Gehiago dela sinetsi behar du

Baskoniak ACBko finalerdiei ekingo die bihar, etxean, Bartzelonaren aurka. Aurkaria baino sasoi hobean dago Gasteizko taldea

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskoniak ACB ligako finalerako sailkatzeko benetako aukera du sasoi honetan. Bihar ekingo die finalerdiei, Buesa Arenan, eta Bartzelona handia izango du aurkari. Kontrarioaren izena eta jokalari multzoa ikusita, finala hain arinki aipatzeak errespetua eman beharko luke, baina pista gainean ikusitakoak faborito bihurtzen du Gasteizko taldea. Gaur egun hobeto jokatzen du, eta aurkaria baino freskoago iritsi da ligaren azken txanpara. «Kanporaketa oso irekia izango da, gogorra, baina emozio handikoa», iragarri zuen atzo Baskoniako entrenatzaile Pedro Martinezek.

Baskoniaren eta Bartzelonaren artean dagoeneko ez dago sekreturik. ACB ligako titulurako kanporaketetan elkarren aurka ariko diren hamahirugarren aldia da. Kanporaketa horietatik bost Baskoniak irabazi ditu, eta zazpi Bartzelonak. Azkeneko hirurak Bartzelonak irabazi zituen —2009-10ean igaro zen azkenekoz Baskonia, finalera iritsi zen azken aldian—, baina sasoi honetako emaitzak Gasteiz aldean baikorrak izateko modukoak dira. Izan ere, Bartzelonak eta Baskoniak bost aldiz jokatu dute elkarren aurka: bi aldiz ligan, beste bi aldiz Euroligan, eta behin Espainiako Kopan, eta hiru Baskoniak irabazi ditu.

Zenbakiak Baskoniaren aldekoak dira, baina sasoiak transmititzen duena are hobea da. Gasteizko taldeak liga amaiera handia egin zuen, eta nagusitasunez kanporatu du Unicaja. Biharko partidari begira, zalantza bat du Martinezek: Toko Xengelia. Atzo ez zen entrenatu, mina baitzuen saihetsetan. «Ez da sasoi betean egongo. Baina hura ezagututa, lotura gogor batekin bada ere, jokatu egingo du».

Gainontzean, arabarrek bost egun izan dituzte partida prestatzeko. Jayson Granger erritmoa hartzen ari da, eta Marcelinho Huertas eta Luca Vildoza sasoiko boladarik gozoenean daude. Ordezko antolatzaileak izan dira taldearen gabezia nagusia, izan ere,Unicajaren aurkako azken partidan haiek izan ziren onenak.

Bartzelonak, berriz, hiru partida behar izan ditu Andorra kanporatzeko. Lehen partida etxean galdu, eta hortzak estutu behar izan ditu. Baskoniak baino atseden gutxiago izan du, baina 27,1 milioi euroko aurrekontuari esker talde luzea du, eta hobeto kudea dezake atsedena. Aulkian Svetislav Pesic beteranoa du, Sito Alonsok utzitako sua itzaltzeko etorritakoa, eta iritsi berritan Espainiako Kopa irabazi zuena.

Taldearen bizkarrezurrean Baskoniazaleen kutun izandako hainbat jokalari daude. Esaterako, Pau Ribas, Thomas Heurtel eta Adam Hanga iragan sasoian kapitain izandakoa. Hirurek minutu asko egingo dituzte pistan, gehien jokatzen duten bost jokalarien artean daude. Estuen Heurtel hartu beharko dute, antolatzaile frantziarra baita Bartzelonaren lehen aukera erasoan. Ligan 13,2 puntu sartu zituen partidako, eta 6,6 asistentzia eman. Baskoniaren antolatzaileek euren sasoi ona zukutu beharko dute Heurtelen magia itzaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.