Mendi Film jaialdia

Ez da beheko kanpalekuan geratu

Mendiari lotutako filmen hiriburu bilakatuko da berriz Bilbo, ostiraletik aurrera. Han egingo dute Mendi Film jaialdia hamar egunez. Koronabirusa tarteko, hainbat berrikuntza izango ditu: besteak beste, emankizunak sarean eskainiko dituzte. Sarrera salmenta ondo doala azaldu dute.

Unai Ugartemendia.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ostiralean hasi, eta hamar egun iraungo du Bilboko Mendi Film jaialdiak. Pandemiak eragindako azken gertakariek ere ez dute geldiarazi azken urteetan Bilbon egitenden Europako mendi jaialdirik onenetako baten jarduna. Kanpalekuz kanpaleku, gailurrerako bide etengabean dihardu. COVID-19aren ondorioz, ekitaldian ez da izango nazioarteko gonbidaturik, eta Euskal Herriko mendizaleak jaialdiko protagonista nagusi ere bilakatuko dira neurri handi batean.

Berrikuntzak ere izango ditu aurtengo ekitaldiak: lehenbizikoz, pelikula guztiak Internetez ikusteko aukera eskainiko dute. «Hori izango da aurtengo berrikuntzetako bat. Bilbo eta inguruko herrietako jendeak etortzeko aukera izango du, baina beste guztiei aukera bera eskaini nahi genien, jaialdiaren webgunean filmak emanez», aurreratu du Aitor Elduaienek, Mendi Filmeko prentsa arduradunak. Elduaienek nabarmendu du zuzeneko saioetarako eta Interneteko saioetarako sarrera salmenta harrera ezin hobea izaten ari dela gaur-gaurkoz. «Etxekoen» jaialdia izango dela ere azpimarratu nahi izan du jaialdiaren nondik norakoez galdetzean. «Aurtengo WOP Saria ere etxean geldituko da. Saririk garrantzitsuena da, eta azken urteetan nork eraman duen ikusita, ondo merezitako saria jasoko du Baltistan Fundazioak».

57 filmetatik zortzitan parte hartzen dute Euskal Herriko zuzendariek edo ekoizleek, zuzenean edo zeharka. Epaimahaikideak ere oso pertsona ezagunak dira Euskal Herriko mendizaleentzat: Itziar Garcia, Iwona Zielinska, Asier Altuna, Paula Olaz eta Jon San Sebastian izango dira pelikulak epaitzeko lanetan.

Baina, pelikulez gain, mendiari lotutako beste hainbat erakusketa eta aurkezpen ere izango dira Mendi Film jaialdiak iraungo duen hamar egunetan. Besteak beste, liburuen aurkezpenak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.