Bere esku dago

Osasunak igotzeko kanporaketarako sailkatu nahi du gaur Valladoliden. Irabazita, helburua beteko luke; berdinduta, aukera asko lituzke

Osasunako jokalariak, gol bat ospatzen, sasoi honetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Dena ikasturte bukaerarako uzten duen ikaslearen modukoa da Osasuna. Nekez izaten du liga amaiera lasaia. Gorabeheratsu aritu ondotik, amaieran estutua eman beharrean izan ohi da. Bada, tradizioari jarraikiz, sasoi honetan ere azken jardunaldi zirraragarria izango du. Gorritxoek ez dute esperotako maila eman denboraldian, eta ezin izan dira Espainiako Bigarren Mailako talde indartsuenekin parez pare lehiatu. Nolanahi ere, azken txanpan bolada ona harrapatu dute, eta mailaz igotzeko kanporaketa jokatzeko aukera handiarekin iritsiko dira gaur Valladolidera (Espainia).

Sportingek eta Zaragozak jada ziurtatu dute kanporaketa jokatzea. Liga laugarren edo bosgarren postuan bukatuko duten jakitea bakarrik falta zaie. Hala, Osasunarekin batera, beste lau talde saiatuko dira geratzen diren bi postuetako bat lortzen: Valladolid bera, Cadiz, Oviedo eta Numantzia. Emaitzen 81 konbinazio posible daude, eta horietatik 57k sailkatzeko balioko liokete Osasunari. Hots, %70eko aukerak ditu, arerioek baino gehiago: Cadiz kasuen %58,2an sailkatuko litzateke, Valladolid %43,2an, Numantziak %20,9ko aukera baino ez du, eta are txikiagoa Oviedok, %6,1ekoa.

Valladolid menderatzea litzateke biderik seguruena nafarrentzat. Zazpigarren daude une honetan, kanporaketa postuetatik kanpo, baina, irabaziz gero, bosgarren posturaino igoko dira, aurkarien partidei erreparatu behar izan gabe. Cadizek ere irabaziz gero, berdinduta egongo lirateke 67 punturekin, baina Iruñeko taldeak aurretik bukatuko luke, golen aldea dela medio. Valladoliden aurka berdinduz gero, ordea, gorritxoak ez leudeke seguru. Hori bai, puntu bakarra aski izango litzaieke 27 kasu posibleetatik 26tan. Modu bakarra dago berdindu eta Osasuna lehen sei postuetatik kanpo gelditzeko: irabazi egin beharko lukete Cadizek, Numantziak eta Oviedok. Kasu horretan, Osasunak, Numantziak, Oviedok eta Valladolidek berdinduko lukete sailkapenean, eta azken hori Cadizekin sailkatuko litzateke.

Hori horrela, berdinketa batekin %96ko aukerak izango lituzke Diego Martinezen taldeak helburua lortzeko. Aitzitik, Valladolidentzat puntu bakarra ez litzateke nahikoa izango kasurik gehienetan. Bi taldeentzat berdinketa balekoa izateak asko erraztuko lituzke gauzak, baina, Espainiako taldeak kosta ahala kosta irabazi behar duenez, hobe dute nafarrek emaitzarekin ez espekulatu.

Galduta ere sailka daiteke

Gauzak nabarmen zailduko litzaizkioke Osasunari Valladoliden aurka galduko balu. Edonola, oraindik ere izango luke aukera kanporaketa jokatzeko; kasuen %14,8an sailkatuko litzateke. Egoera horretan, Cadizek galdu eta Numantziak eta Oviedok gutxienez berdindu egin beharko lukete gorritxoak onik atera ahal izateko. Aurkaririk gaiztoena Numantziak izango du, Cultural Leonesak garaipena behar baitu mailari eusteko. Cadiz helbururik jada ez duen Granadaren kontra ariko da, eta Oviedok dagoeneko Lehen Mailako taldea den Huescaren kontra jokatuko du.

Final gisa jo daiteke Osasunak gaur Valladoliden zelaian jokatuko duen partida, eta talde gorritxoa ez da bakarrik izango. Espainiako taldeak 600 sarrera eman dizkio Iruñeko taldeari; ez nahi adina, baina nahikoa zaleen babesa sentitzeko. Sarrerarik gabe bidaiatuko duenik ere izango da. Espainiako Indarkeriaren Aurkako Batzordeak arrisku handiko partidatzat jo du; beraz, egunean bertan ezingo da sarrerarik erosi txarteldegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.