Konfiantza kontua

Joseba Ezkurdiaren azken urteko gorakada aztertu dute bere lan multzoko kideek. Binakako txapelketari eta kontzentrazio teknikei esker arlo psikologikoan emaniko aurrerapausoa nabarmendu dute. Partidak, baina, ez ditu buruak bakarrik irabazten, eta lan fisikorako jarrera ona goratu dute.

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 17
Elastikoan izen bera agertzen da, zortzi letra berberak ordena berean ezarriak. Ezkurdia da, Joseba lagunentzat, baina beste bat dirudi, aldatu egin da. Pilotazaleek 2018an gehien errepikatutako esaldia da: «Zer egin diote Ezkurdiari?». Amaiera estuetan itotzen zen pilotari indartsuak iraganeko pertsonaia bat dirudi, azken hilabeteetan oso lehiakor den beste batek darama haren atorra. «Ezustekoa eman duela entzuten ari naiz, baina ez nator bat, Joseba debutatu zuenetik egon da goian. Baina egia da garaipen handi bat falta zitzaiola, eta binakakoa txapela irabazteak bultzada eman dio konfiantzan. Baina bera beti egon da hor; orain, baina, irabaztearen pausoa eman du». Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoaren aldarria da, ziur asko, azken urteetan pilotalekuan Ezkurdiarekin denbora gehien pasatu duen pertsonarena.

«Konfiantza» aipatu du Etxanizek, eta hitz bera esan dute Juan Martinez de Irujo Ezkurdiaren botileroak eta Ruben Aiarra prestatzaile fisikoak. Biak Ezkurdiak inguruan duen multzoko kide dira, eta biak pilotalekuan ibilbide luzea izandakoak. «Une hau noiz iritsiko zain geunden», onartu du Irujok, eta ez du ezkutatu lagun minaren urte bikainak pixka bat harritu duela. «Eskarmentua du, eta makina bat ordu sartu ditu Jokinekin teknikoki hobetzeko. Kontua da orain lehen egiten ausartzen ez zen gauzak egiten dituela. Zuloa ikusten zuen, baina hara bota behar da pilota. Konfiantzarik ez baduzu, ez zara ausartzen pilota asko gurutzatzen, eta Joseba orain ausartu egiten da». Aiarraren ustez, konfiantza hobetzeko bidean asko lagundu dio bere bertute eta gabeziak onartzeak. «Jendeak artistak eskatzen ditu, baina Ezkurdia ez da artista bat, ez da Titin III.a, baina beste bertute batzuk ditu. Josebak argi du bere buruaren irudia, dagoeneko ez du jokatzen jendearen aitortza lortzeko. Berak ondo definitu du zein den mesede handiena egiten dion jokoa, eta hortik dator bere jokoak izan duen gorakada».

Irabazteak konfiantza ematen du, baina horretarako 22ra iritsi beharra dago, eta Ezkurdiak onartua du partida estuetan asko kostatzen zitzaiola bere jokoa egitea. «Blokeatu egiten zen, eta hori zama bat izan berarentzat», laburbildu du Aiarrak. Horri aurre egiteko, «kontzentrazioa» landu zuten. «Kirolean ohikoak dira kontzentrazio teknikak, eta guk asko egin ditugu. Partida aurreko hitzaldiak, markak takoetan... Pilota bat huts egin, takora begiratu, eta, kontzentrazioaren marka ikustean, gogoratu egiten duzu. Hori oso erabilia da tenisean; guk ez dugu ezer asmatu». Prestatzailea Ezkurdiaren partidetara joaten da, berak zuzentzen du haren beroketa saioa, eta hor hasten da kontzentrazio lana. Bide beretik, aurretik izandako zorte txarra aipatu du Irujok. «Partidak ixtea kostatzen zitzaion, orain arte zorterik ez du izan, baina aldatu du joera hori». Iberokoak ere garrantzia eman dio binakako txapelari. «Irabazten duzunean zeure buruan sinesten duzu. Baina behin galtzen baduzu, bitan, hirutan... Zailagoa da, irabazteko beldur zara».

Etxaniz, berriz, zortetik haratago doa bere argudioetan. «Ez da erraza bolada txarrak eramatea. Josebak ez du galtzaile sentimendurik, baina batek esaten badizu, besteak... Kolpeak hartzeak ere lagunduko zion, eskarmentua pilatzen duzu. Hori bai, bera ez da gora begira gelditu, 'ea zortea aldatzen den' pentsatuz, berak lanean jarraitu du, eta Josebaren lanerako jarrera demasekoa da». Finalerdietan Urrutikoetxeak estutu egin zuen Ezkurdia amaieran, eta Etxanizek bere pilotariaren aurpegi berria ikusi zuen. «Beste pauso bat eman zuen, konpromiso handiko partida batean berea eman zuen. Ez zen beldurtu, eta azken unera arte berea eman zuen». Teknikariak ez du ezkutatu bilakaera horrek sortu dion poza. «Pauso honekin izan zitzakeen beldur edo mamu horiek uxatzen baditu, askoz hobeto. Ni lasai nengoen, banekien-eta une hau iritsiko zela: finalak, txapelen bat... Baina denbora pasatzen ari zen, eta pozik nago berarengatik. Nik badakit zenbat sufritu duen, eta pozik nago».

Hirurek arlo psikologikoaren garrantzia nabarmendu dute, burua gihar garrantzitsua da, baina, beste guztiak ez badu laguntzen, alferrikakoa da sena, eta prozesuak denbora pixka bat behar du. «Ezkurdiaren bilakaera pilotariek beti izan dutena da», nabarmendu du Etxanizek. «Berez, pilotarien adinik onena 25 urtetik aurrera dator. Freskotasuna jaisten da, baina ikasi egiten duzu, hauspo gehiago duzu... Josebak 27 urterekin eman du pauso hori. Urrutikoetxearen antzeko kasua da. Hura ere hor zebilen, goian, txapel bat irabazi zuen arte. Altunaren eta Irribarriaren bezalakoa kasuak salbuespena dira».

Langile porrokatua da Ezkurdia. Bat datoz hirurak. «Gimnasioan hartzen dituen pasadak ikusiko bazenitu, harrituta geldituko zinateke!», azaldu du Irujok. Zer-nolakoak dira, bada? Onena Aiarrari galdetzea, hark diseinatzen baititu saio horiek. «Oso langilea da, eta badaki izan beharra daukala. Berak badaki hain gorputz handia izanda gogor egin behar duela lan kantxan mugitzeko. Berarentzat zailagoa da sasoi puntua hartzea».

Bizi mugitzeko lana

Ezkurdiak, izan ere, 1,91 metro luzeko eta 94 kiloko aldamioa mugitzen du. Ezohikoa aurrelari batentzat. Gorpuzkera horrek bere abantailak eta kalteak ditu. «Hauspo handikoa da, arnas luzekoa, eta indar handia du enborra biratzeko mugimenduetan. Kolpe keinuan, alegia», laburbildu ditu bertuteak prestatzaileak. Lana, berriz, bi eremutara bideratzen dute: bizkarra eta desplazamenduak. «Josebak bizkarreko oinazea izaten du, makurtu behar izatea gogorra da, eta herniak eragozteko plangintza berezia dugu. Zoru gogorrak ere ez dio laguntzen». Eta, noski, zangoak: «Aurrelaria delako, batez ere. Bizia izan behar du irtetean, bizia itzultzean... 5-7 metroko lasterraldiak dira. Lan handia egin du hor, horregatik da hain ona defentsan. Joseba hezur gogorra da, aurkariak badaki lehen gantxoan ia inoiz ez diola tantoa sartuko».

Konfiantzak, lanak eta bestek bere fruitua eman dute, baina harrigarria da banakako lehen finala lau eta erdikoan jokatu izana, teorian, bere ezaugarriak hobeak baitira pilotaleku osorako. Uste zabaldua da, baina Etxaniz ez dator bat. «Bada, nik ez nuke esango buruz burukorako bere dohainak lau eta erdikorakoak baino hobeak direnik. Bera altua da, baina ondo mugitzeen da, eta kolpea albotik askatzen du. Alboko kolpe hori, agian, hobea da lau eta erdikorako». Aiarraren ustez, hobekuntza tarte handia du oraindik, eta orain ezaugarri horiek buruz burukora eramatea da helburua. «Aurten bera izan zen Altunari tanto gehien egin zion pilotaria, eta ziur nago berriz ere puntuan egongo dela. Orain ari gara Josebarik onena ikusten, jada ez da blokeatua irteten». Ezkurdia berria da, irabazlea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna