Europako gazta bidean

Gaur eta bihar egingo dute Euskal Gaztaren Azoka Idiazabalen. Sasoiko gazta berriak dastatzeko aukera emango diete bisitariei

Gaztari eta gaztagileei gorazarrea egingo diete, asteburuan, Idiazabalen. JOSEAN GIL-GARCIA.
Edu Lartzanguren.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ikusi, usaindu eta jan. Euskal Gaztaren Azoka egingo dute gaur eta bihar Idiazabalen (Gipuzkoa). Gaztagileak eta gaztazaleak zuzenean aritu ahalko dira elkarrekin bi egunez. Hogei artzain gaztagilek sasoiko gazta berriak aurkeztuko dituzte, ardiak goi larreetara eraman aurretik.

Azken hemeretzi urteetan egin izan da Gaztaren Eguna Idiazabalen, eta, horren barruan, Euskal Gaztaren Azoka egiten hasi ziren duela hiru urte, ospakizuna luzatzeko eta eguneratzeko.

Euskal Herri osoko artzain gaztagileen lana ikusi eta dastatu ahalko da. Idiazabal sor-markako gaztez gain, Ossau-Irati izendapenekoak egongo dira azokan.

Antolatzaileek nabarmendu dute artzainok, gazta ekoizteaz gain, mendietako «paisaiaren zaintzan» egiten duten lana. Horren harira, omenaldia egingo diete bi artzaini: Maritxu Azaldegiri eta Pedro Kataraini. Idiazabalgo Aritzeder baserriko gaztagileak izan dira urte luzez, eta, gainera, lanbidea transmititu diote Aritz semeari.

Gaztaren ibilbidean

Idiazabalgo azokak Europako gaztaren ibilbidea sendotzen eta luzatzen lagundu asmo du. European Cheese Route elkarteak gaztagintzarekin loturiko herriak lotzen dabil 2015. urtetik. Espainiako, Portugalgo, Kataluniako eta Euskal Herriko hemeretzi herri biltzen ditu gaur, eta sarea zabaldu nahi du Europan barrena.

Filosofia orokorra eta gauzak egiteko modua partekatzen dute ibilbideko herriok. Landa eremuetako ekonomia bultzatu nahi dute, eta gaztaren inguruko mota guztietako egitasmoak sortzen eta laguntzen dituzte. Idiazabalen, elkarteko partaide diren Casar de Caceres, Doña Francisca, Fundao, Soalheira, Villaluenga del Rosario, Ripoll eta Palou gaztandegiak egongo dira, Mikel Deuna enparantzan.

Eguneko beste protagonista Innolact egitasmoa izango da. Europako proiektua da, eta esnegintza sektorea berritzea eta dibertsifikazioa lantzea du helburu. Horretan hartu dute parte Arantzazuko Artzain eskolak (Gipuzkoa), Leartikerrek, Ipar Euskal Herriko etxe ekoizleen elkarteak (IDOKI), Bearnoko ekoizleen elkarteak, Donapaleuko Jean Errekart lizeoak (Nafarroa Beherea), Kataluniako Viceko Unibertsitateak, Generalitateak sorturiko Kataluniako nekazari eskolak, La Seu d'Urgellgo Udalak, eta Idiazabalgo Udalak. Azokak berritzeko proposamenak landu ditu Idiazabalgo Udalak, herrian bertan duen esperientziaz baliatuta. Horrez gain, Ipar eta Hego Euskal Herriko eragileak jarri ditu elkarlanean; besteak beste, alorrean dabiltzan langileak trebatzeko. Innolact egitasmoaren barruko Ama txo, Lokate, Pikunieta, Egotza, Mas d'Eroles, La Balda, Behieko, eta Goine gaztandegiak egongo dira gaur eta bihar, Idiazabalgo Gazta Azokan.

Idiazabalgo Gazta Azoka

Gaur eta bihar, goizetik arratsaldera, Idiazabalen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.