Mahastiak bakarrik ez

Marka guztiak hautsita, 90.000 litro oliba olio baino gehiago ekoitzi zituzten iaz Arabako Errioxan. Gaur eta bihar egingo dute jaia

Oliba olioa egiteko dolarea, Moredan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Olibondoaren uztak berebiziko garrantzia izan du mendeetan Arabako Errioxan. Azken hamarkadetan, mahastiek sekulako indarra hartu dute, baina, hainbat herritan, gogor ari dira lanean olibondoei behin izan zuten garrantzia itzultzeko. Erromatarren laborantza ereduak hiru zutabe nagusi zituen: zereala, mahatsak eta oliba; irina, ardoa eta olioa, alegia. Gaur egun ere, eredu horrek indartsu jarraitzen du Arabako Errioxan.

Azken urteetan, oliba olioaren ekoizpenak gora egin du, eta, iazko uzta aurkezteko, Arabako Errioxako Oliba Olioaren VIII. Jaia antolatu dute gaurko eta biharko. Olioa eskualdearen ondarea dela aldarrikatuko dute Oionen eta Moredan (Araba), hurrenez hurren.

Gaur goizean, ogi xerra txigortuak banatzearekin batera hasiko da ospakizuna Oionen. Hara joaten direnek oliba olioa ogitan jango dute, eta, eguerdian, herriko tabernek pintxo lehiaketa abiatuko dute. Jaiarekin bat eginda, oliba olioa pintxoen osagai garrantzitsua izango da. Arratsaldean, berriz, olio dastatzea egingo dute, udaletxean. Festa amaitzeko, musika emanaldia egongo da plazan.

Dena den, beste ekintza batzuk ere antolatu dituzte gaurko. Oiongo dolarean, ateak irekitzeko eguna egingo dute, bisitariek aukera izan dezaten nola lan egiten duten ezagutzeko eta oliba olioa eskuratzeko.

Hazten ari den uzta bat

Biharamunean, Moredan jarraituko du egitarauak. Goizean, aldaketa handirik ez: ogi txigortua olioarekin, argazki erakusketa eta lehiaketa, eta bisita herriko La Equidad dolarera. Gainontzean, musikak girotuko du eguerdira arteko tartea: txistulariek aurrena, eta elektrotxarangak gero.

Eguerdian, 2018. urteko oliba-olio uzta aurkeztuko dute, eta ohorezko sariak banatuko dituzte. Arabako Errioxako Olibaren Elkarteko arduradunek kantitatea eta kalitatea goraipatu zituzten iazko kanpainaren balantzea egin zutenean.

Nabarmendu zuten olibondoak garairik onenean zartakatu zituztela; horregatik jaso dute aurreko urteetan baino uzta handiagoa. Denera, 440.000 kilo jaso dituzte aurten, eta, horietatik, 90.000 litro oliba olio baino gehiago egin dituzte.

Moredako La Equidad dolarean, adibidez, iazko 150.000 kiloen aldean, 201.000 jaso dituzte aurten. Horietatik 6.000 kilo erabili dituzte olio ekologikoa eta Eusko Label olioa egiteko; 25.000 kilo Arabako Errioxa osoan. Norbere kontsumoak eta zuzeneko salmentak uztaren zati handi bat hartuko dute: 170.000 kilo.

Lantziego herrian dolare berri bat ireki dute aurten, Arroiz, eta aurreikuspen guztiak gainditu ditu: kanpaina amaieran 70.000 kilo jasoak zituen dagoeneko.

Arabako Errioxako Oliba Olioaren VIII. Jaia

Gaur eta bihar, Oionen eta Moredan (Araba), hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.