Erditzea eta erdibitzea

Olatz Salvadorrek 'Zintzilik' bakarkako lehen diskoa argitaratu du Airaka diskoetxe berriarekin. Bandarekin eta sintetizadoreekin ondu du lana
Olatz Salvador, <em>Zintzilik</em> diskoaren aurkezpenean.
Olatz Salvador, Zintzilik diskoaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko apirilak 7
«Erditze bat izan da Zintzilik diskoa kaleratzea». Modu horretan aurkeztu du Olatz Salvador musikariak bakarka egindako lehenengo lana. Erditze bat, luze iraun duelako prozesuak. Izan ere, lau urte dira gitarra eskuan eta bakarlari moduan oholtzara lehen aldiz igo zela. Ordutik, kantuak josi, instrumentuekin jantzi eta grabaketan aritu da. Erditze bat izan da, halaber, azkenean baduelako esku artean lan propio bat: «Gogo handia nuen estudioko lan bat egiteko banda batekin, eta, azkenean, argitara atera da proiektua». Baina izan da erditze eta erdibitze bat bestela ere: «Skakeitan taldean ere ari naiz jotzen, eta taldeko Olatz naiz bertan, teklatu jotzailea. Baina, orain, beste proiektu bat daukat: Olatz Salvador naiz hemen». Bederatzi kantuz eta estilo propioz osatutako «lan intimista» kaleratu du Airaka zigilu sortu berriarekin.

Paralelismo bat egin du, hortaz, Salvadorrek disko berriarekin. Erdibitu eta erditu egin da aldi berean, ohikoa ez zuen musika estiloarekin ere ausartu delako. Izan ere, lau urteotan bakarlari gisa aritu da, estilo lasaiagoan. Skakeitanekin egindako bidean, berriz, rocka, elektronika eta reggaea landu ditu gehienbat. Diskoan, ordea, indie pop estiloan aritu da eroso. Zintzilik da, esaterako, joera horri jarraitzen dioten kantuetako bat.

Badira, ordea, lantzen dituen beste zenbait estilo ere: «Rock eta rap kutsu nabarmenak dituzten beste pare bat abesti sortu ditut», azaldu du Salvadorrek. Eta, hain justu, kantu horietarako elkarlan berezia izan du: Glaukomako Juantxo Arakama abeslariak parte hartu du Fort. Da kantuan, eta Jon Basaguren Izaki Gardenak taldeko kideak abestu du Sustraiak-en.

Edonola, abesti guztiek izan dute bilakaera bat hasieratik bukaerara. Jatorrian gitarra soilik erabili bazuen ere, bandak jantzi du Zintzilik diskoa. Horretarako, bidelagun izan ditu Julen Idigoras (bateria), Borja Anton (gitarra eta biolina) eta Jagoba Salvador (baxua). Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan (Zestoa, Gipuzkoa) ondu dute lana, eta sintetizadoreak eta atmosferako doinuak erabili dituzte diskoa osatzeko: «Zerbait berezia egin nahi nuen, eta ausartu naiz teknika horiekin». Horren guztiaren emaitza da Zintzilik.

Prozesu luzea izanda, kantuen artean kohesiorik ez edukitzea zen Salvadorren kezketako bat; estudioan sartuta, ordea, berehala ikusi zuen bazegoela hari bat: «Lokarriak, Korapilatzen... guztiek hitz egiten dute askatzeaz, hari batetik zintzilik egoteaz». Badu kantu kuttun bat ere: bere aita Eduardo Salvador baxu jotzailearekin eta osaba Iñaki Salvador piano jotzailearekin grabatu du diskoko azken kantua, Kulunka: «Oso eskertuta nago eman didaten babesagatik, eta esperientzia oso ona izan da biekin Mecca estudioetan grabatzea. Diskoko altxorra da azken kantua».

Zaintza, ezinbestekoa

Hain justu, hori azpimarratu du Salvadorrek, oso ongi zainduta sentitu dela prozesu osoan: «Inguruko jende askok eman dit babesa, eta jende ugarik parte hartu du proiektu honetan». Besteak beste, Maria Bustosek biolontxeloa jo du diskoan, eta, gainera, Beñat Gaztelumendi eta Ane Labaka bertsolariek ere osatu dituzte hitzak diskorako. Azken horrek sortu ditu Betileekin kantuko hitzak, eta kontraesanen inguruko gogoeta egiten du bertan.

Sentitu du bestelako babesa ere; Airaka zigilu berria sortu da Mauka diskoetxearen itzalean, «musika estilo bereziei» leku egiteko, eta izen horrekin kaleratu duten lehen lana izan da, hain justu, Salvadorrena. Diskoetxekoek eta abeslariak aurretik ere ezagutzen zuten elkar, Skakeitanekin egindako ibilbideagatik, baina bi proiektuen lehen urratsa izanda, elkarren zaintza bilatu dute Zintzilik diskoaren ekoizpenerako. Airakak beharrezko azpiegitura eskaini dio Salvadorri, eta abeslariak, berriz, lan horrekin ateak ireki dizkio zigilu berriari.

Izan ere, elkarren arteko lana beharrezkoa izan da proiektua aurrera eramateko. Erdibitzeaz eta erditzeaz hitz egin du Salvadorrek, eta, hain justu, bikoiztu egin den beste ekoiztetxe bat da Airaka, Mauka zigiluak sortu baitu. Helburua dute «ohiko musika espazioetan tokirik ez duten taldeei» lekua egitea. Izena bera ere horregatik aukeratu dutela azpimarratu du Koldo Rodriguez Airakako kideak: «Lekeitio aldean erabiltzen den hitza da agiraka. Haurrei esaten zaie, errieta egiteko». Hortaz, euskal musikari kargu hartu nahi dio diskoetxe berriak Rodriguezen arabera: «Euskal musika asko zentratzen da talde jakin batzuetan; horregatik egin nahi dugu agiraka, aldarrikatzeko talde gehiago badaudela, eta erakusteko badirela ongi zaindu behar ditugun hainbat musikari».

Ongi zaintzea eta erritmo egokia bilatzea, horixe da Salvadorrek epe laburrean duen erronka. Horregatik erabaki du zuzeneko gutxi eskaintzea: «Lanean nabil, eta Skakeitanekin ere jarraituko dut. Beraz, garrantzitsua da gehiegi ez erretzea», azaldu du. Edonola, oholtza gainean arituko den horietan ikuskizun bereziak eskaini nahi dituela azpimarratu du, eta adierazi du lan horretan murgilduta daudela dagoeneko: «Oholtza gainean gutxi arituko naiz, baina ongi prestatuko ikuskizunak izango dira, hori ziur». Bitartean, diskorako egindako lanaz gozatzea du helburu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna