Imanol Magro Eizmendi.
EPELen Binakako Txapelketako finala

Txapel baino arrazoi gehiago

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Pilota ez da justua», bota zuen Oinatz Bengoetxeak gaurko finalerako pilota aukeraketan (17:00, ETB1). Modu lakonikoan esan zuen, Bilboko Bizkaia pilotalekuko erraietan, gogor lan egin eta uzta eskasa jasotzen duen nekazariaren ahotsarekin. «Merezi, laurek merezi dute txapela», gehitu zuen Ruben Belokik, binakako bost final galdu zituen pilotari ohiak. Merezi eta lortu ez doaz eskutik, baina kopetako izerdiak ez du beti ogirik ziurtatzen, eta finalak, azken finean, hori dira, loria banatzeko azken epaiketak. Lau finalistetatik bi galbahean geldituko dira trabatuta, txapeldun izateko zituzten arrazoiak mastekatzen, eta beste bik txapela jantziko dute, podiumeko goiko koskara igotzeko zituzten argudio sendoak aldarrikatzen.

Bi bikoteek dituzte txapeldun izateko arrazoiak epaiketan, eta, bide batez, zaleak eurekin lerrokatzeko argudioak. Pablo Berasaluzek, esaterako, bi aste daramatza entzuten gaurkoa bere finala dela. Berrizkoak 17 urte daramatza pilotalekuetan magia barreiatzen, baina ez du txapelik jantzi. Duela zortzi urteko txakalaldi animikoaren ondoren itzalak urrundu eta 2013an izan zuen pilotarekin bakea egiteko aukera. Baina orduan patua krudela izan zen, eta orpazurda hautsi zuen. Gaur krimenaren agertokira itzuliko da, pilotaleku berera, beste final batean... baina zaleen maitasuna areagotuta. Aldi berean, Bizkaiaren bolada hausteko erronka du: 34 urte baitira lurraldean irabazitako pilotari batek ez duela lehen mailako txapel bat janzten. Garcia Ariño IV.a izan zen azkena, 1981ean, eta, hartaz geroztik, Garcia Ariñok berak (hiru), Berasaluze II.ak (bi), Gorostizak, Urionaguenak, Zearrak eta Aretxabaletak (iaz) galdu dute finalen bat.

Berasaluzeren dantzakidea Aitor Zubieta izango da, binakako finala noizbait irabazi duen finalista bakarra. Etxarriko morroskoak ere badu zer ezabatua feltro beltzarekin. Urteak daramatza erreferentziazko atzelari izaten, eta ia txapelketaz txapelketa eta jaialdiz jaialdi abantailak ematen, baina finaletara iritsi gabe, lesioen, arautegien eta zorte txarraren menpe. Goñi III.a, Lasa III.a eta Belokiren belaunaldiaren eta Albisu, Merino eta Zabaletaren aroaren arteko katebegi galdua da. Eskuetako arazoek kalbarioa pasarazi diote, eta aurten bizi izan du azken atala. Finalerdietako azken partidan atzerapena eskatu eta enpresen ligak ukatu egin zion, urtez urte aldatzen doazen argudio labainkor batzuetan oinarrituta. Horri buelta eman eta bi aste masajistaren kontsultan giltzapetu ondoren, gaur irribarretsu kantxaratuko da. Eskuak ez ditu onenean, baina egindako txapelketaren ondoren inork ez du auzitan jarriko haren estatusa.

Bengoetxea, onena

Oinatz Bengoetxea txapelketako pilotari onena izan da, zalantzarik gabe. Andoni Aretxabaletarekin hasi zuen maratoia, eta Alvaro Untoriarekin bukatu du. Ia astero erakustaldiak eman ditu, txapelketan bizirik mantentzeko sokari hortzekin eta azazkalekin helduz. Kontraerasoan espezialista den aurrelari temosoa izateari utzi gabe, beste pauso bat eman du, eta erasora jo du txapelketan. Irunen jo zuen bere mutazioaren goia: Irujo eta Barriolari 22-16 edo emaitza hobearekin irabazi behar, eta iazko txapeldunak 11 tantoan utzi zituen. Oroitzapenean gordetzeko partida jokatu eta hemeretzi tanto egin zituen. Egun hartan bi oinak sartu zituen finalerdietan, eta aurrenekoa finalean. Joko puntu bikainean dago, eta heldutasunaren patxada gehitu dio jokoari. Irujo eta Olaizola II.aren tiraniari matxino gogor bat altxatu zaie hurrengo urterako.

Eta zer esan Alvaro Untoriaz? Festarako gonbitik jaso ez arren, sukalderaino sartu da. Gonbitik jaso ez duenaren kasua baino okerragoa izan zen harena, zorua garbitzeko deitu baitzuten; ordezko hirugarren atzelaria izan zen. Asteak pasatu ahala, baina, lehen dantzari bilakatu da. Aukerak baliatzen jakitea funtsezkoa da kirolean, eta hori egin du Untoriak. Lehen ligaxkako bigarren itzulia jokatu zuen Aretxabaletaren ordez, eta merezimenduz lortu du postua. Kolpe izugarririk izan gabe kantxa osoa estaltzeko gai da. Duela urtebete geldirik zegoen, puzten zitzaion esku hari begira eta zoritxarrak bera zergatik jo zuen galdezka. Urtebetean aldatu egin zaio bizitza, putzutik gailurrera, eta horregatik merezi du txapela hark ere.

Aurrekariak, urdin

Apustuak parean irtengo dira, eta bada albistea, egoera hotzean aztertuta urdinek faborito diruditelako. Bengoetxea eta Untoria sasoi hobean daudela dirudi, eta finalean ziren finalerdietako bigarren jardunaldirako. Berasaluze eta Zubietaren aurka, gainera, partida bikaina jokatu zuten. Martxoaren 28an izan zen, eta22-9 irabazi zuten. Aitor Zubietak, gainera, eskuak ez ditu primeran izango, eta nahi baino tako gehiago jantziko du.

Hala ere, badirudi apustuzaleek fede handia dutela Pablo Berasaluzeren talentuan eta Aitor Zubietaren kolpean. Azken hori izango da finaleko gakoetako bat, haren jarduna erabakigarria izango baita. Kolpez, ustez, Alvaro Untoria baino gehiago da, eta hari gaina hartu beharko dio piloteoan Pablo Berasaluze jokoan sar dadin. Berrizkoak goraka egin du txapelketan, eta errematerako dago, finalerdietako azken partidako amaieran erakutsi zuen bezala. Parean, baina, Oinatz Bengoetxea du, eta hura espezialista da errematatzaileak kate motzean lotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.