Javier Martxena. Sestao xake taldeko jokalaria

«Euskal jokalaririk onena izan nahi dut urte batzuk barru»

Sestaok berriro irabazi du aurten Euskal Liga, eta Bizkaiko taldearen jardunean oso garrantzitsua izan da Javier Martxena gazteak egindako lana. Bost buruz buruko jokatu ditu, eta guztiak irabazi ditu.

BERRIA.
Josu Tornay.
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herriko xakeak etorkizuna ziurtatua du Javier Martxenarekin (Gasteiz, 1997). Nazioarteko Xake Federazioaren maisu titulua lortu zuen duela hiru urte, artean adingabea zela. Egun, nazioarteko maisu titulua lortzear dago.

Sestaok berriro irabazi du Euskal Liga. Kanpotik ikusita, badirudi erraz antzean izan zaretela berriz ere txapeldun. Barrutik, ordea, gauzak ez dira horren sinple ikusten.

Hala da. Talde bikaina daukagu, eta horrek konfiantza ematen digu txapelketei aurre egitean. Baina zaila da beti irabaztea. Liga honetan jokalari oso onak daude, eta deskuidatzen zaren bakoitzean edozeinek estu har diezazuke. Beti guztiz kontzentratuta ibili behar zara irabazteko.

Urte askoan Gros izan da zuen aurkari nagusia. Aurten, ordea, koska bat beherago aritu da, eta Orvina izan da gehien estu hartu zaituztena.

Lehen txandetan, Gros izan zen aurkari nagusia, eta guk uste genuen hala izango zela gerora ere. Baina aurten Iñigo Argandoñak Gipuzkoako Ligan jokatu du, Grosen bigarren taldearekin, eta horrek Ohorezko Mailako taldeari egin dio kalte. Azkenean ikusi da Orvina aurkari gogorrena izan dela. Liga sinestezina jokatu dute. Harrobiko jokalariekin puntu pila batu dituzte, eta estutasunean jarri gaituzte.

Euskal Ligako formatua egokia iruditzen zaizu? Klub batzuek aldatzea proposatu dute. Konforme zaude egungo formatuarekin, ala uste duzu aldaketak egin behar direla?

Formatua oro har egokia da: bi maila daude, probintzia bakoitzetik talde bat igotzen da... Baina aldaketa batzuk beharrezkoak direla uste dut: adibidez, Nafarroarekin lankidetza landu behar da, batez ere diru kontuak, beste torneo batzuetarako sailkapenak eta Nafarroako Federazioaren ekarpena. Euskal Ligako daten gaia ere konplikatua da, eta neguan eta bidaia luzeekin parte hartzea zailtzen da. Bestalde, Euskal Ligarako babeslearen bat topatzeak aukera gehiago emango luke.

Duela urte batzuk egin zuen Sestaok apustua jokalari profesionalak ekartzeko, baina pixkanaka etxekoak euren tokia egiten ari dira lehen taldean. Nola ikusten duzu harrobiaren eta profesionalen arteko oreka datozen urteei begira?

Oreka hori dagoeneko hobeezina da. Harrobiko jokalariok lehen taldean jokatzeko aukera daukagu, eta horri esker profesionalengandik ikas dezakegu. Jokatu ostean, gure artean partidak eztabaidatzen ditugu, eta hori ikasteko modurik onena da.

Zuk bost partida jokatu dituzu lehen taldearekin aurten, eta guztiak irabazi dituzu. Horri esker, espero duzu toki bat ziurtatu izana datorren urterako taldean?

Bai, noski. Aurten ere toki finkoa izan dut, baina partida guztiak ezin izan ditut jokatu, batzuetan azterketak nituelako, eta besteetan taldean sei jokalari garelako eta baten bat geratu behar zelako kanpoan.

Duela hiru urte lortu zenuen jada Nazioarteko Federazioaren maisu titulua. Garapen horretan sendotu zara, ala dagoeneko 20 urterekin Nazioarteko Maisu titulua lortzeko bidean ikusten duzu zeure burua?

Orain arte sendotze fasea izan da. Titulua lortu nuenean, okerrago jokatzen nuen; urte horretako partidak berrikustean argi eta garbi ikusten dut. Noski, nire helburua Nazioarteko Maisu titulua lortzea da, eta urte batzuk barru euskal jokalaririk onena izatea.

Zenbat orduz entrenatzen zara? Badaukazu entrenatzaile zehatzik, ala entrenatzaile talde batekin lan egiten duzu? Bakarrik ere aritzen zara?

Oso kontzentratuta nago ikasketetan, eta horrek denbora asko kentzen dit xakean aritzeko. Izan ere, askotan bakarrik ordu erdi ematen dut egunero taularen aurrean. Zorionez, udan denbora gehiago daukat, eta hiruzpalau ordu inguru egiten ditut xakean egunero. Maisu Handi bat da nire entrenatzailea, baina nire lanaren zatirik nagusiena bakarrik egiten dut, %90 gutxi gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.