begona del teso
EPPUR SI MOUVE

Minetan libre? Dolutan gozo? Sutan mendeku?

2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ez dakit. Pentsatu beharko dut. Bihar pentsatuko, Haizeak eramana-ko Scarlettek zioen bezala, bihar pentsatu.

Ez dakit ados nagoen Almodovarrek Cocteauren La Voix Humaine-ri eman dion bueltarekin.Modernoa da, bai. Eta ulertzeko modukoa hartutako erabakia, gaurko munduak, egungo ikusleek, ez baitute gogoko sufrimendua. Norbere baitako sadismo puntu bat duen masokismoa ez dute ulertzen.

Protagonistak telefonoaren beste aldean dagoen gizonarekin emandako lau urte horiek animalia moduan sufritu dituela esatean, mende honetako, milurteko honetako entzule ahul, malet, herbalek bat egiten dute sufrikario horretan eta horrekin. Bat egin. Bereganatu. Errukior hurbildu. Baina istant bat ere pasatu ez dela, sufrikario horretaz animalia gisa gozatu duela entzuten diotenean, atzera pauso bat ematen dute. Egungo gure gizarte bigun eta eroso honetan gutxik ulertuko baitute, onartuko, norbere gain egindako oinazeaz ere goza daitekeela, oinaze bizian ere badela plazer krudelezko ezpala.

Hori dela eta, ulergarria egiten zait Almodovarren hautua. Baina ez nator bat. Filmaren, gidoiaren, pelikularen estetikaren eta etikaren jaun eta jabe sentituz, protagonistaribizirik irauteko, bizitzari berriro ekiteko aukera luzatzen dio zinemagileak, antzinako jainkoek beren kuttunekin egiten zuten legez.

Ulertzeko erraza da Almodovarren deliberamendua. Ziur naiz deliberamendu deliberatua izan dela. Tilda Swinton duzu Jose Maria Alcaine argazki zuzendariaren kamera aurrean. Tilda Swintonek urrutiko galaxietan sortu eta urrutiko galaxietatik etorritako izaki baten antza du. Parekorik, igualik ez da zineman. Ez gaur egungoan ez joandako garaietakoan. Oso ausarta izan behar duzu Tildak antzeztutako pertsonaia bat miseria gorrian uzteko. Eta Pedro, nahiz eta normalean horren harroxko agertu kamera atzean, ez da mutiri nahikoa izan oraingo honetan; eta belauniko jartzen da biziaren, amodioaren eta desolamenduaren aurrean bera baino handioski jokatzen duten pertsonaia eta aktorearen aurrean.

Horrexegatik, nik uste dut, mimo handiz bai, baina, aldi berean, faza ederrean eta itxurakeria galant batean filmaturiko 30 minutu hauetan, irtenbide bat, salbaziorako zirrikitu bat eskaintzen dio bueltatuko ez den amorante horren zain, esperoan eta desesperoan izan den emakume horri. Izatez, aktorea da bera, eta, berak esanda, kontratatzen dutenek estimu handian dute gorputzaz zein arimaz islatzen duen malenkonia etazoramen nahasmendu tentagarria. Hori saltzen die. Hori erosten diote.

Zaila izan behar du izenik ez duen halako emakume bat bere bakardade mingarrian lagatzeak, ondoan, aldamenean, lagun, bere benetako jabearen absentziaz minetan den txakurra baino ez duelarik. Horrexegatik, nire ustez, gutxiagotasun-konplexuak jota, Almodovarrek traizioa egiten dio Cocteauri. Eta ni ez nator bat. Nik ez dut traizio horrekin bat egiten. Badakit, ederki asko jakin ere, lan klasikoak klasikoak direla edozer eraso, inbasio, txikizio nozitu arren, harro eta hilezkor irauten dutelako. Zutik, eternal.

Ados, baina zer esango dizuet? Nik Cocteauk berak bere obraren hasierako oharrak irakurriz barrenetan sumatzen dudan dardarizoa, dardarizo hilgarria nahiago. Hamaika aldiz nahiago. Zientoka, milaka. Hona hemen Cocteauk idatzitakoa: «Autore honek zera nahiko lioke ikuslearihelarazi: emakume hori animalia zauritu bat da, odolusten den animalia; bukaeran, eszena eremua bere benetako odolaz bustiko, tindatuko duen animalia».

Nik, neuk, horrela nahiago. Jendeak, aretoak mukuru betetzen dituzten ikusleek, agian ez. Ados. Baina nik gozagarririk gabeko dramak hobesten ditut. Nik. Neuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.