Hatz mamiekin ikusteko artea

Juliantxo Irujo zenaren azken urteetako 27 margolan bildu dituzte Bilbon, 'Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak' izeneko erakusketan. Abstrakzioa eta organikotasuna uztartzen dituzte lanek

Juliantxo Irujoren neurri handiko eta ertaineko 27 margolan biltzen ditu Bilboko Bizkaia Aretoan ireki duten erakusketak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
«Lehen, emozioa zen; gero, lengoaia; eta, orain, bien arteko orekaren bila nabil». Hitz horiekin laburbildu zuen bere ibilbide artistikoa Juliantxo Irujo margolariak (Iruñea, 1960-Bilbo, 2015), 1977an Iruñeko Nafarroako Kutxako Kultura Aretoan bere lehen erakusketa indibiduala egin zuenetik 25 urte joan zirenean, eta, hain zuzen ere, une horretatik hil zenera arte margotutako azken lanak bildu dituzte orain Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak erakusketan. Andrea Albaliak egin ditu komisario lanak, eta, dioenez, omenaldi moduko bat ere bada bilduma. «Haren pintore eta ikerlari ibilbideak oso inportanteak izan dira, eta funtsezkoa zen omenaldia egitea». Guztira 27 margolan jarri dituzte ikusgai, Bilboko ibaiertzean dagoen Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoko Txillida gelan.

Begiekin ikusi ahala hatz mamietan sentitzen diren koadroak dira Irujorenak. Eta horregatik dator ukimenaren erreferentzia erakusketako tituluan bertan. Albalia: «Begirada eta ukimena lotu egiten dira haren lanetan, eta interes handia pizten zioten sinestesia momentu horiek».

Izan, abstraktuak dira erakusketako margolanak, baina, era berean, erabat organikoak ere badira; zur idorren sentsazioa transmititzen dute irudi batzuek, intxaur ale baten tolesturak, likenak estalitako haitzak, giza erraien biguntasuna, eta badira mikroskopioaren leiarrek areagotutako mikroorganismoen mugimenduak gogora dakartzaten irudiak ere. «Tranpa bat da», eman du abisua komisarioak. «Bakoitzak gauza bat ikusten du margolan horietan, bakoitzak barruan daramaguna delako benetan ikusten duguna, ispilu baten aurrean bezala».

Naturaren behaketa eta bizitza omentzea. Bi elementu horiek nabarmendu ditu Albaliak. «Txikitatik izan zuen natura inspirazio iturri. Etxarrentxulokoa zen bera (Nafarroa), eta beti izan zuen gogoan umetan nola ibiltzen ziren jolasten lurrarekin eta urarekin, eta nahasketak egiten». Eta, gerora ere, joera hori askotan nabaritzen da erabiltzen zituen tekniketan. «Argazkiak ateratzen zizkien, adibidez, intxaurrei eta bestelako landareei, irudi horiek handitzen zituen gero, eta detaile guztiak ikusten zizkien horrela. Askotan bizi gara geure inguruari gehiegi erreparatu gabe, eta berak bazuen behatzeko gaitasun berezi hori».

Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko irakasle da Albalia. Didaktika artistiko eskolak ematen ditu bertan, eta, dioenez, haren bizitzako azken urteetan oso gertuko izan zuen artista. Hark zuzendu zion doktore tesia; lagun bilakatu ziren urteekin, eta hurbiltasun horri esker dakizki haren sorkuntzari buruzko hainbat eta hainbat zehaztasun.

Atzera eta aurrera

Gazte hasi zuen ibilbidea Irujok. 1972an, esaterako, Espainiako artista gazteen sariketa nagusia irabazi zuen, artean 12 urte besterik ez zituenean, eta handik bi urtera bigarren postua lortu zuen sariketa berean. Hamazazpi urterekin egin zuen bere lehen erakusketa indibiduala, eta halako beste hogei baino gehiago eta 40 erakusketa kolektibotik gora egin zituen bere bizialdian. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle katedraduna ere izan zen, eta ez dira gutxi alor horretan argitaratutako ikerketa eta dibulgazio liburuak ere.

Aurrez, 2017an ere antolatu zioten atzera begirako erakusketa bat Iruñeko Nafarroako Museoan, eta, horregatik, oraingoan, komisarioak nahiago izan du bere sormenaren garai jakin bati erreparatzea.

«Txoirujo 05». «Txoirujo 08». «Txoirujo 10»... Koadro bakoitzaren behealdean dator artistaren sinadura, eta data ere zehaztuta daramate lan gehienek.

2004koa da erakusketan jarri duten lanik zaharrena, eta 2014koa berriena, baina apenas igar daitekeen aldaketa estilistiko handirik hamar urteko tarte horretan. «Atzera eta aurrera ibiltzen zen», azaldu du Albaliak. «Batzuetan zortzi urteko aldea duten bi artelan ikusten dituzu elkarren alboan, eta oso antzekoak izan daitezke, baina beste batzuetan oso denbora gutxian estilo salto handiak ere egiten zituen».

Gainera, batasun estetikoa ere bilatu diote erakusketari, eta, horren ondorioz, kanpoan gelditu da, besteak beste, Irujok azken hamar urteetan landutako autorretratu serie garrantzitsu bat ere. «Iruditu zitzaigun bere azken urteetako lanak aukeratzea zela omenaldia egiteko modurik onena, baina gogorarazi nahi genuke erakusketan dagoena ez dela egin zuen lan guztia, eta horra heltzeko beste etapa batzuk ere eduki zituela».

Pintura irristakorra

Erakusketako margolan gehienek dute kutsu likidoa, eta horregatik dator isuriei buruzko aipamena tituluan. «Irristatzen», «elkar laztantzen» eta «biratzen» deskribatu ditu margolanetako elementuak komisarioak.

Koadro ertzetan badira pintura tanta batzuk iradokitzen dutenak Irujok oihalak etzanda jarrita ere margotzen zituela. Albaliak ezin du ziurtatu hala aritzen zenik, baina izan daitekeela dio, eta, irribarre txikiarekin, Irujoren lan egiteko modua azaltzen duen anekdota bat kontatu du gero. «Gogoratzen dut bere bulegoan behin erakutsi zidala koadro bat, eta galdetu zidala ea nola ikusten nuen interesgarriago: 'horrela ala alderantziz?'. Nik uste dut horrelako erabakiak azken momentuan hartzen direla askotan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.