Albistea entzun

Euskara

Korrika, era birtualean ere bai

Ez soilik aurrez aurrekoa: aurten, martxoaren 25ean, Korrika birtuala egiteko aukera ere egongo da, Game Erauntsiari eta AEKri esker; batik bat, nerabeengana iristeko.
Baionako merkatua.
Baionako merkatua. Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2022ko martxoak 19

Nagienek izan dezakete aurten ere aitzakiaren bat Korrikan lasterka ez egiteko; ez, aldiz, euskararen aldeko pausoak emateko. Izan ere, Game Erauntsia elkarteak eta AEK-k egindako hitzarmen bati esker, 22. Korrika era birtualean egiteko aukera egongo da. Euskal Herriko zazpi hiriburuak zeharkatzea izango da helburua, Amurriotik (Araba) hasi eta Donostiaraino, Minecraft bideo jokoa erabilita. Martxoaren 25ean izango da, 18:30ean, eta, beharrezkoa ez bada ere, antolatzaileek aurrez izena ematea aholkatu dute.

Game Erauntsia elkarteko kideetako bat da Maitane Jungitu, eta Korrika birtualaren aurrekariak izan ditu gogoan. Azaldu duenez, elkarteak 2015ean antolatu zuen lehendabizikoz, baita 2017an ere. Hala ere, aurten proposamena AEKri bidali, eta elkarlanean aritzeko baiezkoa jaso zuten. «Era honetako bideo jokoen bidez, zailagoa den audientzia batera iristeko aukera dago, hala nola nerabeengana; nekeza da adin tarte hori Korrikara erakartzea». Horregatik, baloratu zuten «aukera on bat» izan zitekeela birtualaren alde egitea, eta, elkarteak, gainera, helburu zuen euskara bideo jokoen arloarekin uztartzea ere. «Badirudi ez direla bateragarriak, baina hori gezurra da; horrelako ekimenek erakusten dute posible dela».

Bada, aurrekariak egonda, eta Euskal Herriko maparen lehen haziak ereinda, azken asteotan txukunketak egiten aritu dira parte hartzaileak, auzolanean, ibilbide ofiziala ahalik eta gehien errespetatzeko asmoz. Esate baterako, Amurrioko plazaren erreplika bat egin dute zerbitzariak eskura jarritako baliabideekin, eta baita Mauleko plaza eta Gasteizko Buesa Arena kirol aretoa ere. Izan ere, Jungituk zehaztu duenez, lehen asmoetako bat hiriburuak eta leku sinbolikoak atontzea izan da, nahiz eta parte hartzaileen sormenari ere bide eman nahi izan dioten. Horren adibide da Murgia (Araba) eraiki izana, baita Zugarramurdi ere (Nafarroa) .

Are, eraikuntza horietarako elkarlanean aritu dira parte hartzaileak, esteka batean sartzea aski izan baita parte hartzeko. Eta elkarren artean komunikatzeko, berriz, Discord zerbitzaria erabili dute; deiak egiteko aukeraz gain, badu txata eta komunikazio gelak sortzeko aukera ere, Jungituren hitzetan. Beraz, modu horretan lagundu dute elkar, edo, besterik gabe, aritu dira egindakoaren berri ematen.

Lekukoa, hamar aldiz

Hamar kilometro egingo dira ibilbidean, eta, beraz, hamar aldiz pasatuko da lekukoa, baina horretarako izena eman behar da martxoaren 23a baino lehenago; horien artean, zozketaz erabakiko da nork eramango duen, eta aukera egongo da AEK-ko sariak ere eskuratzeko. Ordea, lekukoa eramateko interesik eduki ezean ere, Jungituk aholkatu du izena emateko, zerbitzariak duen gaitasunarengatik parte hartzea itxi beharko dutelako agian. Hala ere, abisatu du sare sozialei adi egiteko, bertan emango dutelako informazio gehiagoren berri.

Dena den, parte hartzeak ez du zertan aktiboa izan, zuzeneko emankizuna egingo baitute Twitchen bidez. «Bideo jokoen kontsumorako baliabide bat da, bideo jokoak era pasibo batean kontsumitzeko ere balio duena, besteek nola jokatzen duten ikusiz», azaldu du Jungituk, Interneten euskara sustatzeko ere balio duela gaineratuta.

Beraz, era aktiboan edo pasiboan izan, elkarteko kideak parte hartzeko deia egin du, eta bideo jokoen inguruko ikuspegia aldatu beharra ere aldarrikatu du. «Estereotipo negatiboekin lotuta egon ohi dira, baina, kasu honetan, gauza positibo baterako ari gara erabiltzen; euskara ardatz hartuta, sormena eta elkartasuna sustatzea da asmoa». Gainera, ziurtatu du «giro ona» egongo dela, eta Korrika birtulean parte hartzeaz gain mini jokoetan ere jokatu ahalko dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia (kartela eusten), Aste Nagusia antolatu dutenekin, gaur goizean, Bilboko udaletxean ©Bilboko Udala

Bilboko Udalak doako 500 jarduera eskainiko ditu Aste Nagusian

Amaia Igartua Aristondo

Kulturak toki nabarmena izango du egitarauan: ehun musika jardueratik gora antolatu dituzte, esaterako. 2019ko festetan, milioi bat pertsona inguruk hartu zuten parte udalaren ekintzetan, eta aurten gehiago izango direla uste dute. Azpiegituren prezioaren igoera dela eta, ohi baino %20 handiagoa izango da aurrekontua.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Edonork egin dezake eskrima»

Joseba Arratibel Ladron

Otaegik 34 urte daramatza eskrima praktikatzen, eta 22 urte Fortuna kirol elkartean eskrima irakasten. Bihar eta etzi, gainera, eskrima saioak eskainiko dituzte Donostiako Katalunia plazan.
2 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Handituz joan den olatua

Amaia Jimenez Larrea

Donostiako Piratek hogei urte bete dituzte aurten. 2002an, hiriko gazte batzuk, «zezenketen, su festen eta izozkien» jaiak alde batera utzita eta beste eredu baten bila, eztabaida sortzen hasi ziren. Abordatzea izan zen eztabaida sortzeko egitasmoa, eta gaur egun festen ekitaldi nagusia da.

Kilometro Lezoko ikusleak, iaz, emanaldi batean. ©LEZOKO UDALA

Nobedadeak Kilometro Lezon

Joseba Arratibel Ladron

Datozen hiru asteburuetan, Kilometro Lezoren hirugarren aldia egingo dute. Dantza emanaldiez, zirkuaz, antzerkiez eta musikaz gozatzeko aukera egongo da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...