Festa giroa irabiatu dute

Urtero legez, patata-tortilla lehiaketa egin dute Bilboko Areatzan, Aste Nagusiaren barnean. Jendetza batu ohi duen gastronomia lehiaketak berriz ere mukuru bete du txosnen ingurua. Batzuk irabaztera joan diren arren, gehienen helburua goiz atsegina pasatzea izan da.
Talde lana. Konpartsetako kideek zartaginak atera zituzten kalera. Bakoitzak bere egitekoa izan zuen, tortillarik onena kozinatzeko.
Talde lana. Konpartsetako kideek zartaginak atera zituzten kalera. Bakoitzak bere egitekoa izan zuen, tortillarik onena kozinatzeko. MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abuztuak 22
Geratzen al zaizue arrautzarik sobera?». Estu eta larri zebilen bat baino gehiago atzo goizean Bilboko Areatzan. Izan ere, gastronomia lehiaketen artean, Aste Nagusiko ekitaldi garrantzitsu eta ezagunenetakoa egin zuten: patata tortilla txapelketa. Antolatzaileen esanetan, aurtengoan, guztira, 423 tortilla aurkeztu dira.

«Momentu kritikoan gaude». Patatak zartaginetik ateratzen zebiltzan Laura Salaberria, Agate eta Zaloa Borda lagunak. «Tortilla ona egon dadin, patatak ondo eginda egotea da oinarrizkoena», azpimarratu zuten. Parte hartzen zuten bigarren aldia zuten atzokoa. Iaz, probatzera etorri ziren, eta, ondo joan zitzaienez, berriz saiatzea erabaki zuten. Hainbeste lehiakideren artean zerbait irabaztea zail ikusten zuten. «Goxoa baldin badago, nahikoa da guretzat», aitortu zuten hiru lagunek. Beraien esanetan, hala egon zen iazkoan, eta aurten ez zuten gutxiago espero. Hiruretatik, Salaberria ari zen sukaldari lanetan; bera zen taldearen gidari. «Normalean, suarekin kozinatzera ohituak gaude, baina, gaur, aparatu berri bat dugu, eta ederki funtzionatzen du». Eguna lagunartean eta giro onean igarotzea zen beraien xedea.

Helburu berarekin bildu ziren lehiaketara Santutxutik (Bilbo) beste hiru lagun ere. «Aurreko urteetan, 20-25 pertsona ere izan gara gaurko egunez, baina, lana eta oporrak direla-eta, aurten hiru bakarrik gaude». Hala ere, Arkaitz Jimenezek, Marta Navarrok eta Nerea Zornozak ez zioten hutsik egin urteroko erronkari. Neskak laguntzaile lanetan zebiltzan: patatak mozteaz, arrautzak irabiatzeaz eta sukaldariari garagardoa emateaz arduratzen ziren. «Egarriak sukaldaria ito ez dezan». Bitartean, Jimenez zartagina eskuetan zuela zebilen: «Aurten gutxi gaudenez, bi tortilla bakarrik egingo ditugu».

Navarro eta Zornoza ez dira berriak saltsa hauetan, 2013.urtetik parte hartzen baitute. Horregatik, ondo hornituta iritsi ziren, tortillaren aurretik jateko aperitibo eta guzti. «Aste Nagusian gehien gustatzen zaidan eguna da. Eguneko plana egiten dugu, eta gaueraino luzatzen da», aitortu zuen Navarrok. Sukaldaritza lehiaketak bestelako plana egiteko aukera ematen die. «Giroa ere oso ona da, eta, alboan dituzunekin harremanak egiten dituzu, jende berria ezagutzen duzu», gaineratu zuten. Albokoekin elkarlanean ibili ziren, bakoitzari ahaztu zitzaizkion elikagai edo tresnak besteari utziz. «Kanpaleku batean egotea bezalakoa da».

Goizetik, gogor jotzen zuen eguzkiak, eta bero sapa itzela egiten zuen Bilbon. Ohikoa duten eremutik atera, hau da, barra atzetik, eta Areatzako ia esparru osoa kolorez eta karpez bete zuten konpartsetako kideek. Ia ezinezkoa zen norbaitekin talka egin gabe ibili ahal izatea. Parte hartzaileen etengabeko joan-etorriei ikusmin handiz begiratzen zieten herritarrak gehitu zitzaizkien. «Baina zein goiz jaiki zareten gaur», esan zion harriduraz bertatik pasatzen ari zen ama batek Areatzan tortillak egin nahian zebilen alabari. Karpen babesean, tramankuluz beteriko mahaiak ikus zitezkeen, eta horien inguruan lagun taldeak; haurrak, gazteak zein helduak. Adin guztietarako propio sortutako ekitaldia dela ziurtatu zitekeen.

Askotariko tortillak

Itxura, neurri eta mota askotako tortillak aurki zitezkeen atzo goizean. Komunean bi elikagai zituzten guztiek: patatak eta arrautzak. Tipulari dagokionez, iritziak ez zetozen bat. Salaberria eta Bordatarrek tipularik gabeko tortilla nahiago zuten. Rakel Gomez leioaztarraren esanetan, aldiz, «tipula gabeko tortilla bat ez da tortilla bat». Eta, badaezpada, tortilla era bietara egin zuten lagun taldeak ere egon ziren. Peio Badilloren kuadrilla, esaterako. Bilbotarrak ziren, eta Badillo bera jarri zuten tipula eta patatak mozten. Hala ere, arrautzei eman nahi izan zieten garrantzia. «Arrautzak etxekoak izateak asko laguntzen du», azpimarratu zuten.

Jai giroa gailentzen bazen ere, inork ez zuen ahaztu lehiaketa batean parte hartzen ari zirela. Gehienek garrantzitsuena parte hartzea zela zioten arren —horietakoa zen Badillo—, lehia usaina zegoen. Gomezen lagun taldeak 12:00etarako lehen tortilla bat eginda zuen, froga modura. Bigarrenarekin, beraien indar guztiak jarrita irabazi nahi zuten. Era berean, Gonzalo Garciak lehenengo hiruren artean gelditzea zuen helburu: «Lagunekin postura egin dut lehenengo hiruren artean sailkatuko garela bestela afaria ordainduko diet», esan zuen txantxetan.

Despistaturen bat ere aurki zitekeen Areatzan. Jon Anton eta bere lagunei ajea nabari zitzaien aurpegian; are gehiago, mahai baten bueltan eserita zeuden beste ezer gabe. Azken orduan animatu ziren, eta ez zuten tortilla egiteko osagairik eroan. «Datorren urtean, elikagaiekin, lan tresnekin eta fundamentuarekin etorriko gara», adierazi zuten.

Ondo pasatzeko asmoz joan ziren gehienak; eta, bide batez, irabaztera. Baina gutxik eraman zuten saria etxera. Bilboko Intxausti taldeak jaso zuen lehen saria. Konpartsen arteko lehian, Komantxekoak izan ziren garaile.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna