Ohikoak eta periferikoak

Bilboko BBK Live jaialdian ehun musika talde baino gehiago ariko dira etzitik larunbatera arte; Liam Gallagher, Weezer eta The Strokes, horien artean. Pop eta rocketik haragoko eskaintza egongo da

Weezer taldeak disko berria aurkeztuko du Bilbon emango duen kontzertuan. ETIENNE LAURENT / EFE.
aitor biain
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Europako musika jaialdien artean toki garrantzitsua betetzen du oraindik Bilboko BBK Live jaialdiak. Hamalaugarren urtea du dagoeneko, eta hazten jarraitzen du oraindik, horretarako gero eta tarte gutxiago badu ere. Ostegunean hasi eta larunbata bitarte, 100 musika talde baino gehiago izango dira hamabi agertokitan banatuta. Egitarauari dagokionez, ohiko musika proposamenari eutsiko dio jaialdiak aurten ere: azken urteetako joerari eutsita, popa eta rocka izango dira bi ardatz nagusiak, baina bestelako musikak entzuteko aukera ere izango da: hala nola punka, trapa, hip-hopa, reggaetoia, flamenkoa eta musika urbanoa.

Kobetamendiko zelaietan ez ezik, Bilbon ere izango dira kontzertuak, antolatzaileek jaialdia hedatzeko duten nahiari lotuta. Zazpi oholtza izango dira gune nagusian, eta euskarazko izenak izango dituzte aurten: Nagusi izenekoan arituko dira musika talderik esanguratsuenak. Hirigunean, aldiz, lau gunetan izango dira zuzeneko emanaldiak: agertoki bana jarriko dute Izozaki dorreetan, Albia lorategietan, Areatzan eta Kale Nagusian. Horiez gainera, bi kontzertu izango dira kanpin gunean, jaialdiaren aurreneko egunean.

Aurtengo egitarauari dagokionez, berriz, izen nagusien artean dira Liam Gallagher, The Strokes, Weezer, Rosalia, Thom Yorke eta The Good, The Bad & The Queen. Haiekin batera izango dira, halaber, Vetusta Morla, Brockhampton, Hot Chip, Suede, The Blace eta Vince Staples, beste askoren artean. Nazioarteko talde entzutetsuen artean, Euskal Herriko musikari andana izango da.

Mundura begirako egitaraua

Mundu osoko musikazale ugari erakarri nahi ditu jaialdiak aurten ere. Musika eskaintzak erakarritabilduko dira asko, ziurrenera; beste batzuk, aldiz, Europan jaialdiz jaialdi aritu ondoren Bilborako bidea hartuko dute datozen egunetan. Izan ere, mundu mailan ezagunak diren musikariak zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango da BBK Live jaialdian. 120.000 ikusleren kopuruari eustea da antolatzaileen asmoa.

Europako jaialdi handietan jo ondoren Bilbora iritsiko diren artistak ere izango dira. Liam Gallagher da horietako bat, jaialdiaren lehen eguneko artistanagusia. Erresuma Batuko Glastonbury jaialdi ospetsuan aritu da Oasis taldeko abeslari ohia. Pop-rockaren ikurretako bat izan zen taldea, eta arrakastaren tontorrera iritsi moduan jaitsi ziren handik. 2009an banandu zen taldea, Liam eta Noel Gallagher anaien arteko liskarrek eraginda, batez ere.

Bakarkako bideari ekin zion orduan Liamek. 2017an argitaratu zuen As You Were lehen diskoa aurkezten ari da abeslaria, baina Oasis taldearen doinu ezagunak entzuteko aukera ere izango da. Hain zuzen, anaiaren lekukoa hartuko du abeslariak jaialdian; izan ere, iaz BBK Liven aritu baitzen Noam Gallagher, Oasis taldeko kide ohiekin batera.

Gallagher ez da osteguneko abeslari ezagun bakarra izango, halere. Tom Yorke Radiohead taldeko abeslaria ere jaialdiaren aurreneko egunean igoko baita agertokira. Bakarkako bideari ekin zion horrek ere, 2006an, taldearekin jotzeari utzi gabe, hori bai. Anima izeneko bakarkako hirugarren diskoa argitaratu berri du kantariak ekainean, Paul Thomas Anderson zinemagileak zuzendutako labur batekin batera. Bilduma berriko kantak entzuteko aukera egongo bada ere, Tomorrow's Modern Boxes bere bigarren diskoko kantuak interpretatuko ditu Bilbon.

The Strokes taldea izango da ostiraleko talde nagusia. New Yorkeko boskotearen rocka indartsu sartu zen mendearen hasieran. It this it lehen bildumak arrakasta handia izan zuen, eta musika kritikari askok «rockaren salbatzaile» etiketa jarri zioten taldeari, BBC-k besteak beste. Rock alternatiboa, indie eta garage estilo uztarketak zale ugari erakarri ditu. Ia hogei urteko musika ibilbide esanguratsua egonkortzen ari dira, eta aurreneko aldiz izango dira Bilbon.

Jaialdiaren bigarren egunak bestelako musika estilo batzuk entzuteko aukera emango du, edonola ere. Izan ere, Suede taldearen rock alternatiboak jaialdiaren ohiko eskaintzari eutsiko badio ere, izango da bestelakorik: dagoeneko fenomeno bilakatu den Rosalia abeslari kataluniarraren eskutik popa, flamenkoa eta musika urbanoaren arteko nahasketa entzuteko aukera egongo da. El mal querer izeneko diskoak popa eta flamenkoa ardatz moduan baditu ere, trap eta R&B estiloetara ere lerratzen da haren musika. Eskaintza hori are gehiago aberastuko dute Brockhampton eta Princess Nokia talde estatubatuarren rap musikak.

Rock alternatiboa izango da larunbateko eskaintza nagusia ere. Weezer taldea da guztietan aipagarriena. Rock alternatiboaren erreferentetako bat izan da taldea 1990eko hamarkadaz geroztik. 11 disko argitaratu ditu taldeak guztira; aurten azkenengo biak: urtarrilean kaleratu zuen bertsioez osatutako bilduma bat Teal album, eta martxoan abesti berriez osatutakoa. Taldearen izen bera darama disko berriak, baina ezagunagoa da azalaren koloreagatik —TheBlack Album (disko beltza)—, aurretik izen bereko beste batzuk ere badituelako. Bilduma berria aurkezteko biraren barruan iritsiko dira Bilbora; aurreneko aldiz igoko dira jaialdiko oholtzara.

The Good, The Bad & The Queen taldeko Damon Albarnek badaki zer den Kobetamendin jotzea, iaz izan baitzen BBK Live jaialdian Gorillaz bere beste taldearekin. Oraingo honetan, ordea, Tony Allen, Simon Tong eta Paul Simonon The Clash taldeko baxu jotzailea izan zena izango ditu alboan. 11 urte ezer argitaratu gabe igaro ondoren, iaz kaleratu zuten lan berria aurkeztuko dute Bilbon: Merrie Land.

Euskal Herriko musikarien artean, ondorengo izenak dakartza egitarauak, besteak beste: Anari, Olatz Salvador, Erabatera, Nogen, Belatz eta Serrulla. Baita Sua ere, Gaztea irratiaren azken maketa lehiaketa irabazi duen taldea.

Kobetamenditik Bilbora

Kobetamendira igotzeko aukerarik ez dutenek Bilbon bertan zuzeneko musika emanaldiak ikusi eta entzun ahal izango dute Bereziak izeneko atalari esker. Hain zuzen, jaialdia zabaltzea antolatzaileen erronka nagusietako bat bilakatu da azken urteetan, Kobetamendin hazten jarraitzeko gero eta aukera gutxiago dutelako urtez urte.

Hiriaren erdigunean aurten lau agertoki jarri dituzte iaz bi izan ziren, eta horietan izango dira Lorena Alvarez, Anni B Sweet, Cariño, Gimnastica, Los Hermanos Cubero, The Intergalactic Republic of Kongo, Mastodonte, Mujeres, Ortiga, Pony Bravo eta Venturi. Kontzertu guztiak arratsaldeko lehen orduan izango dira.

BBK Live jaialdiaren antolakuntzak eta Bilboko Udalak eraso sexisten aurkako ahalegin berezia egingo dute aurten ere. Hala, jarraipena emango diote 2017an martxan jarri zuten sentsibilizazio kanpainari, eta Ezetz beti da ezetz goiburua jaialdiko karteletan zein objektuetan ikusi ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.