Gerturatzen segitu nahian

Koparako sailkatzeko lehia garrantzitsua du gaur Realak, Rayoren zelaian. Athleticek hirugarren postuari eutsi nahi dio Sevillan

Realeko jokalariak, Espanyoli sartutako gola ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ligako lehen zazpi partidak galdu eta gero, oso zail jarri zitzaion Realari Espainiako Koparako sailkatzea. Juanjo Arregi kargutik kendu eta gero, ordea, susperraldia iritsi zen. Ordutik, inurriak bezala, Gonzalo Arkonadaren taldea pixkanaka gutxituz joan da postu horiekikoalde hori. Atzo Levantek irabazi eta gero, zazpi puntura du zortzigarren postua —Kopa jokatzeko aukera ematen duen azkena—, eta hurrengo bi partidak oso inportanteak izango dira txapelketa horretan egoteko urrats erabakigarria egiteko. Izan ere, lehia horretan dituen bi aurkari zuzenen kontra ariko da. Gaur, Rayoren zelaian jokatuko du (12:00), eta, datorren astean, Levante hartu du Zubietan.

Rayok Realak baino puntu bat gehiago du sailkapenean, 29, eta bederatzigarren dago sailkapenean; Reala, berriz, hamargarren. Golen aldea zaintzea ere komeni zaio Realari. Zubietan 3-0 irabazi zuten txuri-urdinek. Baikor dago Naiara Beristain jokalaria: «Taldea haziz joan da, eta gure jokoak hobera egin du». Rayon Natalia Pablos da jokalaririk arriskutsuena. Hamalau gol daramatza, eta ligako golegilerik onenetan hirugarrena da. Hain zuzen ere, gaur lehian aurrelari bat faltako du Realak: Michi Goto, min hartuta dagoelako. Paola Soldevilla, berriz, deialditik kanpo geratu da.

Sevilla, aurkari «deserosoa»

Aurreko jardunaldian hirugarren postua berreskuratu eta gero, Athleticek leku horri eutsi nahi dio, Sevillan (11:00). Joseba Agirre entrenatzaileak nabarmendu du Sevilla kontrario «deserosoa» dela: «Gure onena eman beharko dugu irabazteko. Sevilla talde indartsua da etxean, eta min handia egiten du geldikako jokaldietan. Horren aurrean, baloi jabetza izan behar dugu, eta jokoari erritmo bizia jarri. Sakon jokatu behar dugu, zuloak topatzeko, ondo ixten baitira atzean».

Hirugarren postuko lehia horri begira, lehia estua du Athleticek Granadillarekin eta Betisekin. «Nik uste dut Granadilla izango dela gure aurkari nagusia». Gaur, bi jokalari faltako ditu Agirrek: Alazne eta Marta. Biak min hartuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.