Jarraitu dezala festak

Malagak maila galdu duela baliatuta, Realak laugarren garaipena jarraian eskuratu nahi du gaur. Moya atezaina deialdira itzuli da

Imanol, amorratuta, aulkiari jotzen, Eibarren aurkako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jon eskudero
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Realaren historian ez da erraza aurkitzea Imanol Alguacil aulkian egiten ari den lanaren pareko zerbait. Gidaritza krisi larrian hartu ondoren, taldea biziberritu egin du, eta izugarriak dira lortzen ari den zenbakiak. Jokoan izaniko hamabi puntuetatik hamar eskuratu ditu, bederatzi gol alde eta bakar bat ere jaso gabe. Halaber, Raynald Denoueixek 2002an eginiko liga hasiera ona berdindu du, eta, hori gutxi ez bada, aukera izango du zenbakiak are hobeak lortzeko. Izan ere, Realak Malagaren zelaia bisitatuko du gaur, eta laugarren garaipena jarraian lortzeko parada ederra izan dezake, dagoeneko mailari eusteko aukerarik gabe baita Espainiako taldea. «Saminez egongo da Malaga, eta baliteke amorru biziz zelairatzea. Umiltasun eta errespetuz jokatuko dugu, eta orain arteko bideari eutsiz».

Are zailagoa zen zerbait lortu du Imanolek soilik hilabete baten buruan: taldearen eta jarraitzaileen arteko konexioa. Txistu hotsak sarri azaldu ditu Anoetak denboraldi honetan, baina bestelako aldartea izan zuen joan den ostegunean, Atletico Madrili 3-0 irabazi ondoren. «Sasoiko partidarik onena jokatu genuen, eta festa ederra izan zen. Gutxienez hogei aldiz ikusi ditut zaleen argazkiak golak ospatzen. Emozioz betetzen nau». Imanolen esanetan, egoera horretara iristeko sekretua jokalari multzoari konfiantza ematea izan da. «Hondoa jota zegoen taldea, baina lan saioetan jarrera bikaina azaldu dute; nik konfiantza eman diet, eta goraka egin dugu».

Ipuruan puntu bat eskuratu zuten txuri-urdinek, eta azken hiru partidak irabazi egin dituzte Gironaren, Las Palmasen eta Atletico Madrilen aurka, hurrenez hurren. «Garaipen bat behar genuen geure buruarengan sinesteko, eta uste baino hobeto ari zakizkigu ateratzen gauzak. Bagenekien erasoan kalitate handia genuela, eta, defentsako sendotasunean irabazita, nabarmena izan da hobekuntza». Eta mugarik ez al dauka gorakadak? «Bost puntura dauzkagu Europako postuak, baina hobe da horretan ez pentsatzea».

Malagari aurre egiteko ere hamaikakoan aldaketak egingo ditu Imanolek, defentsako eta zelai erdiko lerroetan, batez ere. Ikusteko dago nor ariko den atepean: Moya edo Rulli. Defentsan, Odriozola eta Kevin itzuliko dira hegaletara, eta erdian baliteke Zubeldiak tokia izatea. Erasoan, berriz, Willian Josek izango du golak sartzeko ardura.

MALAGA-REALA

Malaga. Roberto; Rosales, Luis Hernandez, Ignasi Miquel, Torres;

Lestienne, Lacen, Iturra, Chory Castro; Adrián eta Ideye.

Reala. Moya; Odriozola, Aritz, Llorente, Kevin; Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza; Oiartzabal, Juanmi eta Willian Jose.

Epailea. Estrada Fernandez.

Lekua. Rosaleda (30.044 ikusle).

Ordua. 16:15ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.