Kortxoak kanpora

Ardo Gaztearen Eguna ospatuko dute gaur Lapuebla de Labarcan, inguruko hamar bodega irekiz. Joseba Argiñano izanen da pregoilaria
Upategietako langileak, iazko Uztaberri Egunean, dastatzeetarako ardo botilak irekitzen.
Upategietako langileak, iazko Uztaberri Egunean, dastatzeetarako ardo botilak irekitzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Iker Tubia -

2019ko otsailak 9
Ardoa dute ekonomiaren motorra Lapuebla de Labarcan (Araba). Hala azaldu du Maider Murillo alkateak. Beraz, ez da harritzekoa herriko bestak ere ardoaren bueltan egitea. Gaur, Uztaberri Eguna ospatuko dute, ardo gaztearen eguna, hain zuzen ere. Herriko gastronomiarekin gozatzeko eguna izanen da, eta, noski, ardo botilei kortxoa kentzeko eguna. «Gure erakusleihoa da: gure ohiturak erakusteko, eta gure ohiko platerak eta ardoa dastatzeko eguna», azaldu du alkateak.

«Oso garrantzitsua» da Uztaberri Eguna Lapuebla de Labarcan, ardo gaztearen zona baita hori. Herriak 800 biztanle ditu, bina 1.500 lagun inguru joan ohi dira bestaz gozatzeko. Egun osoko egitaraua atondu dute, eta alkateak nabarmendu du adin guzietako jendeari begira prestatu dutela eguna. Pregoiarekin abiatuko da besta, 11:00etan. Aurten, Joseba Argiñano ariko da pregoilari, ETBko Historias a Bocados saioaren gidaria. «Normalean, jende ezaguna izaten da pregoilari. Aurten, ETBkoak herrira etorri ziren saioa grabatzera, eta Argiñanori proposatu genion. Hasieratik baietz esan zigun», azaldu du Murillok.

Lapuebla de Labarca prest da bisitariak hartzeko. Alkateak gonbita egin du: «Otsailean, ardoa sasoi bikainean dago edateko». Gasteiztik eta Bilbotik joaten direnentzat autobusak jarriko dituzte, handik joaten baita jende gehien.

Upategien irekiera

Uztaberri Eguneko jarduerarik garrantzitsuena upategietako bisitak dira. Herrian hamar upategik irekiko dituzte ateak gaur: Lehenbiziko bisita 13:00etan izanen da, eta bigarrena, 14:00etan. Upategietara joan aurretik, ardo kopa erosi behar da Plano enparantzan dagoen informazio gunean. Bisitak 6 euro balio du, eta txartelak upategietako erakusmahaietan salduko dituzte.

Ardo gaztearen besta izan arren, bestelako ardoak ere dastatzeko aukera izanen da, baita olioa ere. Assa Ikastolako karpan eta Plano enparantzako erakusmahaietan izanen dira dastatzeak. Gainera, bolo platera ere eskainiko dute eguerdian. «Mahastietara lanera joaten ziren langileek eramaten zuten plater tradizional hori: arroza, bakailaoa eta patatak ditu», azaldu du Murillok. «Beroa eta lodia da, mahastietan egun osoa lanean aritzeko aproposa».

Jarduera horietaz gainera, umeentzako parkea, tren turistikoa, elektrotxaranga, herri bazkaria eta diskoteka mugikorra izanen dira herrian, egun osoan. Alkateak dioenez, ardoa da herriko ekonomiaren oinarria. «Ardoa ondo badoa, dendak eta tabernak ondo doaz. Orain, denek ez dute ardoa egiten, baina denek dituzte mahastiak. Ekonomikoki, gure motorra ardogintza da ehuneko 90ean». Are, turismoak ere ardogintzari so egiten dio.

Uztaberri Eguna

Gaur, 11:00etan, Lapuebla de Labarcan (Araba).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna