Etorkizuna ahantz ez dadin

Duela mende erdi sortu zen Bilboko Unibertsitatea, EHUren aitzindari eta Euskal Herriko hezkuntzarentzat mugarri izan zena. Urteurren esanguratsuaren harira, «gizarte osoari ateak zabaldu zizkion lehen unibertsitatea» bereziki gogoratu du EHUk.
Ikaslez lepo betetzen ziren ikasgelak Bilboko Unibertsitatearen hasierako urteetan.
Ikaslez lepo betetzen ziren ikasgelak Bilboko Unibertsitatearen hasierako urteetan. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abenduak 12
Frankismo gorrian, Euskal Herrian errepresio izugarria zegoen garaian sortu zen Bilboko Unibertsitatea, 1968. urtean. Eztabaidak eta istiluak nagusi ziren ikasgeletan, ikasle masifikazioak etengabeak ziren, eta irakasleak kontratatzea ere ez zen lan samurra. Arazoak arazo, baina, inork ez zuen susmatzen hilabete haietan Bilbon lehen urratsak egiten hasia zela urte batzuen buruan EHU Euskal Herriko Unibertsitatea bilakatu zena.

Protesta politikoez gain, 1968an, oro har, bizitza ohiturak eta gizartearen eguneroko jarrerak aldatzen hasi ziren: besteak beste, ikasle mugimenduek langile borrokarekin bat egin zuten. Era berean, gazteria iraultzarako eta aldaketarako elementu bat gehiago izan zen. Hori horrela, ikasle mugimenduaren eraginez, urte bereko maiatzaren 22an, Espainiako ministroen kontseiluak Bartzelonan, Madrilen eta Bilbon unibertsitate autonomo bana sortzea onartu zuen. Bilboko kasuan, lehenengo unibertsitate publikoa izan zen, gainera. Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultatea 1955. urtetik bazegoen ere, Valladolideko (Espainia) unibertsitatearen mende egon zen.

Sarrikoko fakultateak bat egin zuen bi fakultate berriekin, eta hirurak elkartuta sortu zen Bilboko Unibertsitatea. Lehen eskolak, 1968-1969ko ikasturtean, elkarrekin jaso zituzten Medikuntza eta Zientzia fakultateetako lehen mailako ikasleek Bilboko Botika Zaharreko eraikinean. Hurrengo ikasturtean, garai hartako Minas eraikinera pasatu ziren batzuk, eta 1970ean, Hezkuntzaren Lege Orokorra onartzearekin batera, Bizkaiko Campusa eraikitzen hasi ziren Leioan. Obrek bi urte baino gutxiago iraun zuten, eta 1972an eman zituzten lehenengo klaseak: hara pasatu zituzten Medikuntzaren eta Zientziaren fakultateak. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko ikasleek, aldiz, Sarrikoko eraikinean jarraitzen dute, lehen egunean bezalaxe.

Unibertsitate publiko berria egitea onartu aurretik, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskatu zioten Espainiako Gobernuari Medikuntza fakultatea eta Zientzia fakultatea egitea. Pauli Davila historialari eta Hezkuntzaren Historia eta Teoriaren katedratikoak azaltzen duenez, Aldundiak nahi berezia zuen Zientzia fakultatea egiteko. Garaiko erakunde publikoak izan ziren unibertsitatearen bultzatzaile nagusiak, baina eragile ekonomikoek ere izan zuten eragina. Hala ere, gizartearen eskaria nabarmendu zen instituzioen gainetik: 1960ko hamarkada bukaeran, seme-alabentzako ikasketak eskatzen zituzten gurasoen eskaria nabarmendu zen, eurak izan ez zuten aukera ondorengoek izan zezaten. Beraz, esan daiteke hainbat izan zirela unibertsitate publiko baten aldeko bultzatzaileak, instituzioak zein herritarrak

Bilboko Unibertsitatea sortzeko prozesuak izandako azkartasuna nabarmendu du Patxi Juaristik, egungo Bizkaiko Campuseko errektoreordeak: «1966. urtetik zetorren presioa, baina, 1968an, denbora gutxian pauso asko eman ziren». Are gehiago, Aldundiak bi fakultate egiteko baino ez zuen eskatu, baina Madrilek unibertsitate oso bat egitea erabaki zuten: Bizkaiko erakundeetan harriduraz jaso zuten erabakia.

Tamaina hartzen

Urteek aurrera egin ahala, goi-mailako ikasketen zentro gehiago gehituz joan ziren Bilboko Unibertsitatera: ikasleen masifikazioari aurre egitea zen helburu nagusia. Davilak dioenez, hezkuntzaren historian, garai hura eliteen unibertsitatetik jendetzaren unibertsitaterako aldaketan oinarritzen da. Unibertsitateak elite izaera apurtzearekin batera, langileen seme-alaba asko eta asko unibertsitatera joan ahal izan ziren lehen aldiz. Horrez gain, apurka-apurka geroz eta emakume gehiago ikusten ziren fakultateetako korridoreetan. Halaber, masifikazioaren ondorioz, diru sarrera ertaineko herritarrak eta langileak mailaz igo ziren sozialki; unibertsitatean norbere gaitasunengatik sartzea ere aurrerapausoa izan zen, Davilak azpimarratzen duenez.

Hein handi batean, egungo gizartearen garapen ekonomikoa 1968ko unibertsitateari zor zaio, Juaristiren esanetan. Gizartearentzat, oro har, «salbazioa» izan zela nabarmendu du Davilak. «Unibertsitatera sartu ahal izateak —gainera, kuota txikiak ordainduz—, estatus soziala hobetzea ahalbidetu zien baliabide gutxi zituztenei». Goi mailako ikasketak izan ez zituzten gurasoen egoerarekin alderatuta, unibertsitate publikoa izatea garaipen bat zen gizartearentzat, oro har. Hasierak, baina, oso gogorrak izan zirela azpimarratu dute Juaristik zein Davilak, eta horren inguruko gogoeta egitea garrantzitsua da, haien ustez: «Gaur egun, unibertsitateak ez du zerikusirik 1968ko unibertsitate harekin». Frankismo garaiak ziren, eta egoera garratzak bizi izan zituzten gizartean: gobernuak kontrolatzen zituen unibertsitateak, eta irakasleen eta ikasleen baldintzak «krudelak» ziren ikuspuntu politikotik.

Izen aldaketaz beste

1977. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoa sortu aurreko urteetan, euskal unibertsitatea sortzearen aldeko kanpainak nagusi ziren gizartean eta politikarien artean. Urte gutxiren buruan, ordura arte Bilbokoa zen unibertsitatea Euskal Herri mailako bihurtzea zuten helburu; Davilaren arabera, tokiko izaera galdu zen modu horretara, baina identitate nazionala berreskuratzea ahalbidetu zuen. «Hasieran, Nafarroako Unibertsitatea Euskal Herriko Unibertsitatera gehitzea ere pentsatu zuten», gogoratu du Hezkuntzaren Teorian eta Histoian katedradunak.

Unibertsitatearen lurralde- ikuspegia gailendu zen Euskal Autonomia Erkidegoa sortu osteko urteetan, Bilboko tokikoa zena lurralde zabalago batera pasatu zen. Hori gutxi ez, eta kulturalki Bilbo izenaz ahaztu, eta Euskal Herria erabiltzera pasatzea proposatu zuten politikariek. Davilaren esanetan, garai hartan ez zen ohikoa gobernuek halako eskariak egitea. «Alderdi politiko guztiak euskararen aldeko mugimenduaren alde agertu ziren 1975etik aurrera». Hori horrela, 1975 eta 1977 bitartea «oso polita» izan zen, historialariaren esanetan: «1936ko unibertsitateko esentzia berreskuratu zuten, eta hori ikaragarria zen».

Hortaz, Davilak bi interpretazio egiten ditu Bilboko Unibertsitatetik EHUra igarotzeko prozesuaren inguruan: Bilboko Unibertsitatea handitu eta lurralde osora zabaldu bazen ere, horrek berak izena aldatzea ekarri zuen, unibertsitateak garai hartan zuen indarragatik: «Unibertsitate euskaldun baten aldeko presioak Bilboko Unibertsitatearen proiektua deuseztatu zuen». 1977rako Bilboko Unibertsitatea historiara pasatu zen, Euskal Herriko Unibertsitateak haren lekukoa hartuta.

Nora doa?

Egungo Bizkaiko Campuseko errektoreordearen esanetan, goi-mailako esperientzia desberdinen ondorioa litzateke egungo Euskal Herriko Unibertsitatea, baina ezin ahantz daiteke Bilboko Unibertsitatea: hura izan zen «esperientzia arrakastatsuena», haren ustetan. «EHUrentzat abiapuntu garrantzitsua izan zen Bilboko Unibertsitatea, eta, era berean, inflexio puntua izan zen herriarentzat», azaldu du. Halaber, unibertsitate berriak ezagutza demokratizatzea ekarri zuen, errektoreordearen esanetan.

1968an 3.000 ikasle hasi ziren gaztez mukuru betetako ikasgela haietan. Egun, aldiz, EHUk 35.000 ikasle ditu graduko ikasketetan. Juaristiren esanetan, EHUren etorkizuneko erronka nagusietako bat da, hasierako printzipioei eutsiz, gizartearen erronkei goi mailako ikasketen bidez erantzun egoki bat eman ahal izatea. Hots, egungo EHUren oinarrian daude gizarte guztiarentzako unibertsitate bat egin eta gizartearen garapen ekonomiko sozial eta kulturala ahalbidetzea. «Eragile kultural bat garen heinean, EHU esperientzia askoren konbinazioa ere bada», gaineratu du Juaristik.

Bilboko Unibertsitatearen 50. urteurrenean historia ezagutzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Juaristik: «Nondik hasi ginen eta gaur egun non gauden jakitea ezinbestekoa da, eta, horrekin batera, baita autokritika egitea ere». Memoria historikoa jorratu nahi izan dute urteurren berezian, eta, horretarako, dokumental bat egin dute, testigantzak biltzeko. Horrez gain, Bizkaia Aretoan erakusketa jarri dute ikusgai, eta argazkiekin batera diskurtso bat sortzea izan da beraien helburua: «EHU ez zen hutsetik sortu: 1980an sortu arren, aurretik dituen sustraiak aldarrikatu ditugu», nabarmendu du Juaristik. Gaur arratsaldean egingo dute urteurreneko ekitaldi nagusia Bilbon.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna