Asteburuko proposamenak

Pikilloari gorazarre

Pikillo piperraren azoka eta erakustaldiak egingo dituzte asteburuan Lodosan. David de Jorge sukaldariari emango diote Zilarrezko Pikilloa

Batzuek piper erreak erosten dituzte denbora aurrezteko, baina fresko ugari saltzen dituzte. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Lodosako (Nafarroa) produkturik preziatuena da pikillo piperra, «baratzeko urre gorria». Horregatik, urtero, haren iritsierari festa handi bat eskaintzen diote: «goretsi» egiten dute. Atzo hasi zuten festa, baina astebururako gorde dute mamia. Izan ere, gaur egingo dute Pikillo Piperraren IX. Gorespen Jardunaldiaren hasiera ekitaldia, baratzearen irekiera sinbolikoarekin. Ondoren, azoka, txapelketa, tailerrak eta sor-markarekin lotutako beste hainbat ekintza antolatu dituzte.

Festaren irekierak protagonista bat izaten du urtero: Zilarrezko Pikilloa. Haren ibilbidean nolabait pikillo piperrarekin harremanetan egon den pertsona ezagun bat aukeratzen dute horretarako: aurten, David de Jorge sukaldaria. «Bera ezaguna da, baina produktua bera ere oso ondo ezagutzen du; oso gertuko sentitzen dugu», azaldu du Maria Gurpegi Lodosako Garapenerako teknikariak. De Jorgek hitz batzuk egingo ditu, eta herriko alkatearekin batera hasiko du asteburuko festa.

Ekitaldia baratzean bertan egingo dute, eta azalduko dute zer gauza kozinatu daitezkeen pikillo piperrarekin. Bitartean, 11:00etatik aurrera, herriko plazan piper ekoizleek euren produktuak jarriko dituzte salgai. Azoka goiz osoan egongo da, eta piperra erretzen ariko dira han bertan. Hara joandakoek piper kordak egiteko aukera izango dute, gainera.

Gurpegiren esanetan, jendeak denetik erosten du: batzuek nahiago dute piper errea erosi, freskoa erosiz gero denbora behar delako kozinatzeko, eta zikina delako. «Hala ere, jende askok erosi nahi izaten du freskoa, eta erretzeko makinek ere arrakasta izaten dute».

Piperra izango da nagusi, baina azoka zabala jarriko dute: artisauek egindako jakiak ere jarriko dituzte, Lodosako etxe tradizional baten erreplikari bisita egiteko aukera egongo da, eta haurrentzako ekintzak ere antolatu dituzte. «Herriarentzat eragile garrantzitsua da jardunaldi hau, eta sor-markarentzat, bultzada handi bat», Gurpegiren hitzetan.

Uzta jasotzeko lanean

Kalean izango da nahikoa pikillo piper, baina nekazariak uzta biltzen ari dira, bete-betean. Jesus Agirre Lodosako Pikillo Piperra sor-markaren presidentea da, eta hura ere biltze lanean egoten da goizero. 140 hektarea landatu dituzte, eta oraindik ezin du aurtengo uztaren balorazio zehatzik egin. «Oraingoz, oso ondo doa».

Datozen asteak garrantzitsuak izango dira haientzat, eguraldian baitago gakoa. «Urria eta azaroa aprobetxatzen baditugu, primeran. Lehenengo izozteak noiz etorriko diren, horrek ezarriko digu muga». Agirrek ere pozez bizi du herriko produktuaren asteburua. Sor-markari eragingo dizkion onurez gain, piperraren festan kaleak jendez beteta ikusteak ematen dio poza.

Pikillo Piperraren Eguna



Gaur eta bihar, Lodosan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.