Asteburuko proposamenak

Mintzalagunen festa

Mingain eta zangoak euskaraz «astinduko» dituzte gaur, Mintza Egunean, 'Tú-tik gu-ra! Ongi etorri mintzalagunon mundura' lelopean

Iaz, Hondarribian egin zuten Mintza Eguna; Blagan euskara elkartearen egunarekin batera ospatu zuten. JON URBE / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Mintza Eguna egingo dute gaur Lapuebla de Labarcan (Araba), 11:30etik aurrera, Tú-tik gu-ra! Ongi etorri mintzalagunon mundura lelopean. Euskaltzaleen Topagunearen arabera, urte osoan mila mintzalagun talde elkartzen dira Euskal Herrian euskaraz hitz egiteko, 7.265 lagun, baina gaur aldarrikatuko dute mintzalagun izatea euskaraz hitz egitetik harago doala. «Ondo dakigu mintzalagunona mundu bat dela, euskararen praktikatik harago emozio, egitasmo, harreman eta bizipen ugari biltzen dituena».

Hamaiketakoarekin egingo diete ongietorria mintzalagunei, eta, horren osterako, «mingain eta zangoak euskaraz astintzeko moduko egitaraua» prestatu dute. Hiru proposamenetatik bi aukeratu ahal izango dituzte lehenik: ardo eta olio dastatzea, Covila upategia ezagutzeko bisita egitea edo Poveda parke naturala bisitatzea. Kalejira animatua eta poteoa egingo dituzte gero, herriko plazatik hasita, eta ikastolaraino joango dira, bazkaltzera. Eskerrak emateko ekitaldi baten ostean, erromeria egingo dute Ansorregi, Larrañaga eta Andonegi trikitilariekin, ikastolan bertan. Eguna amaitzeko, dantzaldia izango da herriko plazan, DJ Gotzon Dc-ren eskutik.

Lapuebla de Labarcako Udalarekin, Arabako Errioxako kuadrillarekin, Mintzalagunekin eta beste zenbait eragilerekin elkarlanean antolatu du festa Euskaltzaleen Topaguneak. Mintzalagunak elkartzeko ez ezik, Arabako Errioxako eragileek hango errealitate soziolinguistikoa elkarrekin «gainditzeko» egiten duten lana ezagutzeko aukera ere izango da. Udalak euskara eta euskal kultura sustatzen ditu, baina, egunerokoan, «bestelako zailtasunak» dituzte euskaraz mintzatzeko, Maider Murillo alkatearen esanetan, eta nabarmendu du alde horretatik «oso berezia» dela Mintza Eguna han egitea.

Mintza Eguna



Gaur, 11:30etik aurrera, Lapuebla de Labarcako plazan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.