Athleticek Vila-reali irabazi nahi dio gaur, ilusioari eusteko

haritz gallastegi
Bilbo
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Athleticek Vila-real hartuko dugaur San Mamesen. Ligako bosgarren partida izango da zuri-gorrientzat. Eduardo Berizzok eta bere lantaldeak helburu nagusia bete dute lehen txanpan: taldearen inguruan zegoen etsipena ilusio bihurtu dute. Horretarako, ideiak garbi dituen talde bat plazaratu du argentinarrak. Eta, era berean, jokoa ausarta eta erasokorra denez, zaleak erakarri ditu. Lehen urratsa eginda, eta oinarria jarrita, aurrera egitea egokitzen zaio taldeari. Izan ere, jokatzeko era ikusgarria izatea ez da nahikoa emaitza onekin ez badator. Zaleek taldea irabazten ikusi gura dute. Eta taldearentzat garrantzitsua da irabaztea egiten ari dena zuzena dela barneratzeko.

Berizzok berretsi egin zuen atzo «baloia izatea eta intentsitate handiz jokatzea» duela gustuko. Ildo horretan, presioan jokoa antolatzen baino erasoago agertu da taldea. Baloi gabe egindako jokoa baloia izanda baino zuzenagoa izan da. Sormen lanean hobetu egin behar du. Bestalde, jokalarien erregaiaren gaineko eztabaida ere badago. Athleticek erritmo bizian jokatzen du, eta orain arte kosta egin zaio neurketa amaieretara indartsu ailegatzea.

Athletic puntu premiarekin zelairatuko da, baita Vila-Real ere. Aurkaria ez da nahi zuen moduan hasi. Talde ona da, eta goiko postuetan egotea eskatzen zaio. Berizzok ez dauka aldaketa asko egiteko asmorik, baina berritasunak izango dira. Susaeta zigortuta dago; ondorioz, litekeena da Williams eskuin hegaletik aritzea eta Aduriz aritzea berriro. Horrez gain, Yuri atzealdera itzuliko da, eta Yerayk lekua gal dezake.

ATHLETIC-VILA-REAL

Athletic. Unai Simon; De Marcos, Nolaskoain, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat, Muniain; Williams, Aduriz eta Raul Garcia.

Vila-real. Asenjo; Mario, Alvaro, Victor Ruiz, Jaume Costa; Cazorla; Funes Mori; Trigueros, Pedraza; Gerard Moreno eta Ekambi.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 20:00 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.