Gehiago gura dute

Athletic eta Reala Europa Ligako postuetatik gertu daude, beraz, gaur San Mameseko derbia irabazten duenak bultzada izango du

Gehiago gura dute.
Haritz Gallastegi-Jon Eskudero
2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Denboraldi honetan San Mamesesen jokatuko diren derbiak igotzeko bidean diren taldeen artekoak izango dira. Eibarrek Katedralean jokatu zuenean, sei onenen artean sartzeko borrokan zeuden bi talde aritu ziren elkarren aurka. Bada, Athleticen eta Realaren artekoa ere antzekoa da. Txuri-urdinak gorakada handia eman dute azken jardunaldietan pilatutako puntuei esker, eta aukera ona dute zuri-gorriengana gerturatzeko. Athleticentzat aldapa gogorra ari da izaten otsaila.

Hala ere, Ernesto Valverderen taldearekin konfiantza izan behar da. Zuri-gorriak barneratua dute onenen pare aritzeko taldea daukatela. Ondorioz, bolada txar batek edota aste barruan Europa Ligako partida jokatu izanak ez die indarrik kenduko. Norgehiagoka asko jokatzera ohitzen ari dira, eta egun ez dute partida pilaketa aitzakia gisa erabiltzen. Egunetik egunera handitzen ari den taldea dela erakusten du horrek.

Nekeak, Realaren emaitza bolada onak, txuri-urdinek derbietan erakutsi ohi duten lehiakortasunak… gauza askok kezka dezakete Athletic. Baina norberan gaitasunean itsu-itsuan sinestea baino gauza hoberik ez dago zailtasunei aurre egiteko. Eta, egun, autoestimu faltarik ez daukate. Gainera, San Mamesen bultzadak ere izango du zeresana. Etxeita zigortuta dago, eta Bovedak har dezake haren lekua. Gainerakoan ez da iraultzarik espero. «Reala sasoi bikainean da, eta aste osoa izan du partida prestatzeko. Gainera, asko motibatzen da halako partidetan », esan zuen atzo Valverdek. Raul Garcia deialdian da, min hartu eta hilabete eta erdi eskasera. Zuri-gorriek besoko beltzarekin jokatuko dute, Nando Yosu jokalari ohiaren heriotzagatik. Atzo hil zen, 76 urterekin.

Reala, olatu gainean

Realean, berriz, badakite erronka zaila dela San Mamesen irabaztea, baina, baikor dira. Batetik, azken hiru partidak irabazi ditu, eta denboraldiko sasoirik onenean da. Eta, bestetik, zazpi derbi daramatza galdu gabe. Azkenekoz, 2012ko martxoan galdu zuen San Mamesen, 2-0. Orduz geroztik, Bilboko taldeari neurria hartua dio. «Hazten ari gara, eta bide horretan jarraitu nahi dugu. Esan didate berezia izango dela, eta gogotsu nago. Ondo jokatzen badugu, irabazteko aukera izango dugu. Gure esku dago», aitortu du asteon Eusebio Sacristanek.

Athleticek ez bezala, partida prestatzeko nahi adina denbora izan du Realak, eta konfiantzaz gainezka helduko da. «Intentsitatez jokatu behar dugu. Baliteke haiek nekatu samar egotea, baina ahulezia hori guk topatu behar dugu». Horretarako, abiaduraz jokatu behar dutela uste du. Bada, Carlos Vela sasoirik onenean da, eta horri etekina ateratzea espero du entrenatzaileak. Hori bai, Aduriz ere «gertutik zaindu» beharko dutela uste du.

Hasierako hamaikakoa osatzeko, Iñigo Martinez sartuko du berriz deialdian Eusebiok. Ezusterik ezean, Mikel Gonzalez izango du bikotekide, eta Aritz Elustondo eta Yuri ariko dira hegaletan. Berritasuna zelai erdian egon daiteke.Espanyolen zelaian egin bezala, Reyesek joka dezake euskarrian. Illarramendik eta Pardok ere jokatuko dute. Erasoko lerroan, azkenaldiko hirukoa zelairatuko du: Vela, Jonathas eta Oiartzabal. David Zurutuza deialdian da, aspaldian min hartuta egon ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.