Arantza Santesteban. Kultur kudeatzailea eta ikerlaria

«Bada Nafarroan artea lubakietan mantendu nahi duenik oraindik»

Santestebanek koordinatu du Navarra Sumak bertan behera utzi duen proiektua, Hiriartea. Uste du ikuspegi kritikoa duen artearen aurkako kudeaketa ereduaren barruan dagoela erabakia.

MARINA LAMEIRO.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun

Iruñeko Ziudadelako Hiriartea arte garaikideko proiektua koordinatzen aritu da Arantza Santesteban kultur kudeatzaile, arte ikerlari eta zinemagilea (Iruñea, 1979). Navarra Sumaren udal gobernuak, baina, egitasmoa desegitea erabaki du, eta hilaren amaieran utzi beharko du lanpostua Santestebanek. Kritiko mintzo da Iruñean eta Nafarroan egiten den kultur kudeaketaz: «Badirudi unean uneko zuzendaritzaren kapritxoen araberakoa dela». Sektoreko profesionalei kultur politiken ardura emateko eta jarduten uzteko beharra azpimarratu du.

 

Iruñeko Udalak erabaki du Hiriartea proiektua bertan behera uztea. Zein izan da prozesua?

Navarra Suma 2019ko ekainean sartu zen udalean, eta hasieran ez genuen oso argi Hiriarteak jarraituko zuen. Nik ikusten nuen ez zutela interes handirik proiektuan, eta, azaro aldera, prentsarengatik jakin nuen [Maria Garcia-Barberena] zinegotziak esaten zuela Hiriarteak proiektu gisa ez zuela behar bezalako babesik, eta erabaki zuela bertan behera uztea. Nik neukan koordinazio postua, eta handik gutxira erabaki zuten hori ere bertan behera uztea. Ordutik, ez dugu Hiriartea bezala funtzionatu. Urte berriarekin batera hil zen. Koronabirusarekin plaza amortizatzeko tramitea luzatu da, baina hilabete bukaeran ni kaleratuko naute.

Zergatik hartu dute erabaki hori?

Hainbat arrazoirengatik. Batetik, aurreko legegintzaldian udalak egin zuena apurtzeko duen asmoaren barruan dago erabaki hau ere. Horrekin lotuta, aldaketa politikoaren aurreko kultur balio tradizionaletara itzuli nahi izan dute. Horrez gain, azken lau urteetan funtzionario berriak sartzearekin profilak aldatu ziren, eta gutako batzuk kaleratzeko borondatea egon da, euren tamainako administrazio bat osatzeko.

Zeintzuk ziren Hiriartearen oinarriak?

Kultura garaikidea eta arte adierazpena sustatzea Iruñeko testuinguruan. Iruñean badira auzoetan kultur jarduerak bideratzen dituzten zentroak, baina, hortik aurrera, ez dago sorkuntza kritikoa sustatzeko inolako baliabide publikorik, eta hutsune hori bete nahi zuen Hiriarteak. Kultura eta pentsamendu garaikidea batzeko espazio fisiko bat izan nahi zuen; hain zuzen ere, Ziudadelan. Beti esaten da Ziudadela dela Iruñearen bihotza, zentroan dagoelako, eta nire desioa zen, zentro fisikoa izatea ez ezik, harremana ere izatea auzoekin, hiritarrekin, artistekin, komunitateekin.

Esan izan duzu proiektuak ez zuela sendotzeko aukerarik izan.

Horrekin daukat penarik handiena. Denborak gure kontra jokatu du, eta aldaketa politikoak asko eragin du bilakaeran. Denbora eskatzen duten prozesuak dira. Hasieratik argi neukan arte komunitatearekin harremana izan behar genuela, eta parte hartze prozesu bat hasi genuen, artistekin harremana berreskuratzeko eta proiektuari forma emateko, jakinda oso zaila dela erabateko parte hartzea lortzea. Iazko apirilean jardunaldi batzuk egin genituen horretarako, hirurogei lagunekin, eta pentsatu genuen espazioa gorputzetik, objektuetatik... Ikusi zen beharra arreta jartzeko sormen prozesuen denboretan eta jendearen zaintzan. Eta bitartekaritza proiektu batzuk ere jarri genituen martxan: Uharte Zentroarekin, Iturrama institutuarekin, haur eskolekin... Oso ederra izan zen, baina martxan jartzeko denbora gehiago behar zen, eta ekainean aldaketa etorri zen. Eta eskuinari ez zaio interesatzen horrelako kultur politika bat. Espektakuluan oinarritzen den kultur politika bat interesatzen zaio: tokira joan, espektakulua ikusi modu pasiboan, eta etxera itzuli.

Nafarroako erakundeen funtzionatzeko urteetako ereduaren beste adibide bat da hau?

Bai, Nafarroan beste garai batzuetan hartu diren kultur politiken oso-oso antzekoa izan da. Bada Nafarroan kultura eta artea lubakietan mantendu nahi duenik oraindik. Hala ere, egia da Nafarroan badagoela oso kontserbadurismo errotua eta oso eskuin bortitza, baina harreman konplikatu horretan sortu dira oso arte adierazpide kritikoak ere.

Gainera, kontserbadurismoa euskal kulturaren aurkako jarrerarekin elkartzen da.

Bai, beste herrialdeetan hain agerikoa ez den elementu bat dago hemen: euskarafobia instituzional oso bortitza. Baina arazoa sakonagoa da: ez dute onartzen kritika soziala eta artearen balio politikoa sustatzen duen proposamenik; eta, onartzekotan, Nafarroako Unibertsitateko Museoaren kasuan bezala, egitura baten barruan kokatzen dira, izan dezaketen ahalmen eraldatzailea mugatzeko. Eta, horretaz gain, bai, euskarafoboak dira.

Aurreko legegintzaldian Iruñeko eta Nafarroako administrazioan izan zen aldaketa aipatu duzu. Zer urrats egin zituzten kulturan?

Iruñeko Udalean egin zen apustua kulturari beste toki bat emateko, eta hiriarekin lotzeko: kultura behingoagatik ez zen eranskin bat; kulturatik ere ikusten zen hiria, eta hori nobedade bat izan zen. Adibidez, festibalak sustatu ziren, eta sortzaileentzako diru laguntza berriak; lan egin zen sanferminen inguruan... Eta ez zieten oztoporik jarri horren ardura hartu zutenei. Kulturako profesionalak jartzen direnean kultur politiken arduradun, kultura erabiltzen ez denean, emaitzak agerikoak dira.

Eta gobernuaren kasuan?

Nafarroako Gobernuan, bide beretik, kudeatzaile independenteak jarri zituzten, profesionalak, eskarmentu handikoak, eta ausardia handiko aldaketak egin zituzten, dinamika batzuk apurtzeko, bazterrak astintzeko... Uharteko Arte Garaikidearen Zentroarekin egindakoa jarriko nuke eredu: apustua egin zen beste mota bateko zentro baten alde; lau emakumek gidatutakoa, bitartekaritzan oinarritutakoa, arte ekoizpena sustatzen duena... Hori oso inportantea izan zen. Beraz, norabidea hartua zuten, baina ez zen denborarik izan denak bidea egin zezan. Hala ere, egia da Nafarroako Gobernuak orain jarrera irekia duela eta artistekiko harremana zaintzen ari dela.

Zaila da arte garaikidearen arloan aritzea Nafarroan?

Oso artista onak daude, baina atomizatuta: ez dute espaziorik elkartzeko, ezagutzeko, eztabaidatzeko; ez dago erreferentziazko publikaziorik, ezta arte garaikidearen sorkuntzarako laguntzarik ere. Eta artearen genealogiak falta dira, oso handia delako hemen sortu den arte mota: oso kritikoa tarte batzuetan, apurtzailea besteetan, lurrari oso lotua. Baina, tamalez, oso hauskorra da, eta asko dira lana kanpoan egitera joaten diren artistak. Batzuek esaten dute Iruñea zulo beltz bat dela artearen alorrean.

Hiriartean bertan aztertu zenuten zer behar dauden kultur kudeaketan. Zer ondorioztatu zenuten?

Hemen, beste toki askotan bezala, irizpide politikoak lehenesten dira kulturaren gainetik. Badirudi unean uneko zuzendaritzaren desiren eta kapritxoen araberakoa dela kultur kudeaketa. Horrekin lotuta, profesionalizatu egin behar da kultur kudeaketan ari den jendearen lana; adibidez, bitartekaritzan eta hezkuntzan. Hezkuntzatik programa asko egiten dira artea eta hezkuntza lotzeko, baina horiek kudeatzen dituzten profesionalek ez dute estatus propiorik.

Kultur zentro eta museoen kudeaketa ere irizpide politikoen araberakoa da?

Nire ustez, arte eta kultura instituzioek diziplina eta ezagutza ezberdinen arteko bidegurutzeak izan beharko lukete, jakinda ezer ez dela hasten eta bukatzen museoan, eta hortik kanpo ere garatzen dela bizitza; kultur zentroa beste espazio bat baino ez dela. Baina orain, Uharte Zentrotik harago, ez dago zentrorik balio duena artisten artean eta beste kolektiboekin harremana kudeatzeko. Adibidez, Nafarroako Museoa ez da inoiz izan erreferentzia edo topagune. Edo Baluartek ekartzen ditu kultura hegemonikoko espektakuluak, baina hortik harago ez du beste ezer sortzen. Hala ere, orain badirudi beste izaera bat eman nahi diotela Baluarteri, eta arte garaikidearentzako espazio bihurtu.

Distantzia dago kulturaren arduradunen eta artisten artean?

Administrazioan, ohitzen dira gauzak modu jakin batean egiten urte luzez, baina kultura eta artea oso gauza aldakorrak dira: denbora guztian daude bizirik. Eta hor arazoa da ondarearen aldeko profil asko daudela administrazioan, baina oso gutxi ulertzen dutenak sorkuntza modu kritiko, eraldatzaile, bizi batean. Horrek sortzen du distantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.