahikoa dituzte bizpahiru bat minutu, maldan gora duten neurketa bat iraultzeko. 40 minutuetan zure onena ematera behartzen zaitu CSKAk, eta hori garbi izan behar dugu, batez ere Moskuko partidetan. Etxean, zaleen babesarekin eta hauspoarekin, errazagoa da hori lortzea. Fisikoki ere gure onena eman beharko dugu, haien aurkako liga erregularreko azken lehian freskotasun eta energia apur bat falta izan baitzitzaigun azken laurdenean.

Moskun hain emaitza txarrak pilatu dituzuela kontuan hartuta, nahiago zenuten Real Madrilen aurka jokatu?

Ez, ezta gutxiago ere. Zortzi onenen artean egonda, berdin zitzaigun aurkaria, bagenekielako denak goi mailakoak zirela.

Epaileen lanak zeresana eman zuen. Berriro ere hala izango den beldur zarete?

Partida ikusita bakoitzak bere ondorioak aterako zituen epaileen lanaren inguruan. Baina guk ezin dugu horren aurrean ezer egin. Beraz, ezin dugu une bakar batean ere horretan pentsatze egon. Kontu horrek ezin digu arretarik txikiena ere kendu. Berriro gertatzen bada, aurre egin beharko diogu.

Haien jokoaz zer nabarmenduko zenuke?

Oso talde osoa eta talentu handikoa dela. Kanpoko jokalariek puntu asko sartzen dituzte, eta uztaipean oso talde indartsua eta sendoa dira. Batez ere defentsan oso ondo jardun beharko dugu, eta jokalari guztiak ondo zaindu. Izan ere, azken partidan, adibidez, De Colori eta Sergio Rodriguezi ondo eutsi genien, baina Clyburnek eta Higginsek min handia egin ziguten [16 eta 14 puntu sartu zituzten, hurrenez hurren].

Zertan zarete haiek baino hobeak? Nola indartu hori irabazi ahal izateko?

Uste dut nortasunean haiek baino hobeak garela. Arlo horretan gure onena ematen dugunean, edozeini irabazteko gai gara. Kanporaketa gainditzeko haiek baino grina eta ilusio handiagoa erakusten badugu, aurrera egiteko aukera asko izango ditugu.

Bi aste baino gutxiago da haienaurka jokatu zenutela. Horrek mesede edo kalte egiten dizuela uste duzu?

Bi taldeontzat mesedegarria izan daitekeela iruditzen zait, lehian ikusi ahal izan dugulako bakoitza nola gauden, eta jokatzeko sistemetan egin ditugun aldaketak.

Zein talde ikusten duzu faborito Euroliga irabazteko?

Baskonia. Horretan ez dut zalantzarik.

Lauko Finala Gasteizen jokatuta, zaleen artean giro berezia antzematen duzu?

Klubarentzat eta hiriarentzat aukera historikoa da Lau Finala bertan jokatzea, eta ederra da zaleak horretaz disfrutatzen ikustea. Baina guk ezin dugu horretan pentsatu. Pausoz pauso joan behar dugu, eta aurretik kanporaketa hau gainditu behar dugu.

Min hartuta egon eta gero, Euroligako liga erregularreko azken partidan itzuli zinen taldera, hain zuzen ere CSKAren aurka. Nola zaude fisikoki?

Erabat osatuta nago. Ez dut inolako arazorik, eta sasoi betean nago. Irrikaz nengoen horretarako, eta orain horri eutsi nahi diot, denboraldiko azken txanpa honetan taldeari ahalik eta gehien laguntzeko.

Eta psikologikoki zer moduz zaude? Duela aste batzuk aitortu zenuen hainbeste lesioen erruz une gogorrak bizi izan zenituela, eta psikologoaren laguntza behar izan zenutela.

Psikologikoki beste bat naiz orain. Urte hasierarekin alderatuz, beste pentsaera eta helburu batzuk ditut. Erreskadan hiru lesio izan nituen, eta ez zen samurra izan. Hiru hilabetean partida bakarra jokatu nuen, eta azken aldiz min hartu nuenean hondoa jo nuen. Taldeari kantxan ezin laguntzeak presio eta antsietate handia eragiten zidan. Dena utzi eta etxera joateko gogoa baino ez nuen. Oso esperientzia gogorra izan zen.

Zailena laguntza behar zenuela onartzea izan al zen?

Bai, hondoa jo nuenean konturatu nintzen horretaz. Ordu arte neure buruari esaten nion neure kabuz gainditu ahal izango nuela egoera hura. Harrokeria alde batera utzi, eta laguntza eskatu nuen. Psikologoaren laguntzari esker, konturatu nintzen kantxatik kanpo ere lagun niezaiekeela taldekideei. Hala, nituen beldurrak eta etsipenak alde batera utzi, neure jokoan eta fisikoan sinetsi eta jokalari moduan betidanik izan dudan izaera berreskuratu dut. Ez du ezer txarrik psikologoarengana joateak; alderantziz, nire bertsiorik onena ateratzen lagundu dit. Indartuta atera naiz.

Gasteizen jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Noski. Oso gustura nago hemen. Hiria ederra da, eta jendea oso gertukoa eta adeitsua; Baskonia, gainera, Europako talderik onenen artean dago. Bestalde, niretzat beti izango da berezia hemen jokatzea, txikitatik Andres Nocioni izan baita nire erreferentea. Bertan jokatzeko eskaintza jaso nuenean asko poztu nintzen.

NBAn jokatu zenuen. Hara itzultzea pentsatu al duzu?

Bai, noski. AEBetako unibertsitate batera joateko erabakia hartu banuen, NBAtik gertuago egoteko izan zen. Saskibaloi jokalari guztion ametsa da hori

Zer falta izan zitzaizun NBAn arrakasta izateko?

NBAn jokatzea unibertsitate mailako ligan egindako lan onaren sari gisa hartu nuen, eta esperientzia hori bizitzeko aukera bat bezala. NBAn jokatzeko saskiratzaile hobea izatea lortu behar. Pixkanaka ari naiz horretan, baita ere defentsan zorrotzagoa izaten. Hori ere ezinbestekoa daNBAn arrakasta izateko.

Argentinako belaunaldirik onenarekin jokatzeko aukera izan duzu. Zer nabarmenduko zenuke esperientzia horretaz?

Niretzat harro egoteko zerbait da Nocioni, Ginobilli, Scola edo Delfino bezalako jokalariekin jokatu izana. Eredu bat dira. Bai kantxan, baita kantxatik kanpo ere balio asko erakutsi dizkigute: profesionaltasuna, eskuzabaltasuna, umiltasuna... Haietako askorekin Rioko Olinpiar Jokoak partekatzea izugarria izan zen. Ondorengo belaunaldioi bide hori jarraitzea dagokigu, baina presio eta alderaketarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.