Sanprudentzioak Araban

Armentia, arabarren egunaren bihotza

Milaka herritar bildu dira Gasteizko Armentiako zelaietan, San Prudentzio eguna ospatzera. Erromeriak iluntzera arte iraun du, musika eta dantza artean

Armentiako zelaietan jendetza bildu zen atzo, goizetik egin zuen eguraldi ona baliatuz. IHANA IRIONDO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Arabako zaindariaren egunak bihotzik badu, hori Armentia da. Eta eguraldiak laguntzen badu, are gehiago. Hala egiaztatu da aurtengo San Prudentzio egunean. Milaka arabar bildu dira Gasteizko Armentiako zelaietan, hainbat egunetako eguraldi eskasaren ostean, eguzki izpien deiari jarraikiz. Barraskiloak bezala. Han disfrutatu dute hamaika ekintzaz, baita indarrak bildu ere, ospakizunetan jarraitzeko. Hain zuzen ere, Armentiako jai taupadak etzi arte iraungo du: orduan ospatuko dute Arabako beste zaindariaren eguna, Estibalizko Ama Birjinarena.

Goizean goizetik, Gasteizko kaleetan jendea dabil, Armentiarako bidean, oinez. Hamarrak aldera, dozenaka lagunek osatzen dute zelaietara doan erreka. Eguerdia gerturatu ahala, ordea, milaka dira iristen ari diren herritarrak. Gehienak Senda pasealekutik joan dira zelaietara. «Ondo heldu eskutik, bai? Zelaian gaudenean izango duzu jolasteko aukera», azaldu dio Iñigo Lekuonak 4 urte inguruko alabari. Armentiara igotzeko aldapa hasi baino ez dute egin, eta dagoeneko jendetzaren erritmora egokitu behar dute.

Apur bat lasaiago igo dira basilikara agintari politikoak. 11:00 baino lehen heldu dira gehienak. San Prudentzioaren estatuan hasi da prozesioa, eta mezarekin lotu dute. 12:00etarako, jendetza dago zain basilikaren kanpoan, agintariak ateratzeko zain. Agur Jaunak-en doinuak entzun, eta tarte batera atera dira agintariak: administrazio publikoetako ordezkariak, hainbat alderditako kideak, militarren bat... «Hara! Begira ama, aita santua etorri da», bota du mutiko batek, aitaren sorbaldetatik, Arabako gotzaina ikusi duenean, zuriz, eta mitra buruan. «Ez, Daniel, hori gotzaina da», saiatu dira gurasoak azaltzen, barreari ezin eutsiz.

Txorizoa eta anisa

Armentiako inguruaren mugak usainek markatzen dituzte. Basilika barrutik hotza eta hezetasun usaina ateratzen da. Apur bat urrunduta, ordea, txorizoaren lurraldea hasten da: aparkalekuaren inguruan talo postuetatik txorizo erre usaina ateratzen da; txosnetan sagardo barruan ari dira egosten, zelaian pintxo moduan ari dira banatzen... Ordea, bertatik apur bat urrunduta, anis usaina nagusitzen da, San Prudentzioren estatuara igotzen diren errepideetan. Berrehun saltoki daude bertan, eta, haietako askotan, anis erroskila zuriak dozenaka bilduta daude mahaietan.

Horrekin guztiarekin asebetetzerik izan ez dutenek etxerako bidea hartu dute bazkalorduan. «Ohiturak agintzen du halako egunetan, eta Gasteizen geratzen garen senideok elkarrekin bazkaltzen dugu», azaldu du Andres Legarda gasteiztarrak. Inguruan, bi kazetari ari dira tradizioa eta hauteskundeak uztartzen, umorez. Hautetsontzi bat besapean, perretxikoak edo barraskiloak aukeratzeko eskatzen ari dira. «Bata edo bestea... beti polarizatzen! Aukera gehiago ez baleude bezala! Ezin dut San Prudentzio tarta aukeratu», barre egin du Legardak.

Dantzak, herri kirolak... Giro aparta egon da egun osoan Armentiako zelaietan. Batek baino gehiagok siesta egiteko tartea ere izan du belardian, euritakoa eguzkitako bihurtuta. Indarra hartzea komeni, arratsaldea luze egin baitaiteke arabarren jaiaren bihotzean. Trikiteens taldearen kontzertua daukate zain, eguzkia ezkutatzen hasten den arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.