Asteburuko proposamenak

Urre likidoaren festa

Ogi txigortuaren festa egingo dute bihar Arroitzen. Sekula baino oliba gehiago jaso duten arren, olio ekoizpenak behera egin du aurten

Biharko festan 10.000 lagun espero dituzte antolatzaileek. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ogi txigortuak ematen dio izena egunari, baina gainean jartzen denak du benetan garrantzia. Izan ere, olioa izango da biharko protagonista nagusia Arroitzen (Nafarroan). Herrian egiten duten ospakizunik ezagunena da, eta jende ugarik dastatu nahi izaten du urteko oliba uztaren emaitza. Eguraldia lagun izanez gero, 10.000 pertsona inguru elkartzea espero dute antolatzaileek.

Aurtengo uztak marka guztiak gainditu dituela esan dute Mendia dolareko arduradunek: 9,67 milioi kilo oliba jaso dituzte. Horietatik, ordea, ez dute atera espero zitekeen bezainbeste oliorik: 1,92 milioi litro izan dira denera. Halere, nahikoa izango dira biharko dastatzerako: 15.000 ogi txigortu inguru banatuko dituzte Arroitzera joandakoen artean.

Egun handia biharkoa izango den arren, gaur arratsaldera arte ere iraungo du festak: 19:30ean, Iruñeko Ganbara Abesbatzak kontzertua emango du herriko parrokian. Aurretik, etxeko olibak eta postreak dastatuko dituzte kiroldegian.

Herritarrak zein ingurukoak biharko jaiaren zain egongo dira ordurako, ordea. 10:00etan hasiko dira ogia banatzen, eta orduan hasiko dira dastatzen hango oliba olioa. Artisau produktuen erakusketa ere jarriko dute, 15:00 bitarte. 11:00etan egingo diete harrera agintariei, eta eguerdian, alkateak Urrezko Oliba jarriko dio aurtengo pregoilariari: Felix Cariñanos literatura irakasle polifazetikoak irekiko du aurtengo festa eguna.

Olibak gora, olioak behera

Cariñanosi egingo diote eguneko aitorpen nagusia, baina ez da bakarra izango. Nafarroako Olibaren eta Arroizko Ogi Txigortuaren Ordenako XVI. kapitulua hasiko dute, eta ohorezko kide izendatuko dituzte Luis Arazuri historialaria, Gorka Aginagalde, Oscar Terol eta Iker Galartza umoregile eta aktoreak, Miguel Abellan toreroa, eta Jose Maria Zabala Zabala Consultingeko zuzendaria. Zenbait elkarte ere izendatuko dituzte ordenako ohorezko kide.

Arroitzeko Mendia dolareak marka guztiak hautsi zituen iaz, eta, aurten, oraindik eta uzta hobea izan du. Iazko 8,68 milioi kiloen aldean, 9,67 milioi jaso dituzte aurten. Olio ekoizpenean izan da beherakada, ordea. Iazko 2,02 milioi litroek itzal egin diete aurten lortutako 1,92 milioi litroei. «Hezetasun dezente» izan du aurtengo oliba uztak, dolareko kideek azaldu dutenez, eta horrek eragin du uzta kopuru handiagotik likido gutxiago eskuratzea.

Ogi Txigortuaren Eguna «oso garrantzitsua da herriarentzat zein dolarearentzat». Egunez egun hazten ari da dolarearen bazkide kopurua: 5.000ra hurbiltzen ari dira. Jasotzen den uztaren %80-90 Arroitzen bertan dago. Pedro Luis Gonzalez dolareko presidentearentzat, «bikaina» izan da horiek jasotako uzta.

Ogi Txigortuaren Eguna



Bihar, 10:00etan, Arroitzen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.